
Kantabriako Laredo herrian bizkaitar ugarik du etxea. 2006ko uztailaren 27an gas leherketa batek tragedia bat eragin zuen kostaldeko herri honetan: hasieran bost hildako aipatu ziren, euretatik lau bizkaitarrak.
60 urteko senar-emazteak eta 37 urteko haien alaba –hirurak Bilboko bizilagunak–, 93 urteko Getxoko emakume bat eta haren zaintzailea, 43 urtekoa eta Erandion bizi zena, aipatu ziren hasieran. Azkenean sei izan ziren hildakoak eta beste zazpi zaurituak.
2014. urtean, Santanderreko Zigor Arloko 2. Epaitegiak eman zuen ebazpenean, hiru urteko kartzela-zigorra ezarri zion sukaldeko plakaren instalatzaileari eta hamaika hilabeteko kartzela-zigorra bere lankideari Laredoko Jai Alai eraikin hartan eragin zuten leherketagatik.
Epaiak frogatutzat jo zuen bi akusatuek gas naturaleko sukalde plaka bat jarri zutela eraikineko gas zerbitzua propanoa zenean. Trebakuntza egokirik gabe eta instalatzaile baimenduak ez ziren arren, instalazioa aldatu zuten.
Konexioa egin ondoren, gasaren giltza ireki eta ateratzen zen sugarra gehiegizkoa zela ohartu ziren. Orduan, alde egin zuten, jabeari arriskuaz ohartarazi gabe. Ez zuten ixteko giltza itxita zegoela begiratu, ezta ere loturagatik gas-galerarik gertatzen ez zenik ziurtatu.
Ordu batzuk geroago, goizaldean, leherketa bat izan zen etxebizitzan, gas propanoren isuri batek eraginda. Gasa etengabe galtzen zen. Leherketa eragin zuena, ordea, hozkailuaren erreostatoa izan zen: martxan jartzean txinparta bat sortu zuen.

«Motorra eta martxak aldatu behar zaizkio abertzaletasunari, softwarea aktualizatu behar da»

Espainol ez-nazionalista baten adierazpena (parodikoa, edo ez hainbeste)
