Telmo Peñil, handi pentsatzen duen mago gaztea
Telmo Peñil 14 urteko gazteak bere magia galaren bigarren edizioa prestatu du Donostiako Elaienean, 470 lagunentzako edukiera duen aretoan. Iaz Lugaritz beteta, aurten espazio bikoitza hartu du. Kartekin, usoekin eta hamaika ezusterekin mundu liluragarri batean sarraraziko dituzte ikusleak.

Hamahiru urterekin magiako izen handiak biltzea lortu zuen Telmo Peñil donostiarrak iaz, bere lehen magia gala handian. Arrakasta haren ondotik, aurten apustua handitu du: 250 pertsonarentzako lekua duen Lugaritzetik Elaieneara, 470 lagunentzako areto ederrera. Gaur zortzi da hitzordua eta sarrerak eta informazio guztia Lagrangala.es webgunean daude eskuragarri.
Egunkarira etorri zaigu sekula elkarrizketatu dugun pertsonarik gazteenetakoa. 14 urte ditu, txikitatik gustatzen zaio antzerkia eta urtebetetze batean lehenengo magia jolasa oparitu ziotenetik ez dio ikasteari utzi. «Aritz Petri irakasle izateko zortea eduki dut. Asko maite dut eta eskerrak ematen dizkiot».
Familiarentzat eta lagunentzat ikuskizunak egiten zituen ume-umetatik eta magiaz asko irakurtzen zuen jada. Geroago, kongresuetara joaten hasi zen, lehenengo entzule eta duela hiru urtetik kongresukide gisa ere bai. «Osabak eta familiak beti lagundu didate eta asko eskertzen diet».
DEFINIZIO BAT
Magiak definizio asko izan ditzake eta Peñilena ederra da: «Pertsona bati emandako zerbait da. Momentu horretan, magia ikusten ari denean, bere bizitzan dituen arazoak ahazten ditu, magian kontzentratzen da, eta mirariez disfrutatzen du». Berak hurbileko magia egiten du gehienbat eta kartak, txanponak eta bestelako elementuak baliatzen ditu. «Publikoarengandik oso gertu egoten naiz mahai batean, metro bat baino gutxiagora. Gertuko magia asko gustatzen zait eta beti izango da nire ustez hoberen moldatzen naizena, baina gauza berriak probatzea ere maite dut. Mundu zabala da magiarena, jendeak pentsatzen duena baino askoz zabalagoa».
KALITATEZKO GONBIDATUAK
Datorren larunbateko ikuskizunean, Peñilekin batera igoko dira oholtzara Alain Zulaika Elgoibarko mago eta aurkezlea, Katapulta saria irabazi duena; Bartzelonako Alvert Vidal, Fimag sari entzutetsuaren jabea; eta Alvaro Cortes, Magia Sari Nazionala irabazi duena espainiar eta frantziar estatuetan. Agertoki ugaritara eraman du bere estilo klasiko eta zaindua, tartean telebistara (Clan Clubeko kolaboratzailea da). Bera ere Bartzelonatik etorriko da eta usoekin egingo du magia.
Ekoizle gazteak denetarik egin du gala antolatzeko: «Lehenengo lekua aukeratu, jabearekin hitz egin, eta bitartean paper asko bete. Gero, artistekin egon, eta azkenik nire parte gustukoena: promozioa eta galari begirako lan artistiko guztia».
Bere gala antolatzea amets bat zen mago gaztearentzat eta oso pozik dago. Joan den urtean sarrera guztiak saldu zituen eta primeran atera zen. Juan Capilla, Two Baskos (Katapulta sariaren irabazleak) eta Rubi Ferez eta Fernando Nadal bikotea (Espainiako Sari Nazionala eta mikromagiako bigarren munduko saria). Gainera, oihartzun handia izan zuen hedabideetan eta Luis Piedrahitak lagundu zion, egitasmoa bultzatzeko bideo bat eginez. Aurten, aurrerapauso bat emateko asmoa du, «beti egin behar delako gehiago, zailtasunak pasatuz».
«Magian beti hobetzen da eta ikasten da zerbait berria eta hori oso polita da, niri behintzat asko gustatzen zait. Beti aldatzen ditut magia jolasak», adierazi du.

Datorren larunbateko gala prest dauka eta ikus-entzuleei asko gustatuko zaiela espero du. «Adin guztientzako ikuskizuna da, eta oso ondo pasatuko dute txikiek zein handiek. Magia estilo askoz gozatuko dute eta barre pila bat egingo dute. Lehen esan dudan bezala, arazoak alde batera utzi eta magia ikusiko dute».
Umorea magiaren ezaugarri garrantzitsuetako bat da, publikoaren parte-hartzearekin batera. Ez du sobera kontatu nahi galari buruz, sorpresa izan dadin, baina parte-hartzailea izango dela aurreratu du. «Joan den urtean asko parte hartu zuen jendeak. Jolas bat egin genuen denok batera. Hori ona da, ze horrela denek ematen diote zerbait galari».
JOLAS BAT
Magia ikusleen artean bi mota bereiz ditzakegu: trukoa zein den asmatzen saiatzen direnak eta, besterik gabe, magoari eramaten uztea eta magian sinestea nahiago dutenak. «Ni beti saiatzen naiz magiaren puntutik begiratzen, nahiz eta jada oso zaila egiten zaidan, ze gauza asko dakizkit», azaldu digu.
Gerriko poltsatik kartak atera eta magia jolas bat egin digu argazkilariari eta bioi, eta magoaren eskuen ahalmenarekin kartek bizia hartu dutela iruditu zaigu. Karta xume batzuekin bertze leku batera eraman gaitu. Zalantzarik gabe, bigarren ikusle motakoak gara gu.
Euskal Herrian badago magoen elkarte bat. Telmo Peñilek ere parte hartu izan du bertan eta kontaktuan jarraitzen du haiekin. «Oso ondo dago, ikasi nahi duen jendeak hortxe bertan daukalako. Elkartu, eta konferentziak ematen dituzte».
Ezkontzetan, ospakizunetan eta jaietan egiten ditu gazteak magia jolasak, «tokatzen den lekuan, eta beti prest gehiago egiteko».
MAGIAREN KULTURA
Joan den urtean kexatu egin ginen, ze ez dago magiaren kultura askorik, baina magia kulturaren parte da. Gobernu espainiarrak magia arte eszenikoetatik kendu zuen eta sekulako iskanbila sortu zen», oroitu du magiaren kulturaz galdetzean.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako kasketak aurrera eramaten dituen bitartean, Telmok beti du magia buruan. «Ahal dudanean kartak hartzen ditut edo irakurtzen jartzen naiz, magia jolas berrien bila. Nire bizitzaren parte handi bat betetzen du magiak, eguneroko zerbait da. Orain, gala gertu dagoela, horretan pentsatzen dut etengabe».
Agertokira igotzean pozarren jartzen da, eta gala puntako artistekin partekatuko duela oroitzeak kili-kilia egiten dio.

GAZTEEI AUKERA BAT
«Beti gertatzen zait hasieran, gaztea naizela ikusita, jendeak egingo dudana kutreagoa izango dela pentsatzea, baina gero, ikustean, harritu egiten dira».
Bere ekimen miresgarriagatik zoriondu dugu, eta aipatu dugu gazteen ekimen falta kritikatu ohi dela. «Arazoa hor dago: ez diete txikiei halako gauzak egiten uzten, baina nik uste dut aukera bat eman behar zaiela, halako proiektuak aurrera eraman ditzaketelako», defendatu du.
«Ez dizut galdetu beharrik handitzen zarenean zer izan nahi duzun, ezta?», bota diogu. «Niretzat magia lan bat baino gehiago da, eta, gutxienez, beti nigandik gertu egotea, nirekin bizitzea, nahi dut. Baina ez dakit zertan lan egin nahi dudan. Magiaz bizi banaiteke, poz handia emango lidake honetan lan egiteak. Magia karrerarik ez dago, baina bai honekin lotutako ikasketak, arte eszenikoak kasu».
Bera ikustera joaten badira ere, aitortu duenez, Telmo Peñilen hurbilekoek ez dute magia ikuskizunetara joateko ohitura handik, eta «pena da».
GONBIDAPENA
Gaur zortziko gala handirako gonbidapena luzatuz agurtu da: «Elaienean izango da, Donostiako eskola batean. Ni beste artista batzuk ikusten egon nintzen eta aretoa oso handia eta ederra da».
«Denetarik egongo da eta jende guztia animatzen dut etortzera: haurrak, gazteak, gurasoak, aitona-amonak... Etorri! Artistek ez dute asko hitz egingo, ikuskizuna bisuala izango da gehienbat. Horregatik, uste dut txikientzat ere oso polita izango dela», adierazi du magoak.

Erreparazio kolektiboa, Orioko kasutik ikasten

«Turismoaren auzia zure oporretan jokatzen dela pentsatzea norbere zilborrera begiratzea da»
Ezer berririk ez
Pedro Sanchez, pistako txirrindularia

