31 JAN. 2026 - 00:00h «Streets of Minneapolis», ICE-ren aurka (Dave Decker | ZUMA PRESSS- EUROPA PRESS) Ainara Lertxundi «Streets of Minneapolis» da Bruce Springsteenen azken kanta, musikari ezagunak AEBko Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarraren (ICE) errepresioa salatzeko kaleratu berri duena. Hiru asteren buruan ICEk hil dituen Alex Pretti eta Renee Gooden heriotza salatzeko kaleratu du protesta kanta Springsteenek. Sare sozialetan zabaldu duen mezuaren arabera, abestia pasa den larunbatean idatzi zuen -Pretti hil zuten egun berean- eta asteartean grabatu. Asteazkenean bertan kaleratu zuen, «ICEko agenteek zabaldu duten izua ikusita. Minneapoliseko jendeari eta gure bizilagun etorkin errugabeei eskainita dago, baita Pretti eta Goodi ere». Musikariak salatu duenez, «Trump erregearen armada pribatua da ICE». Ez da Springsteenek Etxe Zuriaren migrazio politika salatzen duen lehen aldia. Hilabete honetan bertan, Gobernuak etorkinen kontra «Gestaporen teknikak» erabiltzen dituela salatu zuen, agenteak kontzertuetara, eskoletara, mezetara... joaten baitira. «Nazioaren sorrerako printzipioak ez dira inoiz egun bezain arriskuan egon», nabarmendu zuen.