Zinemaldiak ez diezagula pelikularik kontatu
Euskal Herriko zinema-aretoetan 2023ko abenduan estreinatu zen “Golda”, Israelgo lehen ministro izandakoaren gorazarrerako film luzea. Golda Meir mugimendu sionistaren aitzindariaren biografia Gazako sarraskiaren zurrunbiloaren erdian pantailetara ekarri izana ez zen, inondik inora, halabeharrezkoa izan. Aitzitik, mundu osoko iritzi publikoa Palestinan eraildako hamarnaka mila zibilengatik asaldatuta zegoenean, erregimen sionistak propaganda-makineria jarri behar izan zuen martxan, eta garbikeria-estrategia horretan paper nabarmena jokatu zuen zinemagintzaren negozioak. Garai hartan, Gasteizko zinema bateko arduradunak aitortu zidan, nahi izanda ere, ezin ziotela politikari ukrainarraren filma emateari uko egin, film-banatzaileek behartu egiten zituztela bigarren mailako pelikula hori proiektatzera, arrakasta komertziala izan zezaketenak eman ahal izatearen truke. Izan ere, “Golda”, aurreikusita zegoen bezala, porrota izan zen kritika aldetik zein ikuspegi komertzialetik, baina areto gehienetan astetan izan zen ikusgai.
Sionismoaren mende bateko historian zinemagintza kontakizun hegemoniko bat eratzeko ezinbesteko tresna izan da, entretenimendutik harago, proiektu kolonizatzailea justifikatzen duen narratiba eraikitzeko baliabidea. Horregatik, genozidioaren testuinguruan buruzagi sionista bati buruzko pelikula zabaltzea halabeharrezkoa ez zen bezala, orain ere, ez da menturazkoa Donostiako Zinemaldiko epaimahaian Dana Blankstein Cohen zuzendari israeldarra sartu izana. Epaimahaikidea Sam Spiegel Zinemagintza Eskolako ordezkaria da, erregimenaren erakunde batekoa.
Asko izan dira zinemagintzaren industrian euren jarreraren bozgorailua Palestinako genozidioa salatzeko baliatu duten artistak, eta ez dira gutxi horregatik bazterkeria pairatu dutenak. Horietako asko izan zitezkeen Zinemaldiko epaimahaikide, baina ez, jaialdiko arduradunek erregimen genozidaren funtzionario baten aldeko hautua egin dute, eta erabaki horrek nabarmen kokatzen ditu lubakiaren alde batean. Iazko edizioaren bueltan Zinemaldiak adierazpen instituzionala egin zuen «genozidioa errefusatzeko»; urtebete geroago adierazpen hark pelikula txar baten gidoia dirudi. •

AZTIk Kontxarako garatutako arrisku indizearen xehetasunak ezagutu ditugu

«Herri eraikuntza, herrigintza eta euskara dira benetan gure lurraldetasuna»

Antzerkizale Feministen Topaketa, batera egoteko eta gozatzeko zita irekia
Zer ez duten egingo, zer bai, eta zer egingo dugun

