GAUR8

Ariketa gela


Gure etxetik gertuen dagoen gizarte etxeko ariketa gelan zazpi makina daude: korrika egiteko zinta bat, hiru bizikleta estatiko, bi eliptika eta arraun egiteko makina bat. Nahikoa, “gimnasio-gimnasioak” asko balioesten ez dituenarentzat. Batzuetan, eguraldi txarra baldin bada kanpoan eta zeregin gutxi etxe barruan, hara joaten naiz eta han pasatzen ditut pare bat ordu, atso-agure fidelagoen aldamenean. Eta ez-hain-atso-agure ez-hain-fidelen aldamenean ere bai. Eszena dibertigarriak eta atsegingarriak sortzen dira askotan: bizikletako aulkia igotzeko edo jaisteko laguntza eskatzen dio batek ondokoari; aurikularrak ondo konektatzen asmatu ezinda pasatzen du beste batek ordubete, aita santuari buruzko bideoak ikusten, nola egin esplikatzera joaten zaion arte norbait; kantinplora erortzen eta zabaltzen zaio beste bati, eta lurra lehortzeko toalla eskaintzen dio norbaitek; korrika egiteko zintaren «pi-pi-pi» soinuak molestatzen diolako komentarioren bat egiten du besteren batek; ispilurik gabeko paretari begira lasai eragiten die pedalei jendeak...

Kirola egiteko modu diferente bat sumatzen da airean, han-hemen ikus daitezkeen kirol gune gehientsuenekin konparatuta. Orkatilak, belaunak, gerriak, besoak mugitzera joaten da jende gehiena, eta denbora pasatzera ere bai; nahikoa, gorputza mugitu eta lasai egotea balioesten duenarentzat.

“Kirola egitea” zera indibidual, performatibo eta gaixogarri baten antza hartzen ari den aro honetan, poza ematen dit hankak nekatzeko aukera izateak halako espazio batean, non kidetasun bat existitzen den, ispiluak, tripodeak, telefonoak eta sareetako publikazioak partekatzetik haratago. •