Dakhla turismoaren paradisua, marokoar askoren amesgaiztoa
Dakhla hiria aipatzean bertako sahararrek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketa sistematikoa eta turismo elitista aipatzen dira, baina gutxi hitz egiten da iparraldetik etorritako marokoar arrantzaleek bizi duten egoeraz. Benetako amesgaiztoa bizi dute askok.

Deus ere gertatzen ez den tokian gauza asko gertatzen direla erakusten du Dakhlako Sebha auzoak. Lurmuturraren puntan dagoen arrantzale auzoa da. Dakhlako korronte bortitzek ospe txarra zuten bertan soldaduska egin zuten espainiarren artean. Hemen, Sebhan, are bortitzagoak dira eta olatuek itsaso barnerantz egiten dute tira. “Errespetu” ere esan nahi du “itsaso” hitzak hassaniera zaharrean.
Gutxi dira oinak hondarretatik urruntzen dituzten herritarrak. «Urtean hiruzpalau pertsona itotzen dira, denak hemengoak eta igerian trebeak. Arrantzale onak! Zenbat etorkin irensten dituen urtean itsasoak, Alak bakarrik daki», dio Boujari dendariak.
Sebhak sarrerako ate aurrean du itsasoa eta bertatik pasatzen dira lanera doazen arrantzaleak edo bertan bizi direnak. Denak txiroak eta gizarte segurantza gabeak. Turistarik ez dago hemen. Bertako itsasgizonen gorabeherak ondo ezagutzen ditu Boujarik, bai eta gasolioaren prezioa, ontziek izandako matxurak, zenbat arrain eta zer motatakoak ekarri dituen ontzi bakoitzak... Garai batean bera ere arrantzalea zen, aita hiltzean, anaiak Maroko iparraldeko Meknes hiriaren inguruan lursail batzuk saldu ondoren diru pixka bat bidali zion arte.
Orain Sebhan bizi da, baina «aberatsak bezala», bere aluminiozko tabako eta txikle kiosko txikian. Poliziaren kuartela ondoan du eta jendarmeak ere bezero ditu. Are, jendarme askok Boujariren txokotik ikusten dute nor datorren eta nor doan. Esana didate Boujarik Poliziarentzat egiten duela lan. Toki eta lanpostu aproposa du horretarako, eta ez dut zalantzarik horrela denik.
Arrantzale ia denak Maroko iparraldetik etorritako kolono txiroak dira. Sebha bertan bizi dira hondakinekin egindako etxoletan. Batzuek aluminio ona dute paretetan, beste batzuk itsasoan kulunkan aurkitutako egur eta plastikoekin egindakoak dira. Komunik ez dute etxolek eta, hala, kiratsa darion zulo bat konpartitzen dute auzotarrek. Gorputza garbitzeko, berriz, itsasoko ur gazia erabiltzen dute.
Brahimek ezin du lanik egin bizkarreko mina dela eta. 60 urte inguru izango ditu, eta behin eta berriz esaten dit garai batean sasoian zegoela. Bere etxean te gozo bat hartzera gonbidatu nau. «Barkuak datozen bakoitzean arrairen bat eskatzera joaten naiz. Arrantzaleon artean solidarioak gara, argi baitakigu gure arteko laguntza besterik ez dugula; Rabat ez da hona iristen. Gazte nintzela hemen gertu bizi zen Souleyman zaintzen nuen, orain dela urte batzuk hil zen arte. Ez dakit zenbat urte izango zituen, baina oso zaharra zen. Orain gainontzeko arrantzaleek badakite ezin dudala lanik egin, itsasoan eta lehorrean ez dut ezer aurkitzen. Lan den-denak beltzek hartuta dituzte», dio Brahimek. «Beltzek hartuta» esatean ea zer esan nahi duen galdetu diot, eta, eskua aho parean jarriz, «mafia» hitza esan du baxu. Ez du hitz egin nahi.
Brahimekin itsaso alderantz noa pasieran, ea ontziren batek afaltzeko arrainen bat ematen digun, afaltzera ere gonbidatu bainau. Gainezka datoz: urraburuak, durdoak eta beste. Urraburu handi bat eman digu ontzi txiki bateko patroiak hondartzan lehorreratu bezain pronto. «Itsasoa lehortzen ari dira barku handiak», esan dit Mouloud patroi gazteak. Hiru semeren aita da eta Dakhlan, hirian, bizi da, aitaren etxeko hirugarren pisuan. Umea zela hasi zen itsasoan lanean eta beste ezer ez omen du egin bizitza osoan. Baina kexu da itsasoa «gero eta agortuago» dagoela. «Sare handiegiak erabiltzen dituzte kanpotik etorritako barkuek eta guretzat gero eta arrain gutxiago eta eskasagoak uzten dizkigute», dio Mouloudek sarea jasotzen duen bitartean. Bere bizitzaren berri ematean ari zait jator asko, baina bat-batean isildu egin da. Polizia etorri da ingurua ikuskatzera, eta, turista bat bertan ikusita, harritu eta normalean baino gehiago gerturatu da; galdezka hasi dira jendarmeak. Pasaportea eskatu ondoren, Boujariren dendaren aurrean den auto grisa nirea ote den galdetu didate. Baietz esan eta turistarik gabeko Dakhlako lekurik itsusienean zer demontre egiten dudan galdetu didate. Betiko mezu bera errepikatu didate: «Hemen ez dago ezer zuretzat. Kite-surf egiteko gunea hiriaren sarreratik 15 kilometrora dago. Hemen ez dago deus ere ez turistentzat».
Brahim eta biok aldendu egin gara, Moulouden barkua atzean utzita. Brahimen etxeko atarian, teilatu moduan egur pusketa soil bat duen tokiari atari deitzerik badago behintzat, urraburua prestatu dugu. Beste arrantzale batzuk agertu dira jakin-mina ase nahian. Batzuk haserre daude eta beste batzuk, Brahim tartean, egoera lasaitzen saiatzen dira. Haserre daudenak espioia izan naitekeela esaten dute; beste batzuek, aldiz, kazetaria. Gauza gaiztotu baino lehen banoala esan diot Brahimi; atsekabez hartu du nire erabakia. Bidean, autoraino lagundu dit, arrantzale batzuk harriak botatzen hasi direlako. Autoa bete-betean jo dute. Bortizki garrasi egin didate, eta, Poliziaren aurrean harrikadaka ari bazaizkit ere, ez dute ezer egin.
MAFIEK MAFIAK LAGUNTZEN DITUZTE
Mahfoud Ali Brahim Ahmedek, Saharako presidente Brahim Galiren tribu berekoa dela oso argi utzi dit elkartu bezain pronto. «Erguibat tribukoek beti izan dugu politikarako eta negoziazioetarako joera», azaldu dit aireportutik gertu duen etxean. Arrain lantegi batean lan egin zuen erretiroa hartu arte. Bi behatz falta zaizkio. «Latetan sardinak sartzeko makina zahar batek harrapatu zizkidan, baina astebetera berriro lanean ari nintzen. Ez nuen kontraturik izan sekula, eta erretiroa enpresa galiziar bat lantegia ustiatzen hastean eman zidaten, 71 urterekin. Orain badut pentsio txiki bat, baina gure sostengu handiena semeak Kanarietatik bidaltzen digun dirua da. Ontzi batean lanean dabil eta itsasotik ikusten gaitu kostaldera gerturatzean. Preso egon zen eta aske gelditzean patera bat hartu eta Hierroko kostara iritsi zen. Zenbat hilabete igarota Polizia etorri zen etxera norbaitek Polisarioaren bandera bat zuela esan baitzuen; berriro kartzelara sartu nahi zuten. Ezingo da bueltatu eta ez dakit berriz ikusiko dudan, ni ezin naiz-eta hemendik atera», dio Mahfoudek.
Saharako eta Marokoko arrantzale askorekin lan egindakoa da Mahfoud, eta ondo ezagutzen du sektorea. «Mafia espainiarrak elikatzen du Saharako mafia marokoarra, eta alderantziz», adierazi du ozen, inori beldurrik izango ez balio bezala. «Olagarroak ilegalki, inongo kontrolik gabe arrantzatzen dituzte. Ondoren, galiziarra dela esaten duten kaxetan izozten dituzte!», azaldu dit lurrean eserita. «Hala ere, okerrena Saharaz hegoaldeko pertsonekin egiten dutena da. Esklabo bezala lan egiten dute askok. Mauritanian hartzen dituzte engainatuta, Nuadhibun; gau oso bat autoz desertuan bueltaka ibili eta ezerezaren erdian uzten dituzte, eta argiari jarraitzeko esaten diete, beste aldean norbait izango dutela zain. Beste aldeko ‘norbait’ hori arrain lantegietako enkargaturen bat da, eta hartu eta lantegian sartzen dituzte zorra handitu zaien aitzakian. Lantegian lan egin behar izaten dute zentzurik ez duen zor hori kitatzeko. Amaitzean Lagüerara eramaten dituzte [herri espainiarra izandako abandonatutako gunea, Nuadhibutik sei kilometro eskasera dagoena eta egun militar mauritaniarrek kontrolatzen dutena]. Lagüerara!!! Toki horretatik kilometro eskasera egoten dira zain gixajoak. Engainatuta lan mordoa egin behar izaten dute beste norbait aberasteko. Hori Polizia marokoarrak harrapatu eta isuna jartzen ez badie! Horrek, jakina, zorra bikoiztuko die! Gauez soilik ikus ditzakezu esklabo berriok, jateko zerbaiten bila merkatura joanda, Poliziarengandik ihesi beti. Zain zer zuten jakin izan balute, oinez aterako ziren Mauritaniatik! Saharan mafia guztiek elkarrekin lan egiten dute: arrantza, legez kanpoko immigrazioa, prostituzioa, drogak eta beste kontrolatzen dituzten mafiak elkarrekin aritzen dira. Sinbiosi ederrean bizi dira!», dio haserre Mahfoudek.
Europar Batasunak onartu egin zuen 2023ko txosten batean Marokorekin adostutako arrantza osoaren %83 okupatutako Saharan egiten dela. Euro bakarra inbertituta, Europako arrantza ontziek 3,3 euro lortzen dituzte. Europatik datorren diruaren %95 lurralde okupatuetako enpresetan geratzen da, atzerriko edo erregimenaren menpean dauden lantegietan hain zuzen. Arrain lantegion dependentzia izugarria dugu Europan. “Itsasontzi-faktoria” handiek Saharan arrantzatzen dute, eta, ondoren, Europako portu handienetan manufakturatu. Txikiagoek, aldiz, Dakhlan bertan egiten dute arrantzatu ondorengo prozesu osoa, Estatu espainolean baino zazpi aldiz merkeago ateratzen baita arraina bertan prozesatzea. Hori begi bistan dauden estatistikak kontuan hartuta soilik, inon agertzen ez diren eta argitaratu nahi ez diren zenbakiak inork ez baitakizki.
Makro-estatistika horiek buruan ditut etxetik gauerdian atera naizenean. Autoa hartu eta itsasertzera joanda, ilunpean sigi-sagaka ikusi ditut itzalak, janari poltsa zuriekin hondartzan desagertzen, aluminiozko etxoletan sartzen. Estatistiketan sekula agertuko ez diren parion istorioak makrozenbakiek ezkutatzen dituzte «inoiz deus gertatzen ez den» toki honetan.





