Meteorito batek harrapa gaitzala
Lerrook idazterakoan ordu batzuk baino ez dira pasa hautsak harrotu dituen eklipsetik, eta nekez idatz dezaket azken egunotako hizpide ia bakarra ez den beste ezertaz. Izan ere, asteak daramatzate prentsako hedabideek fenomenoarekin matraka ematen, eta, bide batez, munduaren errealitate gordina ilargiaren itzalaren atzean zokoratzen. Bitxia izan da. Historian gutxitan gertatzen omen da hiru esferak lerrokatzea. Bitxikeria hutsal bat iritzi publikoaren arreta desbideratzeko baliatzea, aitzitik, botere mediatikoaren ohiko trikimailua da. Orain gertakizun astronomiko bat izan da, baina futbol txapelketa bat ere izan liteke, edo ezohiko bero bolada bat, kontua da jendea entretenituta izatea. Ogia eta zirkua.
Zerura begira eduki gaituzten bitartean, orain arte ezagutzen genuen munduaren oinarriak kolokan zeuden. Israel eta AEBko haren aliatuak Ekialde Hurbil osoan egiten ari diren genozidioak ez du merezi izan egun hauetan albiste-erredaktoreen arreta, ez Palestinako garbiketa etniko etengabeak, ez Libanoko hegoaldeko eraso hilgarriek, ez Iranen kontrako mehatxu belikoek. Marokotik Ceutako kokaleku kolonialera milaka lagun bidali dituzte jokaldi geoestrategiko batean, mugaz gaindiko eraso bat egiteko beharko liratekeen balek baino balio gutxiago daukatelako, eta haien bizitzek ere ez dute foku mediatikoa erakartzeko bezainbesteko garrantzia. Eskuin muturra harrotuta dabil, Europan, Ameriketan, nonahi; eta faxismoaren gorakada horren ildotik, estatuetako gobernuak askatasun politiko eta zibilak arrapaladan murrizten ari dira, ahots kritiko oro kriminalizatzeko, ia ongizatearen gizartea murrizten duten abiada berean. Zalantzazko etorkizun baterako lasterketa zoroan gabiltza.
Datorkiguna iluna da, eguzkirik gabeko eguna bezain iluna, eta gu bitartean eklipseari begira, kartoizko antiojoen atzean seguru gaudelakoan. Eta nago ez ote genukeen lehenago bukatuko meteorito batek harrapatuko bagintu. •



