GAUR8

Duela 150 urte hil zen Bilintx bertsolaria, granada batek eragindako zauriengatik

Duela 150 urte zendu zen Indalezio Bizkarrondo Ureña ‘Bilintx’ bertsolari eta poeta (Donostia, 1831-1876) granada batek eragindako zauriengatik. Sei hilabete luzez sekulako oinazeekin egon zen, urtarrilean karlistek Arratzain menditik botatako granada bat etxeko leihotik sartu zitzaionean.

Indalezio Bizkarrondoren argazki bakarra.
Indalezio Bizkarrondoren argazki bakarra. (ARANZADI ELKARTEA)

«Suerte txarrekoa, itsusia, desamodioari erraietatik kantatzen ziona. Horren bueltan eraiki da Bilintxen irudia. Baina hori
baino gehiago izan zen Indalezio Bizkarrondo Ureña (Donostia, 1831- 1876). Gai sozialei zorrotz abesten zien, barre aise egiten zuen, parranda eta lagunartea maite zituen eta bat-bateko bertsolaria zen. Bilintxen bertso sozialetan garaiko Donostiaren erretratua ikus daiteke, euskaraz eta bertsotan», idatzi zuen Amagoia Mujikak 2011n GAUR8an bertan, Indalezio Bizkarrondo jaio zela 190 bete zirenean

Gaur 150 urte dira zendu zenetik. Gillermo Joakin Indalezio Bizkarrondo hiritarra eta kaletarra zen erabat eta ez zuen zortzi abizen euskaldunen zigilua, aitona andaluzarra zuelako. Ezinezko amodioari erraietatik abesten zion bertsolari
eta poeta erromantiko modura iritsi den arren gaur eguneraino, estereotipotik haratago joan beharko genuke, Bilintx
amodioari ez ezik, gai sozialei eta garaiko Donostiari idatzi zielako modu zorrotzean.

Nikolasa Erkizia Makazagarekin ezkondu zen 38 urte zituenean eta hiru seme-alaba izan zituzten. Bilintx arotza izan zen lehendabizi, gero Antzoki Zaharreko atezain izan zen urte askoan eta, gainera, emazteak eta biek denda bat zeukaten antzokiaren parean bertan.

Bere erretratu bakarra gordetzen da. Suerte txarrak eta ezbeharrak markatutako bizitza izan zuen. Azken atala, heriotza ekarri zion ezbehar larria: 1876ko urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, karlistek Arratzain menditik botatako granada bat sartu zitzaion leihotik etxera. Granada lehertu eta zangoak moztu omen zizkion. Sei hilabete luzez sekulako oinazeekin egon ondoren hil zen, 1876ko uztailaren 21ean.