Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Glizinen ikuskizuna hasi da Japoniako Ashikagako Lore Parkean

Apirilean eta maiatzean zehar loratzen dira glizinak, baina hain justu egun hauetan daude ederren. Tokiotik gertu dagoen Ashikagako Lore Parkean 350 glizina-zuhaitz daude, kolore desberdinetakoak, eta urtero milaka bisitari erakartzen ditu garai honetan.

Sarritan, udaberria naturak oparitzen digun ikuskizun koloretsua bilakatzen da. Japoniako hanamiak ezagunak dira mundu osoan, sakurak loratzen direnean haiek ikustea ohitura baita. Baina horien garaia pasata, orain beste lore batzuen edertasuna behatzeko unea iritsi da.

Glizinak, neguan enbor lehor soilak direnak, kolorez jantzi dira, maitagarrien ipuinetatik ateratako eszenak oparituz.

Ashikagako Lore Parkea, Tokiotik iparraldera, horiek ikusteko leku aparta da, 350 glizina zuhaitz baititu. Batzuk 100 urte baino gehiago dituzte. Zuhaitzik zaharrenak 160 urte ditu.

Brittany Nichole eta Desiree Aleisha parkea bisitatzera joan diren bi lagun dira. «Lore guztiak loratuta ikustea oso desberdina da. Polita da, ederra da. Egia esan, ez dago hitzik paisaia hau zein polita den deskribatzeko», dio Nicholek.

Hain justu horretaz ari ziren hitz egiten elkarrizketatuak izan aurretik. «Zera kontatzen ari nintzen, glizina handia ikustera joan garenean, munduko zaharrena dena, nabaritu dut nola malkoak etortzen zitzaizkidan. Ez dakit, uste dut bizitzan behin ikusteko zerbait badela. Ia ia negar egin dut», aipatu du Aleishak.

«Inoiz, nire bizitza osoan, ez dut halakorik ikusi, hitzik gabe gelditu naiz, hala da», gehitu du Nicholek.

Urtaro bakoitza ospatuz

Kolore ohikoenak lila eta morea badira ere, arrosak, horiak eta zuriak diren glizinak ere badaude parke honetan.

Glizinak ’Fuji no hana’ edo Fuji-lore bezala ezagunak dira Japonian. Lore Parkean, egunean zehar ederrak izateaz gain, iluntzean ere gozatu daitezke argiztatu egiten dituztelako.

Japoniak bere lorategiak asko zaintzen ditu eta urtaro guztietan ederrak izaten saiatzen dira. Urtaro bakoitza dagokion loreekin ospatu egiten dutela esan dezakegu.

«Glizina usaindun burukoak, glizina giltzarriak edo glizina izozkiak egiten dituzte. Polita da loreak flotatzen ari direlako, ezta? Oraina ospatzeko une aproposa dirudi», iritzi du Sonia Paulek, parkeko beste bisitari batek izozki lila bat eskuan duela.

Glizinez gain, larrosak, tulipanak, ur-lili tropikalak eta bestelako loreek kolorea ematen diote paisaiari. Neguan, parkea apalago dagoenez eta gaua lehenago iristen denez, argiztatu egiten dute, koloretako artelan bat sortuz.