24 JAN. 2026 - 00:00h Israelek Somalilandia burujabe eta independentea aitortu du Pantomima sezesionista da? Bide okerretatik hartutako erabaki zuzena? Palestina aitortzearen aldeko argudioak indartuko ditu? Gauza bat argi dago: munduaren berreratze geopolitikoan ondorio latzak izango dituen erabakia da. Somalilandiako Dhanaano herrixkan ur eta elikagai eske bertaratutakoak hartzeko kanpamentua. (Medyan DAIRIEH | EUROPA PRESS) Mikel Zubimendi Bere uztarripean eta kontrolpean duen palestinar herriaren aitortza hainbeste izorratzen duen bitartean, Israelek beste herrien independentzia aitortzearen negozioan sartzea erabaki du. Somalilandia hautatu du horretarako, oraindik ere ofizialki Somaliaren parte izaten jarraitzen duen lurraldea, 1991tik bere autonomia aldarrikatzen eta defendatzen duen entitatea. Iragan abenduaren 26an antzeztutako Israelen aitorpenak mendekutik ere badu. Nazio Batuen Erakundeko estatu gehienak Palestinako Estatuaren hondakinak estatu gisa aitortzen ari direla ikusita, gaiari buelta bat ematea erabaki zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Tel Aviven arabera, hori bai, Somalilandia aitortzea ez da «Somaliaren kontrako ekintza» eta «ez du aldeen arteko elkarrizketa eragozten». Saltzailearena eginez, aitorpena ez dela «desafio ekintza» dio, «aukera» baizik. Netanyahuk lotsagabe plagiatu du Palestina aitortu duten estatuen hizkera. Abdirhaman Mohamed Abdullahi Somalilandiako presidenteari abenduaren 26an egindako telefono deian, «autodeterminazio eskubidearen garrantzia» azpimarratu zuen. Eta Washingtonen dituen lagunak gogoan, Ameriketako Estatu Batuak Somalilandia aitortzera bultzatuko dituela aurreratu zuen. Asmo zitalak atzean Israelgo Nazio Segurtasunerako dokumentuetan Somalilandiaren balioa azpimarratzen da, «ekintza militarrerako eremu operatiboa» eskaintzen duelako. Itsaso Gorrian Israelen aliatu berria da. Zertarako? «Hutien kontrako etorkizuneko kanpaina baterako». Ekonomiarekin eta Israelen erreputazioarekin lotutako arrazoiak ere badira tartean; «mineralak eskuratzeko eta eskualdeko populazio musulmanekin harremanak lantzeko» aukera gisa ikusten dute Somalilandia israeldarrek. Nonbait, gainera, Somalilandiak laguntzaile serioak ditu Mendebaleko think tank eta presio taldeetan. Australian, adibidez, «azken bi hamarkadetan gobernu demokratiko eta baketsua» izan duen lurralde batez hitz egiten dute; are, «hegoalde globalizatuan jarraitu beharreko eredua» dela diote. Alegia, Somalilandia Afrikan beste mugimendu sezesionistak inspiratzeko baliatu nahi dute. Somalilandiaren aitortzaren kontrako ahotsak, egun bat geroago, abenduaren 27an, entzun ziren 21 herrialde arabiar, islamiko eta afrikarrek egindako adierazpen bateratuan. Israelen erabakiak «Itsaso Gorriko eta Afrikako Adarreko bake eta segurtasunerako ondorio larriak» izango dituela ohartarazi zuten, eta nabarmendu Somalilandiaren aitortzak «Israelen nazioarteko zuzenbidearen mespretxu erabatekoa» erakusten duela. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa telefonoz iragartzen Abdirahman Mohamed Abdulah Somalilandiako presidenteari lurraldearen burujabetzaren aitortza. (Israelgo Lehen Ministroaren Bulegoa / EUROPA PRESS)) Israelen erabakiaren atzean asmo zitalak dituen beste zerbait martxan jartzea egon liteke. Adierazpen bateratu horretan bertan, «herri palestinarra bere lurraldetik kanporatzeko ahaleginen aurreko aurkakotasun erabatekoa» aipatzen da. Anwar Ibrahim Malaysiako lehen ministroak ere salatu du «palestinarren bortxazko lekualdatzerako Somalilandia erabiltzea onartezina» dela. Kezka ez da oinarri gabea. Palestinarren zabortegi eta Israelen menpeko estatu bezero izatearen aukeraren aurrean, Somalilandiak ez jakinaren plantak egiten ditu. Salaketok «nazioarteko komunitatea engainatu eta Somalilandiaren aurrerabide diplomatikoa ahultzea» helburu dutela aipatuz. Minak eta ironiak Somalilandiaren independentziaren aldeko argudioak aspaldikoak dira. Eta beste herri askorekin gertatzen den bezala, badu bere Gernika partikularra, Isaaq komunitatearen genozidioa edo “Hargeysako Holokaustoa”, 1987tik 1989ra bitartean gertatutakoa Mohamed Siyad Barre militar kolpista Somaliako presidentea zela. Militarrek Hargeysan 50.000 eta 100.000 zibil artean hil zituzten, eta, min hori ez dute, ez dutenez, erraz ahazten Somalilandian. Isaaq komunitatekoak diren Somalilandiako buruentzat, beren herriaren burujabetasunaren aitortza ez da apustua, beharra da. Ez da diplomazia, biziraupena da. Beraientzat, independentziaren aldeko erabakia ez da erasoa, hautsia eta pitzatua dagoen statu quo-a auzitan jartzen duen jokaldi pragmatikoa da, huts egin duten dogmetan amildu den eskualdean argitasun estrategikoa eskaintzen duena. Eta hartara, Israelek egin bezala, Ameriketako Estatu Batuek eta beste «herrialde arduratsuek» ere babestu beharko luketena. Baina beste herrietan bezala, Somalilandian ere badira, badirenez, historiaren ironiak eta errepikatzen diren akatsak. Isaaq komunitateak kontrolatzen duen Somalilandiak, Muqdisho Somaliako hiriburuaren aurkako erresistentzia justifikatzeko baliatzen dituen jokabideak erreplikatzen ditu: beste etnia eta komunitate batzuei bere aurka egiteko arrazoiak ematen dizkie. Isaaq, Dhulbahante, Warsangeli, Gadabuursi eta Ciise komunitateak, Somalilandia Britainiarra izeneko kolonian bizi izan ziren elkarrekin 1884tik 1960ra; sortze beretik bertakoak ziren guztiak, indigenak denak. Baina 1991tik hona, Isaaq komunitateak dominatu du boterea Somalilandian, beste klanak baztertuz eta zapalduz. Eta horrek gatazka armatu odoltsuak sortu ditu. Somalilandiako presidente Abdirahman Mohamed Abdulahi, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin telefono bidez hizketan. (Israelgo Lehen Ministroaren Bulegoa | EUROPA PRESS) 2022an bertan, Dhulbahante komunitateak armak hartu zituen Hargeysako autoritateen aurka, hain justu Isaaq komunitateak Muqdishoko agintari militarren aurka altxatzeko argudiatutako antzeko arrazoiak tarteko. Eta Hargeysaren erantzuna Muqdishokoaren berdintsua izan zen: presio militarra, biolentziaren erabilera deskontrolatua, eta, azkenean, gerra. Gatazka odoltsuen ondoren, berez Somalilandiakoak ziren Sool and Sanaag eskualdeen sezesioa heldu zen –hurrenez hurren, Dhulbahante eta Warsangeli komunitateen bizilekuak–. Ondorioz, Somaliako Errepublikan autonomia berri bat sortu zen. Abentura arriskutsua Somaliar eta afrikar gehienentzat, Somalilandiaren erabakiak logika politikoa, esperientzia historikoa eta oinarrizko irizpide estrategiko guztiak desafiatzen ditu. Ahots horiek ez dute auzitan jartzen Isaaq komunitateak pairatutako sarraskien eta zigor kolektiboen laztasuna, Somalian beste klan eta komunitate askok ere pairatu dituztenak. Sarraskiek matxinoen mugimendu armatuen sorrera ekarri zuten, asko Etiopiak, Somaliaren aurkari historikoak, lagundutakoak. Denen artean, 1991n, Somaliako Estatuaren kolapsoa eragin eta egundaino luzatu den gerra zibila azkartu zuten. Afrikako ahots horientzat, Somalilandiak Israelen alde erakusten duen tema ez da soilik kaltegarria, desegokia era bada, eta arriskutsuki galarazten du egonkortasuna. Ez da aurrerapen estrategikoa, kalkulu akats larria da. Afrika odolustu duten akats historikoak errepikatzen ditu, barne zatiketak indartzen ditu, eta somaliar lurraldea kanpoko gatazka eta gerren probaleku izateko aukera zabaltzen du. Hain gerrazalea eta gorrotatua den Israelen aitortzak ez du zilegitasunik kontinentean eta nazioartean. Oraingoz, burujabetzarik gabeko sinbolismoa baino ez du eskaintzen, saririk gabeko arriskua. Eta Somaliak bakea, barne kohesioa, berradiskidetzea, eta, nazioarteko konpromiso eraikitzailea behar dituen honetan, abentura geopolitiko oso arriskutsua da. Somalilandiaren independentziaren aitortzaren kasuan, Israelen taktika maltzurkeria estrategikoa da. Somalilandiak 30 urte daramatzalako aitortza bila. 1994an bertan, Somaliako lehen ministro ohi eta Somalilandiako presidente izan zen Mohamed Ibrahim Egalek ofizialki eskatu zion aitortza Israeli. Eskaerak ez zuen erantzunik jaso. Azken hiru hamarkadotan, Israelek ez du interes txikiena erakutsi Somalilandia babesteko. Eta orain aldatu dena ez da Somalilandiaren zilegitasuna eta heldutasuna, eskualdeko ezegonkortasun geoestrategikoa baizik. Afrikako Adarra eta Itsaso Gorria munduko eremu ezegonkorrenetarikoak dira egun: Gazako genozidioa, gazatarren lekualdatze masiboaren eztabaida, Israelen eta hutien arteko gatazka, Bab el-Mandeb itsasartearen gaineko kontrol militarra… Eta hor dago, hain justu, arriskua: Somalilandiako agintariak etekinik ateratzen ez duten kanpo gatazketarako tranpolin bilakatzea. Are, euren lurraldea kontrolatzeko gaitasunik ere ez izatea azkenerako. Zatikatzea, doktrina Eta Israel bada orain Somalian (eta lehen Yemenen edo Libian) gauzatzen ari den proiektu sezesionistaren esku ezkutua? Israelek herrialde arabiar eta islamiarretan muturra sartzea eta paper maltzurra jokatzea aspaldikoa da, konfrontazio militar zuzena baino harago doana. Tel Avivek estrategia zuhurra jarraitzen du, estatuak ahulduz eta gerrak erabat ahitutako herrialdeetako indar sezesionistekin aliantzak josiz. Patroia gero eta argiagoa da, Somalian (Somalilandiako independentzia aitortuz), Yemenen (Hegoaldeko sezesionistekin arituz) eta Libian (Khalifa Haftar jeneralarekin kontaktuak landuz). Urteetan luzatu diren gatazkak jasaten dituzte hiru herrialdeek, baita administrazioaren kolapsoa eta kanpo esku hartzea ere. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Somalilandiako independentziaren aitortza sinatzen. (Israelgo Lehen Ministroaren Bulegoa / EUROPA PRESS) Eta hiru kasuetan, Israelen jokabidea eta eragina ez da ustekabekoa, doktrina estrategiko baten fruitua baizik: herrialde arabiarrak zatitu, itsas nabigazioaren bideak kontrolatu eta bere mesederako eta etekin propioetarako eskualdeko oreka berri bat berrezarri. Israelen doktrina estrategikoa da: suari erregaia bota eta barne gatazkak xaxatu, zertarako eta eskualde zatitu batean etekina ateratzeko. Bien bitartean, jakina, eraso militarrekin eta lurralde zabalkundearekin aurrera jarraitzen du Israelek, izan Palestinan, Libanon edo Sirian. Herrialde arabiarrek israeldar politikei aurre egiteko ahalmen gutxiago daukatelako zatituta egonda, eta Israelentzat errazagoa delako baldintza oportunista okerretan harremanak normalizatzea. Tel Aviventzat mugimendu sezesionista edo independentistak bultzatzea ez da autodeterminazio eskubidea defendatzea, eskualde osoa berriz diseinatzea da; hori bai, parte askoz ere ahulago eta txikiagoetan. Labanak zorrotz Somalilandia, bestalde, Egiptoren saihetsetan labankada israeldarra sartzea da. Turkiaren aurrean labana zorroztea. Irani bezala, Afrika guzti-guztiari mezua pasatzea. Izan ere, 1991n Somaliatik independentzia aldarrikatu zuen lurraldea, geografikoki nahikoa txikia baina geopolitikoki garrantzia itzelekoa da. Israeldarren eta egiptoarren arteko etsaitasunak eta gerrarako grinak eta kalkuluak neurtzeko probalekua da Somalilandia, edo israeldarren eta turkiarren artekoak, edo egiptoarren eta etiopiarren artekoak. Zuzenean borrokaleku bilakatzeko bidean ere egon liteke Somalilandia. Azken batean, eskualde osoaren militarizazioaren atarian egon gaitezke. Gazako gerrak Israelen helburuak zeintzuk diren argi erakutsi du. Lehenik eta behin, Eilateko portua, Itsaso Gorrira duen irteera bakarra, babestea. Yemengo hutien misil eta drone erasoek erabat blokeatu baitzuten, galera ekonomiko latzak eraginez. Horren aurrean, Tel Avivek berriz posizionatu nahi du. Somalilandiak 740 kilometroko kosta kontrolatzen du Adengo golkoaren inguruan, Berberako portu estrategikoa tartean, eta horrek Itsaso Gorriko Bab al-Mandeb itsasartearen ate bilakatzen du. Tel Aviv Itsaso Gorriaren kostalde horretan errotzeak inteligentziako base militarrak kokatzea ekar lezake, Egiptok Somalian duen eragina mugatzea, Turkiak Afrikako Adarrean duena bezalaxe, bere aliatu etiopiarra laguntzea Sudan eta Egiptorekin dituen gatazketan –Nilo ibaiaren gaineko agintea jokoan jarri du Etiopiaren “Pizkundearen Urtegi Handia” egitasmoak–. Israelek epe luzeko bere interes estrategikoak babestea du xede. Eilat portuarekin itsas garraio komertziala eta nazioarteko itsasbideak ziurtatzea; hutien mehatxuari aurre egitea; Itsaso Gorrian eta Adengo Golkoan Irani kontra egitea. Eta Somalilandiak aukera itzelak zabaltzen dizkio bai «Israelen beso luzeari» –aireko indarrei–, bai Somalilandia, Etiopia eta Israel arteko balizko itsas aliantzari.