Beroaldia gurekin

(Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA)

Izuak jo du. Bizi dugun udararen bero arraroa, «bero garaikidea» deituko duguna, askorentzat jasanezina izan da. Beroaldia pasako bada ere, beroaren esperientzia honek arrastoa utzi du. Inpaktu kolektibo handikoa izan da. Askorentzat esperientziak utzitako ikasketa eta eginkizuna zera da: beroaldia gogorra izan da gure espazioak ez daudelako ongi egokituak beroaldietara. Nagusiki etxebizitzak eta hainbat aktibitate ekonomikoren espazioak egokitu beharko dira eta dagoeneko haizagailu, eguzki-oihal eta aire girotutako eskaerek eztanda egin dute. Beroa denon ahotan dago eta sortu duen arduragatik komunikabideak arkitekto eta hirigileei galdezka ari dira, medikuari gaixotasunaren sendabideagatik galdetzen zaion antzera, ea zer den egin behar den datorren beroaldia hobe igarotzeko.

Egun berotsuek argi utzi dute etxeak berotik nola babestu badakigula, erabiltzaileok neurri batean espazioaren klima-konfortaren kudeatzaile garela. Eguzkiaren erradiazio zuzena ekidin dugu lehenik, eguzki-oihalik ez badugu pertsianaren bitartez. Helburua: eguzki-izpia leihoaren beiratera iristea ekiditea. Beroa etxe barnera sartzea eragotzi behar dugu dauzkagun trikimailu guztiekin. Ilunpetan bizitzeko egunak, etxea inoiz baino babeslekuago bihurtuz. Agian, ohartu gara behin beroa etxean sartuta, aire-korronteen laguntza behar dugula ateratzeko. Korronteak sortzen ibili gara orientazio desberdinetako leihoak parez pare zabalduz. Ekintza horiei guztiei “arkitektura babesleku pasibo” deitzen zaie, eta pergola, galeria, patio, aire-tximiniekin batera joka daiteke eraikinen formaren eta diseinuaren bidez etxearen freskatze aukerak eta eguzki-babespenak ahalbidetzeko.

Egia dena da, etxe askoren fatxada-paretari dagokionez, paretaren osaeraren arabera zailago eutsiko zaiola beroari, zenbait isolamendu sintetikok behin berotzen direnean ez diotelako beroari eusten eta barnera sartzeko ezaugarri fisikorik ez dutelako. “Inertzia termiko” esaten zaio tenperatura gordailu izateko ezaugarriari, gure paretek galdu dutena. Egunean zehar pilatutako beroa gauez gutxinaka botatzeko gaitasuna duten materialak alboratu ditugu.

Kaleetan ere esperientzia argia bizi izan dugu. Ikusi dugu zuhaitz askok osatzen duten multzoaren azpiko itzala freskagarria dela, uraren presentziak giroa hobetzen duela eta aire-korronteak beroa arintzeko lagungarria izan daitezkeela, asfaltaturiko edo azulejaturiko terraza zabalek bero irradiazioaren isla egiten dutela eta bero kantitatea handitzen dela (bero-irla efektua). Ez dugu hirigile bat behar jakiteko zein kale edo zonetan den konfort klimatikoa hobeagoa eta zein faktorek eragiten duten positiboki eta negatiboki.

Noiz ahaztu genuen udaran bizi, egon eta lan egiteko, espazioak eguzkiaren erradiaziotik babestu egin behar direla! Klima kontuan hartzen duten herrien eta eraikinen adibideak nonahi ditugu, baina teknologiak posible egiten du arkitekturaren eta klimaren arteko harremana lausotzea, eta horrela egin dugu azken mendeko arkitektura-erabakietan. Aire girotuak salbatuko gaituelakoan. Kontrara, baliteke datozen urteetan bioklimatikako jakintza berreskuratzeko goraldia etortzea. •