Trump, Rosalia eta zuritasun ateoa
Erlijioaren presentzia publikoaren hazkundea gero eta nabarmenagoa da Mendebaldeko gizarteetan. Fenomeno konplexua da, eta askotariko esparruak zeharkatzen ditu: ezkerra eta eskuina, pop kultura eta estatu-politikak, espiritualtasun indibidualizatua eta fundamentalismo antolatua. Gorakada horren barruan, itxuraz elkarrengandik urrun dauden joerak nahasten dira: gazterik apenas duten elizak eta TikToken islamofobia zabaltzen duten nerabe kristauak, aita santu antiabortista, homofobo eta “ezkertiar”-arekiko debozioa, askapenaren teologiari aurre egiteko indartu zen ebanjelismoaren hedapen geldiezina Hego Amerikan edo Israel Jainkoak hautatuko herria dela aldarrikatuz justifikatzen diren genozidioak. Fenomeno horiek guztiak elkarren artean lotuta badaude ere, egungo erlijio-berpizkundea behar bezala ulertzeko, ezinbestekoa da haien arteko aldeak bereiztea.
Bereizketa hori egiteko, hiru kategoria proposatzen ditut, jakinda ez dutela fenomenoa agortzen: estatuaren eta erlijioaren arteko aliantza autoritarioa, neo-sinestun mediatikoak, eta erlijio-praktika antirrazistak. Kategoria horiek ez dira tipologia zorrotz edo behin betikoak, baina artikulu motz honetan erlijioaren gorakada azaltzeko eta haren barruko joera nagusiak bereizteko baliagarriak direla uste dut.
Estatuaren eta erlijio antolatuaren arteko aliantza autoritarioa Trumpen MAGA mugimenduak, Netanyahuren estatu genozidak edo Milei Argentinako presidenteak egiten duen karguaren erabilerak ordezkatzen dute. Kontua ez da presidente horiek sinestunak diren indibidualki, baizik eta botere politikoa eta erlijioa uztartzen dituztela estatuaren autoritatea, nazionalismo ultraeskuindarra, politika baztertzaileak edo ekintza militarrak justifikatzeko. Trumpek 2025ean White House Faith Office sortu zuen kristauen aurkako erasoak ezabatzeko, nazionalismo kristau ebanjelikoa estatu politika bihurtuz. Hego Amerikan gero eta ugariagoak diren eskuineko gobernuek ere joera hori jarraitzen dute, agenda moral kontserbadorea antikomunismoarekin, militarismoarekin eta neoliberalismoarekin uztartuz. Sionismoak bere genozidioa justifikatzen du munduko komunitate judu askoren interpretazio erlijiosoen aurka, eta Milei bezalako jarraitzaile patetikoek harro babesten dute doktrina presidente karguaren bidez proiektu ideologiko eta geopolitiko krudelenak sakralizatuz.
Neo-sinestun mediatikoak, ordea, beste gauza bat dira; celebrity horiek fedea identitate, estetika, sendabide pertsonal edo marka kultural gisa erakusten dute. New Age logikaren ondorengoak dira, erlijioa beren testuinguru historikoetatik askatu, esperientzia espiritual indibidual bihurtu eta merkatuak kontsumitzeko produktu bihurtzen dutenak. Horren adibide dira “Motomamia” zena moja iluminatu plantak egiten, Ernesto Castro filosofoaren biraketa espirituala eta aita santuari idazten dizkion amodio eskutitzak, edo Amadeo Llados gymbro iruzurgilea jainkoaren bidea jarraitzea bere 2.000 euroko kurtsoa erosi eta burpee-ak egitea dela predikatzen.
Horren guztiaren beste aldean komunitate arrazializatuen praktika antikolonialak daude. Praktika horiek komunitate arrazializatuak, kolonizatuak edo migratzaileak sare erlijioso eta espiritualetan antolatzen direnean gertatzen dira, eta oroimena gordetzeko, komunitatea saretzeko eta asimilazioari aurre egiteko balio dute. Horren adibide dira territorioaren defentsan dauden indigenen espiritualtasuna, estatu kolonialek jazarritako komunitate afrikarren erlijioak (maiz kristautasunean kamuflatzen zirenak errepresioa ekiditeko), Ameriketako Estatu Batuetako eskubide zibilen aldeko mugimenduari lotutako eliza beltzak, edo diaspora musulmanak Euskal Herrian ramadan garaian antolatzen duen komunitatea islamofobiari aurre egiten. Praktika horiek ez dira automatikoki emantzipatzaileak, kritika behar dute eta badakit komunitate barruko ahots asko daudela horretan, komunitateon benetako transformazio bat bilatzen, eta ez gutako askok egiten dugun bezala arrogantzia zuritik mespretxatzen.
Beharrezko ikusten dut azaldutako hiru kategoriak bereiztea, erlijiosotasunaren itzulera erreakzionarioa borrokatu behar dugulako, baina horren aurrean “erlijio oro txarra da” esatea sinplekeria arrazistan erortzea delako. Estatuaren eta erlijioaren arteko aliantza autoritarioa, neo-sinestunen marketina eta komunitate zapalduen praktika kolektiboak zaku berean sartzeak ez du erreakzioa ahultzen: haren arrazakeria eta logika kolonialak indartzen ditu. Ezker antirrazisten zeregina ez delako fedea abstraktuki epaitzea, baizik eta praktika bakoitzak zer botere-harreman sostengatzen edo desafiatzen dituen aztertzea kritika feminista, antirrazista eta antifaxista zentroan jarriz. •

Espainol ez-nazionalista baten adierazpena (parodikoa, edo ez hainbeste)

«Motorra eta martxak aldatu behar zaizkio abertzaletasunari, softwarea aktualizatu behar da»

«Udan nabaritzen da jende gehiago dabilela, baina ez da garai batean bezala»

«Gerra Zibilak etena ekarri zuen euskal kulturara, baina ez zen basamortua izan»

