Ispilu jolasa
Denbora luzea ematen dugu gure esku ez dagoena (bertzeak) aldatzen saiatzen, baina bitartean ez dugu gure esku dagoena (gu) aldatzeko pausorik ematen. Libre izatera kondenatuta gaudela erran zuen Sartrek. Beti hartzen dugu erabaki bat. Eta preso bizitzeko ere erabiltzen ahal dugu gure askatasuna.
Partekatzen dugun mundu zabal honen barrenean, norberak bere mundutxoa du, bere bizipen, irudi, amets, beldur, sinesmen eta ikasketekin. Eta topatzen garenean brilloa ematen diogu elkarri, bertzeekin harremanetan ikasten dugu eta eraikitzen dugu gure nortasun eta barne mundu aberatsa.
Ispilu jolas horretan, ezinegona sortzen diguten egoerek gure zirrikituak non dauden seinalatzen digute, eta gure irekidura luze eta estu horiek, oraindik ikusi ez ditugun arrakala edo pitzadura horiek, gure barnera sartzeko, ikasteko eta hobetzeko bidea erakusten digute.
Haurrak ordu bat, bi, hiru... darama legar magikoarekin jostetan. Playmobileko pertsonaiak tsunami handi batek harrapatu ditu. Eskerrak urpekari abilak salbatu dituen. Baina ez dago atsedenik, bahiketa bat gertatu da eta lagunek ongi antolatu beharko dute bahitua onik aterako bada. Aitatxi ondoan dago eta tarteka zerbait egiteko eskatzen dio umeak, bere mundura gonbidatuz. Hala, bi munduk bat egiten dutenean, fantasia handitu, esajeratu eta irri ozenak sortzen dira.
Egia da, haurraren mundua miresgarria da. Azalak ere ez du beti gaztaroko brillorik. Baina Elvira Sastrek idatzi bezala, urteak betetzean ez dugu zertan itzali; aski dugu inguruko argiaz elikatzea eta gu ere bertzeentzat argia izatea.
Bertzeen ispiluan dirudiguna eta garena ez dira maiz bat etortzen. Gure barne ispilua ere okertzen da eta gaizki-ulertuak sortzen ditu. Bertzeengan proiektatzen dugu aunitzetan, norberarena ikustea baino errazagoa egiten zaigulako, baina zein dira gure zirrikituak? Zertan ari gara gu? •

Espainol ez-nazionalista baten adierazpena (parodikoa, edo ez hainbeste)

«Motorra eta martxak aldatu behar zaizkio abertzaletasunari, softwarea aktualizatu behar da»

«Udan nabaritzen da jende gehiago dabilela, baina ez da garai batean bezala»

«Gerra Zibilak etena ekarri zuen euskal kulturara, baina ez zen basamortua izan»

