
Bilboko Udalak ‘Uda on’ adinekoei zuzendutako proiektu pilotua antolatu du, parte hartzea, loturak sortzea, gozamen partekatua eta bakardade egoeren prebentzioa bultzatzeko asmoz, uda sasoiak pertsona horien ohiko ohiturak, harreman espazioak edo eguneroko laguntzak murriztu daitezkeelako. Guztira, 84 lagunek hartuko dute parte uztailean eta abuztuan talde bitan banatutako esperientzia horretan.
Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, parte hartzaileek ez dute mendetasun maila aitorturik, baina gizarte edo harreman ahultasuneko egoeran daude. Esperientzia astean egun bitan egingo da (astelehena eta osteguna), egunean bi ordu eta erdiko saioetan, Abandoko Adinekoen Zentroaren lokaletan.
Esperientziaren helburu nagusia ez da izango jarduerak berak egitea, baizik eta jarduera horiek aukera gisa baliatzea parte hartzaileen arteko harremanak sendotzeko. Konfiantza, partaide izatearen sentimendua, elkar ezagutza, babes informala eta komunitatearekiko lotura sustatu nahi dira.
Premisa horrekin, besteak beste, musika, mugimendu leuna, mahai jokoak, irakurketa, solasaldiak, artea, elkarrizketa, ibilaldiak, ongizate tailerrak, kultur jarduerak edo belaunaldien arteko proposamenak izango dira.
Ekimena Bilbo Adinekoekin adiskidetsua den hiria Planaren Talde Eragilean sortu da, ez proposamen tekniko edo instituzional batetik, baizik eta Adiskidetasun Planean parte hartzen duten adinekoek beraiek adierazitako kezka batetik. Talde horrek identifikatu du topaketa, aisialdi eta harreman aukerak sortu behar direla udan bakardade egoeran, parte hartze sozial eskasarekin edo harreman lotura ahulekin egon daitezkeen adinekoentzat.
Zehaztu dutenez, ‘Uda on’ ez da laguntza baliabidea, ezta mendetasunari arreta emateko zerbitzua ere, baizik eta «prebentziorako eta harremanak egiteko proposamena, taldeko jardueretan parte hartzeko autonomia nahikoa daukaten baina beren bizitza soziala berreskuratzeko edo indartzeko laguntza, pizgarriak eta aukerak behar dituzten pertsonentzat».
Proiektuaren helburua da parte hartzen duten adinekoek etxetik irten ahal izatea, beste pertsona batzuekin topo egin ahal izatea, ondo pasatzea, errutina positiboak berreskuratzea edo hastea eta komunitatearekin daukaten lotura indartzea, aisialdiko, kulturako eta harremanen sustapeneko jardueren bitartez, eta, aldi berean, haien ongizate emozionala, parte hartze soziala eta bizi-kalitatea bultzatzea.


