GAUR8

Nola aurre egin teknofaxismoari

Ilustrazioa: YERAY GASCON

2026ko apirilaren 18an argitaratu zuen Alex Karpek, Palantirreko sortzaile eta zuzendariak “22 tesiak” izenez ezagutzen den manifestua. Manifestu hori, “The Technological Republic” liburuaren sintesi bat besterik ez da. Bertan baina, Estatuaren eta defentsa-softwarearen enpresen arteko integrazio erabatekoa proposatzen du. Argudiatzen du Silicon Valleyk zor moral bat duela bere gorakada ahalbidetu zuen herrialdearekin, eta bere ingeniari-eliteak nazioaren defentsan parte hartzeko betebeharra duela, elite hori bera kritikatuz “app hutsalak” eraikitzen aritu delako, Estatuarekin segurtasun nazionalean lankidetzan aritu beharrean.

Testuak enpresa teknologiko handien eta Pentagonoaren arteko fusioa eskatzen du, biak batera erabakiak har ditzaten lehen soilik gobernuarenak ziren gaietan, nahitaezko soldadutza eta berrarmatzea defendatzen ditu, eta disuasio nuklearraren ordez softwarean eta adimen artifizialean oinarritutako disuasio berri bat proposatzen du. Dokumentuak, inplizituki, kontrol demokratikoak saihesten dituen Estatuaren erreforma osoa egiteko borondatea du, eta horrek kritiko askok programa teknofaxista gisa argi eta garbi kalifikatzera eraman ditu.

Bigarren Mundu Gerraren erdian, 1944. urtean, Karl Polanyik “The Great Transformation” (Eraldaketa handia) idatzi zuen. Bere lanak jasotzen duen faxismoari buruzko diagnostikoa ez da arkeologia historiko hutsala, logika estruktural baten anatomia baizik: gerra arteko totalitarismoak ez ziren aberrazio irrazionalak izan, merkatu-kapitalismoaren krisiari emandako erantzun sistemikoak baizik.

Polanyirentzat, merkatu autorregulatua gizartetik erabat askatzen denean -ekonomiak giza harremanen mende egoteari uzten dionean-, horrek eragiten duen gizarte ehunaren suntsipenak babes-mugimendu bikoitz bat sortzen du ezinbestean. Kontua ez da mugimendu hori iristen den ala ez, baizik eta zer forma hartzen duen: demokratikoa edo autoritarioa. Polanyiren teoria eguneratzeak edo bere begirada erabiltzeak agian lagunduko digu Palantirren mugimenduak une honetan hobeto pentsatzen eta ulertzen; dena azkar mugitzen ari den honetan, balizko une teknofaxista bat errealitate bat izan daitekeelako, ez bada dagoeneko.

I. PALANTIR UNEA DIAGNOSTIKO POLANYIAR GISA

Polanyirentzat, faxismoa «kapitalismo industrialaren hasieratik berezkoa zen birus antidemokratikoaren adierazpenik berriena eta bortitzena da», merkatu gizartearen erakundeek berekin baitakarte gobernu herritarraren edozein forma desegiteko beharra. Palantirren manifestua ez da beraz anomalia bat, birusa ikusgai egiten duen momentua baizik.

Gerra arteko analisian, Polanyik dinamika zehatz bat identifikatu zuen: demokratizazio politikoak merkatuaren eta politikaren arteko bereizketa mehatxatzen zuen, eta elite kapitalistek faxismoa aukeratu zuten, kapitalismoa demokrazia suntsituz babesteko neurri erradikal gisa. Gaur egun, logika hori arkitektura tekniko berri batekin agertzen da berriro. Peter Thiel, Palantirren sortzaileetako batek, argi eta garbi adierazi du kapitalismoa eta demokrazia liberala bateraezinak direla, eta Trumpen proiektuarekin duen aliantza ez da istripu bat, baizik eta helburu bakarra duten bi proiekturen arteko konbergentzia objektiboa: boterea oligarkia baten esku kontzentratzea, “gobernatzeko eskubide naturala” duela uste baitu.

Polanyik horri “irtenbide totalitarioa” deitu zion; gizartea botere kapitalista absolutuaren pean bateratzea, ekonomiaren eta demokraziaren arteko bereizketa zapalduaz. Hain zuzen ere, Palantirren manifestuak proposatzen duena, baina ingeniaritza, betebehar moral eta zibilizazio diskurtso batekin.

II. DETERMINISMOA TAKTIKA IDEOLOGIKO GISA

Polanyi bereziki argia izan zen determinismo ekonomikoaren funtzio ideologikoari buruz. Merkatu autorregulatua gertaera natural eta saihetsezin gisa aurkezten da, ez eraikuntza politiko gisa. Palantirren manifestuak eragiketa bera errepikatzen du, tonu militarista-teknologikoan.

Bere puntu nagusiek logika determinista itxi bat erabiltzen dute: «Ez da neutraltasun teknologikorik egongo», «galdera ez da ea adimen artifizaldun armak eraikiko diren», «demokraziek ezin dute diskurtso moralaren mende soilik egon». Ikuspegi horrek aukera politikoak gertaera natural saihetsezin bihurtzen ditu, eta sistemaren zalantza eztabaida legitimoaren eremutik ezabatzen du.

XX. mendeko 30eko hamarkadan ongizate-estatuaren suntsipena “lege ekonomiko” gisa aurkezten zuen mekanismo bera da. Alternatibarik ez dagoela konbentzitzen zaituztenean, bilatzeari uzten diozu. Erresistentziaren lehen ekintza, beraz, determinismo hori fikzio politiko gisa izendatzean datza, ez errealitatearen deskribapen gisa.

III. MUGIMENDU BIKOITZA ETA BERE EGUNGO FORMAK

Polanyiren kontzepturik indartsuena ekintzarako mugimendu bikoitza da: merkatu autorregulatuaren hedapenaren aurrean, gizarte-ehuna suntsitzen duena, gizarteak ezinbestean kontrako joera babeslea sortzen du. Baina babes horrek bi forma erabat desberdin har ditzake: faxista -kapitala demokrazia suntsituz babestea- edo sozialista -ekonomiaren demokratizazioa-.

Palantirren manifestua XXI. mendeko forma faxista da. Ez du 30eko hamarkadako masa-indarkeria uniformerik eskatzen -ez du behar-, baizik eta zerbait sofistikatuagoa: zaintza masiboa, datuen analisia, adimen artifiziala, iritzi publikoaren manipulazioa eta disidentziaren errepresioa metodo sotil baina eraginkorren bidez.

Erantzun polanyiarra ez da erresistentzia hutsa. Mugimendu bikoitzaren forma demokratikoa sustatzean datza: teknologia gizartean berriz txertatzea, kontrol kolektiboaren mende jarriz, merkatuak eta makina militarrak haren gainetik jar ez daitezen.

IV. LANARI BURUZKO ISILTASUNA SINTOMA GISA

Palantirren manifestuak ez du hitz bakar bat ere esaten langileei, sindikatuei, antolatzeko eskubideari buruz. “Ingeniaritza-eliteaz”, “betebehar moralaz” eta “kultura atzerakoiez” hitz egiten duen dokumentu batean, ez dago lekurik algoritmo horiek eraikitzen dituzten eta aldi berean horien zelatatzea pairatzen dutenentzat. Isiltasun hori ez da kasualitatea. Langileen eta beren eskubideen gaia inplizituki baztertzen dutela aitortzen dute horrela. Silicon Valleyko greba orokor bat proiektu honen amesgaiztoa litzateke.

Polanyirentzat, langile-mugimenduaren desartikulazioa izan zen -krisi-garaian bloke politiko kontrahegemoniko bat eraikitzeko ezintasuna- faxismoa irteera bakar gisa aurkeztea ahalbidetu zuena. Ikasgai bera aplikatu daiteke gaur egun: langileen sindikatuak, bereziki eremu teknologikoetan eragina dutenak, lanaren antolaketa kolektiboko beste modu batzuekin batera, konfrontazio-lerro garrantzitsuenetako bat dira.

V. HIERARKIA ZIBILIZATORIOA NUKLEO IDEOLOGIKO GISA

Polanyik identifikatu zuen faxismoak menderatze teknologikoaren forma elitista bat lortu nahi duela, estatu berdintzaileek lor ezin dezaketena, eta liberalismoaren XIX. mendean sortutako atomizazio eta dislokazio ekonomikoari irtenbide bakar gisa aurkeztuz. Palantirren manifestuaren 21. puntuak hau eguneratzen du zehazki: «Kultura batzuek aurrerapen erabakigarriak egin dituzte, eta, beste batzuek, berriz, disfuntzionalak eta atzerakoiak izaten jarraitzen dute». Esaldi hori arrazismo kolonialaren oinarri teorikoa da, «zibilizazioaren kudeaketa arrazionalaren» estalkipean menderatzea justifikatzen duena -“gizon zuriaren zama” delakoaren logika bera, orain algoritmoen eta big data-ren hizkuntzan erreproduzitua-.

Hori esplizituki izendatzea, arrazismo kolonial digitalizatua bezala identifikatuz, beharrezko ekintza politikoa da, oraindik ere zalantzak dituztenen aurrean deslegitimatzeko.

Polanyiri esker dakigu faxismoa ez datorrela politikaren gehiegikeriatik, baizik eta politikaren hustuketatik: ekonomia jendartetik erabat askatzen denean, faxismoa berrantolaketa bortitz gisarako tresna bezala agertzen da. Palantirren manifestuan diotena antzeko helburuarekin dago egina. Horren aurrean, erantzunak ezin du kritika intelektuala bakarrik izan -beharrezkoa baina ez nahikoa-, baizik eta komunitate politikoari kontrol teknologikoa itzuliko dioten erakundeen eraikuntza, pazientzia estrategikoarekin.


Zer egin?

1. Eztabaida publikoaren birkokapena

Manifestua tekniko-estrategiko gisa aurkezten da. Den bezala izendatu behar da: burujabetza teknologikoa behin betiko ezabatu nahi duen klase-programa politiko bat. Polanyik galdera hauek egingo lituzke: nork erabakitzen du? Noren mesedetan? Zer gainbegiratzerekin? Ez dira galdera teknikoak.

2. Teknologia burujabetzaren koordinazioa

Eremu teknopolitikoko sareak eta software libreko proiektuen eta erakunde kooperatiboen konstelazioak mugimendu demokratikoaren formak dira. Horrela artikulatu behar dira: ez soilik merkatuaren alternatiba gisa, baizik eta azpiegitura teknologikoaren gaineko kontrol sozialeko erakunde gisa. Egituratze horiek, eremu publikotik laguntza erabakigarri eta planifikatuarekin batera, aurrera egiteko eta oligarkia horiek atzera egiteko modua lirateke.

3. Langileen interesen defentsa sektore teknologikoan

Langile teknologikoen antolaketa babestea estrategikoki zentrala da. AEBko No Tech for ICE mugimendua, edo Google, Amazon, Meta bezalako konpainietako langileen antzeko ekimenak adibide ona dira; Polanyik funtsezko palanka gisa ikusten zuenaren baliokide garaikideak dira. McKenzie Warkek definitzen duen hacker klasea, klase bektorialistaren aurka antolatzea da zereginik garrantzitsuena. Imajina al dezakegu teknologiaren, informazioaren, datuen kudeaketaren, komunikazioaren eta administrazio telematikoaren arloetako langileen greba orokor bat?

4. Kontratu publikoen haustura

Gobernuaren kontratu bakoitza hiltzeko eta deportatzeko makinaren finantzaketa-iturri zuzena da. Finantza-fluxu hori gelditzea da konfrontazioaren lehen lerroa. Horrek administrazioei presio zuzena egitea dakar, heriotzaren oligopolio horretako enpresekin dituzten kontratuak berrikus ditzaten eta kontratazio publikoak lehenets dezan eremu publikoko edo langileen eta herritarren kontrol demokratikoaren pean dagoen azpiegitura subiranoa.

5. Askatasuna, erantzukizun kolektibo gisa

Polanyirentzat, faxismoa, dimentsio soziologikoan, sozialismorako edozein joera ezabatzeko gizartearen egitura eraldatzeko ahalegin bat da, eta bere filosofiaren eta soziologiaren arteko lotura pragmatikoa demokraziaren erakundeen suntsipenean dago. Erantzuna, orduan, ezin da defentsiboa soilik izan. Argi eta garbi zehaztu behar da zer-nolako erakunde demokratikoak eraiki nahi ditugun kontrol teknologikorako: gainbegiratze algoritmiko herritarra, datu-azpiegituraren jabetza kolektiboa, gobernantza parte-hartzaileko ereduak eta beste.