GAUR8

Genero ikuspegia ikerketan, osasuna bermatzeko giltzarri

Ikerketa zientifikoa da medikuntzaren oinarria, baina ikerketa horrek gizartearen %50 baztertu egin du hainbat mendetan eta horren ondorioak jasaten dituzte emakumeek.

Ezkerretik eskuinera: Alejandra Patiño, Elena Aldasoro eta Irene Alonso, moderatzailearekin batera. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hamar urte bete ditu aurten “Emakumeak zientzian” programak eta antolatutako ekitaldi sorta oparoaren barruan “Genero ikuspegiarekin osasunean ikertzen” mahai ingurua egin zen Donostiako Biogipuzkoa eraikinean. Hiru emakumek hartu zuten parte: Elena Aldasoro, EAEko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako kidea; Alejandra Patiño, Biomedikuntza zuzendaria eta entsegu klinikoen metodologoa; eta Irene Alonso, ikerketa biomedikoan espezializatutako kimikaria, emakumeen osasun kardiobaskularreko eta menopausiaren ikerketa proiektuetan parte hartu duena.

Aldasorok gaiaren aurkezpen azkar bezain argigarria egin zuen, historikoki ikerketa zientifikoan emakumeak kontuan hartu ez izanak haien osasunean duen eragin kaltegarria azaltzeko. Horren adibide, hitzartzea hasteko amu bezala planteatu zuen galdera: “Ikerketa zientifikoak arriskuan jarri al du emakumeen osasuna?”. Ekitaldiaren bigarren zatian, Patiño eta Alonsorekin solasalditxo bat osatu zuen.

Hori bai, gaian sakondu aurretik, komeni da Aldasorok berak egiten duen “sexu” eta “genero” kontzeptuen arteko bereizketa nabarmentzea. Beretzat sexua «ezaugarri biologikoei dagokie, genetikari, fisiologiari». «Desberdintasun biologikoez ari bagara gero eta gehiago dira, orain medikuntza pertsonalizatuarekin are gehiago. Organoen tamaina -emakumezkoenak txikiagoak dira-, bihotzeko arteriak -emakumezkoenak estuagoak eta bihurgunetsuagoak dira-...». Aldiz, generoak «uste eta balore sorta batekin zerikusia du. Konstrukto sozial bat da. Historikoa da, hierarkikoa, eta harremanekin du lotura». «Lehen adibide bat ipintzen nuen: Txinako klase altuko emakumeek hanketan edukitzen zituzten deformazioak gizonezkoentzat edertasun erreferente bat zirelako, eta horregatik bizitza guztia pasatzen zuten sufritzen». Egon liteke marko horrekin ados ez dagoen jendea, baina Aldasorok oinarri horretatik abiatzen du bere irakurketa.

INFARTUEN IKERKETA

Genero ikuspegirik gabeko medikuntza oker baten adibide paradigmatikotzat jotzen da duela urte batzuk espainiar Estatuko zenbait autonomia erkidegotan egin zen miokardio infartu akutuaren inguruko ikerketa. «Zerbait ikertu nahi duzunean adin tarte bat hautatu behar duzu, eta normalean hautatzen duzuna da ikertutako fenomenoa gehien ematen den tartea. Kasu honetan, 25-74 urte artekoa, gizonezkoek infartua izaten duten tartea. Urtebete eman genuen datuak jasotzen, eta epidemiologian beti egiten dugun sexu banaketa egitean ikusi genuen emakumeak %18 bakarrik zirela».

«Orduan literatura errebisatzen hasi ginen, ea diferentzia hori azaldu zezakeen zerbait aurkitzen genuen. Eta noski aurkitu genuela. Batez beste, emakumeen infartuak hamar urte geroago ematen dira, adin aurreratuagoetan. Konbentzitu nuen ikerketaren zuzendaria beste adin tarte bateko datuak biltzeko. Adin tartea aldatuta, ikusi genuen emakumezkoen ehunekoa %30era igotzen zela», gaineratu zuen Aldasorok.

Baina ezustekoak ez ziren hor amaitu. «Ikusi genuen emakumeak gehiago hiltzen zirela proportzioan. Infartua izateko probabilitatea txikiagoa zela, baina izandakoan hiltzeko probabilitatea gizonezkoena baino handiagoa zela». «Hori ulertu nahian aldaera asko sartu genituen analisietan. Eta ikusi genuen birbaskularizazio-tratamendua, infartu kasuetan aplikatu ohi den tratamendu estandarra, gutxiagotan aplikatzen zitzaiela emakumeei. Eta ikusi genuen tratamendu hori jaso edo ez markatzen duen faktore garrantzitsuena denbora dela. Alegia, emakumeok geroago iristen ginen erietxera. Eta horrek zerikusia du sexuarekin eta generoarekin».

«Sexuari dagokionez, infartuak desberdinak dira gizon eta emakumeetan. Emakumeetan infartuak adin aurreratuagoetan ematen dira eta sintomak ‘atipikoak’ dira. Mina masailezurrera zabaltzen da gehiago, ez dago bularraldean horren lokalizatuta, beste gaixotasun batzuk egon daitezke... Baina gero generoarekin lotutako kontuak daude. Adibidez, infartu bat izateko aukera ez da askotan emakumeekin lotzen, ez profesionalen aldetik ez emakumeen aldetik. Hori medikuen aurrean esaten dudanean ez zaie gustatzen, baina onartzen dute ez dutela berdin ekiten gizonezko batek bularraldean min duela esaten dienean edo emakume batek esaten dienean. Hitzaldiren batean emakumeren batek kontatu izan dit 24 ordu ibili zutela erietxean gora eta behera», aipatu du adituak.

Aretoaren ikuspegi orokorra. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Gaineratu zuenez, asko dago egiteko oraindik -«Interneten ‘infartu’ bilatzen baduzu, irudien %80 gizonezkoena dira, ikerketa hori duela 18 urte egin genuen eta gauza batzuek berdin jarraitzen dute»-, baina urrats batzuk antzematen dira: «Ameriketako Estatu Batuetan emakume talde dezente daude sindrome koronarioa ikertzen eta dirudienez gizonetan obstrukzio koronario hori bortitzagoa da eta horregatik nabaritzen da min handi hori. Aldiz, emakumeetan obstrukzioa mantsoagoa da eta odol jarioa ez da kolpetik eteten. Horregatik, diote, detekzio instrumentuak ere aldatu egin behar direla. Kateterismoak, detekziorako egiten den proba, ez baldin badu horrenbeste sentsibilitate emakumeentzat, agian beste proba batzuk erabili beharko dira, adibidez ekografia intrabaskularra».

BESTE ADIBIDE BATZUK

Oso argigarria den arren, infartuena ez da zientziaren androzentrismoa, eta osasunaren kasuan gaixotasunak gizonen esperientzien arabera lantzeak, emakumeentzat dituen ondorioen adibide bakarra.

Haurdunaldiarena izan daiteke beste bat. Elena Aldasorok talidomidarekin 1950eko eta 1960ko hamarkadan gertatutakoa ekarri zuen gogora. Haurdun zeuden emakumeei ematen zitzaien lehen hilabeteetan, baina kalte ugari sortu zituen umekiengan eta azkenean merkatutik kendu zuten. Gaiaren inguruko epaiketak hamarkadatan luzatu ziren. «Haurdunaldiaren beldur hori beti hor egon da», dio Aldasorok. «Haurdunaldi garaian jartzen diren tratamendu gehienak ez daude behar bezala frogatuta. Entsegu klinikoak egin behar dira, oso kontrolatuta».

Entsegu klinikoetan egon izan den diskriminazioa ere deigarria da. «‘Bikiniaren medikuntza’ deitu izan zaio. Ugalketa arloa ikertzera mugatu izan dira emakumeekin egindako saiakera guztiak, eta beste arlo guztietan gizonezkoen berdinak garela pentsatu izan dute, entsegu klinikoetatik kanpo utziz. ‘Nature’ aldizkariak 2010ean argitaratu zuen ikerketa bat: ikerketa biomedikoetan lagin ar gehiago erabiltzen dira emeak baino, bai animalietan zein entsegu klinikoetan. Beraz, emakumeei eskaintzen zaien medikuntza ebidentzian gutxiago oinarrituagoa dago gizonezkoei eskaintzen zaiena baino. Gaur egun, kontsideratzen da zelula bakoitzak sexua duela. Gizon baten eta emakume baten zelulak desberdinak direla. Horregatik, ezin dira berdin tratatu», azaldu zuen.

Eta berdin gertatzen da zenbait tratamendu pertsonalizatzerako garaian. «Minbiziaren tratamenduan desberdintasun handiak egon daitezke, gene bat edo beste aktibatu daitekeelako, adibidez, eta sexu batean eragin handiagoa izan bestean baino. Horren ondorio negatiboa da emakumeok albo-kalte eta konplikazio gehiago ditugula farmakoekin».

Beste modu batera esanda: «Medikuntzan nola sortzen da ezagutza? Ikerketarekin. Ikerketa alborapenekin eta zorroztasunik gabe egiten bada, hortik sortuko den ezagutza okerra izango da eta hori oinarri hartuta burutuko den medikuntza ez da egokia izango». Somnifero baten adibidea jarri zuen. «Gizonezkoek esperientzia positiboa zuten, baina emakumezkoek ez. Kontua da dosi bera ematen zitzaiela gizon eta emakumeei, gizonezkoek goizerako jada metabolizatua zuten, efektuak igarota, baina emakumeek ez, odol kantitatea txikiagoa delako, urdailak desberdin lan egiten duelako...».

AITZINDARIEN LANA JARRAITU

Zorionez, izan dira mendez mende eman den diskriminazio horren aurka borrokatu diren emakumeak, eta Aldasorok horietako batzuk omendu nahi izan zituen bere hitzaldian: Alice Lee matematikari ingelesa -inteligentzia garezurraren tamainarekin lotzen zuen ustea gezurtatzeko egindako lanagatik ezaguna-, Leta Stetter psikologo estatubatuarra -hilekoak emakumeak ezgaitzen zituela zioen mitoa zientifikoki ezeztatu zuen, bere doktore tesiarekin frogatu baitzuen ez zuela eraginik ez lan-errendimenduan ez adimen-errendimenduan- eta Josephine Butler ingelesa -gizonezkoak ez gaixotzeko prostitutak atxilotu eta mediku-azterketak egitera behartzen zituen Gaixotasun Kutsakorren Legea indargabetzeko kanpaina zuzendu zuen- .

Aspaldiko kontuak dira, baina arloz arlo aitzindari horiei jarraipena ematearen garrantzia azpimarratu zuen Aldasorok. «Kanadako azterlan famatu bati, ‘zulodun hodiaren teoria’ deitzen diote: koskak igarotzen joan ahala emakumeak desagertzen joaten dira. Gradua, graduondoa, doktoretza... Urrats bakoitzean emakume ikerlariak galtzen doaz, gizonentzat pentsatutako ibilbidean erortzen joaten dira». Kontziliazioa, zaintzaren ardura... arrazoiak asko direla aipatu zuen, baina badela horri aurre egiteko garaia. Eta adimen artifizialaren mehatxua ere jarri zuen mahai gainean. «Desberdintasunak anplifikatu egiten ditu. Alborapenak dituen edukiz hornitzen baduzu, emaitzak ere alborapenak izango ditu».