25 OCT. 2025 - 00:00h Pozoia Xabier Mikel Errekondo Pozoiak beldurra ematen du. Heriotzarekin lotuta bizi dugu, igitaia nola mehatxu bizia… hil artean, gure bizitza erosoa kondena diezagukeen sustantzia hilkorra bezala. Pozoiak historia luzea du mundu zabalean; alabaina, azken urteetan ekialdetik erasotzen du gogorren. Errusiako oposizio kide, espia-ohi, kazetari eta kritiko askoren kontra pozoiarekin burutu erailketen eta erailketa-saiakeren itzalean, Kremlinaren eskua dago (Abramovich oligarka, Navalny korrupzioren aurkako aktibista, Litvinenko espia-ohia eta Yúshchenko Ukrainako presidente-ohia dira Novichok eta dioxinarekin pozoitutako azkenak). Lenin bera hasi omen zen etsaien kontra pozoia erabiltzen, atera kontuak. Pozoiak badu jakintzatik ere. Emakume batzuek naturarekin zuten harremanetik jasotako ezagutza praktikan jarri zuten, eta edabe, ukendu eta pozoiak prestatu, gaixoak sendatzeko. Baina erlijioan oinarritutako gizarte molde bakarrarentzat arriskutsuak zirelakoan, Elizak eta botere politikoak demonizatu egin zituzten, “Sorgin” izendatu eta sutan erre. Emakume izanik ezagutza izatea larrutik pagatu zuten. Pozoiak, alafede, erabilera ugari ditu, baina onerako ala kalterako izan daiteke. Pozoia funtsean eragile bat da likido, gas, erdi-solido edo solido moduan prestatua, baina niri beste molde batekoa zait interesatzen, bitarteko elementu fisikorik behar ez duena norbaitengan eragina izateko, mendetasun ia itsua lortzen duena, giza-erakarmena helburu duen pozoi kognitiboa. Edertasuna, usaina, maitasuna edo sexua dira pozoi indartsuenak, konturatzerako mendetasun eta tximu arteko gurpil eroan gozo lotu zaitzaketenak; behin ezagutuz gero, beti gozatu nahi diren horietakoak, eta faltan ditugunean, amildegira eramaten gaituztenak… Musika eta kirola ere pozoi larriak dira batzuentzat. Aukera, beraz, zabala da, eta ez dira hain txarrak pozoi guztiak. •