Ahoskatu gabekoez

Plastikotasun mugarik gabeko baten bihurguneetan, haur baten garunak bat, bi, hiru hizkuntza batera barneratzeko gaitasuna du, zero eta zazpi urte artean. Hortik aurrera, ixten hasten da hizkuntzaren mekanismoei zabaldutako garuneko leihoa. Semeak atzo bete zituen sei, eta pentsatu dut zein ote den Isiltasunaren Jabekuntza Aroa, ba ote dagoen adin mugarik isiltasunak gure bizitzetan esaten digun guztia asimilatzeko.

Isiltasun eskari bat zegoen gure negarrei onomatopeiaz, goxo, «Xxxx», erantzundako bakoitzean; «haunditzen zeranean/ikusiko dezu/isilik egoteak/zenbat balio dun». Isiltasuna dago literaturan: Rodriguezen pertsonaien artean; Canok pentsatzen eta esaten ez diren gauzak aipatzen dituenean; Jaiok bistaratzen dituen harreman-moldeetan. Isiltasuna dohaina da gorputz batzuetan, akatsa beste batzuetan. Isiltasunak ezdeus sentiaraz gaitzake ezer esan ez dugulakoan, baina, agian, hori baino ekarpen handiagorik ez dago: entzutea. Isiltasun askok “hitz egin behar dugu” esan nahi dute. Isiltasuna izan daiteke inposizio, mehatxu, koldarkeria konplize, injustizia etiko, baina baita babes-mekanismo ere.

Uste dut nik gainditzeke dudala ikasgai hori: zaila zait hezurdurak eta giharrek eta gantzak eta azalak osatzen didaten etxe honen barruan emozioei eustea, hitzen determinaziorik gabe. Bai, behintzat, etxearen zimenduak astintzen dizkidatenean. Eta ez naiz ari iritzia etengabe emateko beharraz; ziurgabetasunean bizitzeko ezintasunaz, baizik.

Diot nik, munduko mekanismo ia denak isiltasun(ar)en gainean eraikita baldin badaude, ni ere gai izango naizela nire olatuei nire dike propioekin eutsi eta isiltasuna aliatutzat hartzeko, tarteka behintzat. Zeren, hitzarekiko gehiegizko konfiantza dugunok ere badugu hizkuntza isil hori, lexikorik eta gramatikarik gabea, gorputzetikoa. Eta, hori bai dela ziurgabea: zer eta zenbat aitortzen ote dugun, ahoskatu gabe. •