Supituki taldea, antzerki inprobisatua euskaraz egiten duen bakanetakoa
Madrilen, Bartzelonan zein Bilbon gero eta ohikoagoa da inprobisazio antzerkia ikustea, betiere, gazteleraz. Urtebete ere bete gabe duen Supituki taldeak, ordea, antzerki inprobisatua euskaraz egiteari ekin dio, eta emanaldiak eskaintzen ari dira Euskal Herrian zehar.
Gidoia, entseguak, aurrez pentsatu eta atondutako jantzitegia, atrezzoa... Horiek izan ohi dira antzezlan on bat egiten duten osagaiak. Ez dute horrelakorik erabiltzen, ordea, Supituki antzerki inprobisatu taldean. Bat-batean sortzen dituzte istorioak zein pertsonaiak, jolas desberdinen bitartez sortzen diren hariei tiraka.
Egoitz Aizpuruk urteak daramatza inprobisazio antzerkia egiten, baina gazteleraz, nahiz eta betidanik izan duen euskaraz talde bat sortzeko gogoa. Horren emaitza da Supituki, eta, hain zuzen ere, euskaraz inprobisatzeko grinak batzen ditu taldekideak, bestela profil desberdinetako jendea baita elkartu dena.
Momentuan bertan sortzen dituzte eszenak eta istorioak, Aizpuruk GAUR8ri azaldu dionez. Erabateko sorpresa da gertatzear dena, publikoarentzat zein antzezleentzat: «Guk ere ez dakigu zer pasatuko den». Hori da inprobisazioa gainontzeko arte eszenikoetatik desberdintzen duen berezitasuna.
Jamming Antzerki Eskolan irakasle ari da Aizpuru; Madrilen ez ezik, Bilbon ere ematen dituzte eskolak. Zazpi urtez Madrilen formakuntza jaso du, eta ikasten hasi eta lau urtera ekin zion Bilboko eskolan klaseak emateari. Beraz, egon badago inprobisazioaren eszena bat Euskal Herrian, «loraldia» bizitzen ari omen gara une honetan, nahiz eta Madrilen edota Bartzelonan dagoenarekin zerikusirik ez duen, Aizpuruk azaldu duenez.
Parte hartu ez, baina ikusle izan nahi duenak, badauka aukera, Campos Elíseos Antzokian, besteak beste. Aizpuruk azpimarratu duenez, Euskal Herritik kanpoko taldeak izaten dira bertan aritzen direnak. Baina Bilbon badaude beste eskola eta konpainia batzuk haien ikuskizunak muntatzen dituztenak, hala nola Hika Ateneoan.
Euskarazko eskaintzan dago gabezia, Aizpuruk, buruz kalkuluak aterata, azaldu du 150 bat pertsona ariko direla, Bilbon bakarrik, inprobisazio antzerkiaren bueltan: «Horietatik, euskaldunak % 10 inguru izango dira». Horregatik zeukan buruan, Madrilera joan zenetik, berak inprobisazio antzerkia bai, baina euskarazkoa egin nahi zuela.
Bueltan izan du taldetxoa osatzeko aukera, han-hemen ezagutu dituen euskaldunekin batera. Hasi ziren entrenatzen -izan ere, inprobisazioa ezin daiteke entseatu, entrenatu baizik-, otsailetik apirilera artean, eta Bilboko Biran ikuskizuna eskaini zuten. Ordutik, konpainia bezala ari dira hemen eta han ikuskizunak egiten.
EUSKALDUNAK ETA ASKOTARIKOAK
Euskaldun izateak eta inprobisazio antzerkia euskaraz egiteko nahiak batzen ditu Supitukiko kideak; gainontzekoan, ez dute zerikusi handirik. «Ekipoa lotzen duena euskara baino ez da», azaldu du Aizpuruk, badaudelako bai euskararekiko duten harremanean bai hizkuntzaren ezagutzan desberdintasunak, baita antzerki mailan ere: «Ni honetatik bizi naiz, badago besteren bat ere honetatik bizi nahi duena, baina gehienek badute haien lana eta hobby hutsez ari dira». «Arrai nahastua» dira, antzezlearen hitzetan.
Badaude euskaldun zaharrak eta badaude euskaldun berriak; badago, halaber, egunerokotasunean duen inguru euskaldun bakarra Supituki taldea duenik ere.
Azpimarratzeko moduko hautua eta saiakera da, azken horientzat bereziki, oholtza gainera euskaraz inprobisatzera igotzea.
Elkartzen direnean entrenatzeko elkartzen dira, entsegurik ezin da egin bat-bateko antzezlanak prestatzeko. «Hau talde lana da, talde lanik gabe ez da ulertzen eta ez da aurrera ateratzen», azaldu du Aizpuruk. Horretarako, teknikak lantzen dituzte, talde laneko dinamikak... Azken finean, gorputza hezi egiten dute, norberaren proposamenaz harago taldearen proposamena hobesten ikasi eta oholtzan denen artean istorio bat sortu ahal izateko.
Momentu bakoitzean istorioak behar duen hori emateko prest izan behar da gorputza, alde batera utzita norberak nahiko lukeena. «Nik kontatu nahi dudan istorioa kontatzeko izan beharko nuke idazlea, bakarrizketak idatziko nituzke... baina ez da gure zeregina», berretsi du Aizpuruk.
Mota askotako emanaldiak eskaintzen dituzte, baina, azaldu duenez, formatu ohikoena da istorioak kontatzea jolas antzeko dinamika batzuk eginda. Adibidez, askotan publikoak bukatu gabeko esaldi bat eman eta pertsonaiak amaitu behar du, edo alderantziz, eta horrekin antzezlana osatu.

Ohikoa izaten da publikoak era horretan parte hartzea, baina ez da ezinbestekoa, Aizpururen hitzetan, «printzipioz ez dugu behar publikoaren laguntza hori». Hala ere, gustatzen zaie ikusleriarekin harremana izatea, horretarako txarteltxoak baliatzen dituzte eta emanaldia ikustera doazenei eskatzen diete bertan zerbait idazteko, dela pertsonaia jakin batek esango duen lehen esaldia, izenburu bat, edo dena delakoa.
Jendartearen parte hartzea sustatzeko ez ezik, egiten ari diren hori bat-batean sortua dela agerian uzteko erabiltzen dute teknika: «Erabiltzen da justifikatzeko antzezlana inprobisatua dela». Izan ere, Aizpururentzat argi eta garbi badago ere inprobisatutakoa dela, jendeari harrigarria iruditzen zaio eta galdezka joaten dira, «guk laudorio moduan hartzen dugu».
ETA, EUSKARAZ?
Hutsune handia dago euskarazko inprobisazio antzerkian. Baliteke izatea orain arte eskaintza ez delako, inondik inora ere, zabala izan. Gaztelerazkoa da egiten dena, eta publikoa askotarikoa izaten dela azaldu du Aizpuruk.
Bilboko Campos Eliseos Antzokira doazenak, esate baterako, normalean produktu komertzialagoak ikustera joan ohi diren ikusleak dira; aldiz, Hika Ateneora ikuskizun alternatiboagoetara ohituta dagoen ikusleria gerturatzen da, batez ere.
Supitukik egiten duena euskarazkoa izaki, haien asmoa herriz herri ibiltzea da, ez espazio jakin batean errotzea. «Herritarrei bideratutako zerbait izango da, horretarako ez dut uste publiko konkreturik dagoenik», pentsatzen du Aizpuruk.
Besterik gabe, antzerkia gogoko duen euskaldunak gerturatzea espero dute, xarma berezia daukalako inprobisazioak. Bat-batekoa izateak ezinbestean dakar akatsak egin egingo dituztela: «Errorez betea dago eta, beraz, emaitza komedia izaten da, nahiz eta zu ez joan komedia egitera». Hortik atera du ikusleriaren profila Aizpuruk: euskalduna, antzerki zalea eta «barre egin nahi duena».
TERAPIA OHOLTZA GAINEAN
Supituki taldeko gehien-gehienek zaletasun gisa dute inprobisazioa; zenbaitentzat, ordea, oholtzara igotzea terapia izatera ere irits daiteke. Izan ere, gehiegizko lotsari aurre egiteko modua izan daiteke, ez baitira aktore guztiak haien burua horrenbeste jenderen aurrean jarrita guztiz eroso sentitzen. «Klasera jende asko etortzen da oso lotsatia, lotsa kentzera», azaldu du Aizpuruk.
Hala ere, aitortu du erakuskeriatik zertxobait baduela egiten dutenak: «Oholtza gainean gabiltzan denok, berdin dit aktorea izan, bertsolaria, bakarrizkelaria, dantzaria edo dena delakoa, hor badago “begiratu niri, begiratu niri” dioen zerbait, baina oso ezkutuan».
Baina inprobisazioan agertokira azaltzen dena ez da aktore talde bat bakarrik, obra bera da erakusten ari direna: «Eskoletan erakusten den teknika horrek babesten du sorkuntza».

MOMENTUKOA ETA GALKORRA
Inprobisatutako antzezlana minutu gutxian jaio eta hiltzen da, ez du aurreprodukzio prozesurik, eta inork ez du izango obra hori berriz ikusteko aukerarik. Sortzen dutenak berezko duen izaera galkorrak ez dio atsekaberik ematen Aizpururi. Izan ere, bertsolaritza mundutik dator, eta bertsolaritzan, «bota duzuna ez bada oso ona eta jendeak ez badu gogoan hartzen, hor geratzen da».
Gainera, momentuan sortutako antzezlana izateak badu eraginik pertsonaien sakontasunean, baita istorioen originaltasun eta gorabeheretan ere. «Inprobisatua denez, ez da idatzizko istorio baten kalitate berdina, idatziz denbora daukazulako pentsatzeko eta baliabide gehiago sartzeko», azaldu du. Inprobisatu beharrak azkartasuna ematen dio narrazioari. Saiatzen dira pertsonaiei iragan bat eta desio batzuk ematen eta kontatu beharrekoa hortik kontatzen, baina berehalakotasunak zaildu egiten du hori.
Ikusgarritasuna beste ezaugarri batzuek ematen diote inprobisazioari. Hala nola momentuan gertatzen diren ezusteko gorabeherek eta «pertsonaien arteko interakzioek».
Denbora tarte gutxian istorio asko kontatzen dituzte Supituki taldekoek haien emanaldietan. Ordu eta laurdenean narrazio luze bakarra egin beharrean, sei-zazpi istorio kontatzen dituzte, baina hamar bat minutukoak.
Horrela, aktore bakoitzari egokitu dakioke dozena erdi pertsonaia desberdin asmatu eta interpretatu beharra saio bakoitzean, sarritan, oso desberdinak haien artean, «izan daiteke ume bat, igeltsero bat, aitona bat, alkatea edo edozein gauza».
Aizpuruk azaldu duenez, horrek zeregina zaildu egiten dio aktoreari. Izan ere, norbera denetik gertuen dagoen pertsonaia hori beti interpretatuko du errazago, eta aldentzen doan neurrian, lanketa handiagoa eskatuko dio, segundo gutxian, gainera.
Bat-batean jakiten baitu aktoreak nor edo zer den, kide batek eman diezaiokeelako rola hari zuzentzen zaionean, edo publikoko norbaitek, bestela. Hor ikusten da entrenamenduen garrantzia, bakoitzak gorputza, hizkera eta abar egokitzeko duen gaitasunean.
Euskal Herrian zehar emanaldiak egiteko asmoa dute, euskaldun orok izan dezan inprobisazioa haren hizkuntzan bertatik bertara ikusteko aukera. Oraingoz, pare bat ikuskizun lotu dituzte. Azaroaren 30ean Getarian izango dira, 18.00etan Iturzaeta aretoan, eta momentuz jakitera eman ezin dituzten beste emanaldi batzuk ere lotzear dira.
HERRIRIK HERRI
Halaber, agertoki bila ari direla aitortu du Aizpuruk, «leku estrategikoen bila». Izan ere, berria da euskaraz inprobisazioa egitearena, eta frogak egin nahi dituzte, kontuan hartuta, gainera, kide askok ez dutela eskarmentu handirik oholtza gainean. Birako lehen saiotik gustura atera ziren, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitu nahiko lukete, hori da asmoa.

Adina ez da oztopo, eta Euskal Selekzioa munduko txapelketa gogotsu jokatzen ari da

Erresilientzia: igeri egiteko ala itotzeko tresna?

«Gatazkaren memorian gazteek beraien ikuspegia inportantea dela sentitu behar dute»

Itsasoa maitatu eta babestuz

