GAUR8

Duela 105 urte jaio zen Gerda Lerner historialaria

Gaurko egunez, duela 105 urte, sortu zen Gerda Hedwig Lerner, Austrian. Historialari, idazle eta ekintzaile honek askotariko lanak argitaratu zituen. Historialari Amerikarren Erakundeko presidentea izan zen, eta Wisconsin-Madison Unibertsitatean jardun zuen.

Gerda Lernerren erretratu bat, 1984koa.
Gerda Lernerren erretratu bat, 1984koa. (WIKIPEDIA)

Gerda Hedwig Lerner (jaiotzaz Kronstein) Vienan jaio zen, gaur 105 urte, 1920ko apirilaren 30ean, familia judu dirudun batean. Austriaren anexioaren ondoren, 1938an, Gerda Kronstein Nazien aurkako erresistentzian ibili zen, eta bera eta ama atxilo hartu eta kartzelatu egin zituzten. Aurretik, aita Liechtensteinera alde egina zen, eta han geratuko zen, gerra amaitu arte. Kronsteinek sei aste egin zituen kartzelan, bi emakume kristaurekin batera. Hauek beren janaria partekatzen zuten Kronsteinekin, juduei anoa txikiagoak ematen zizkietelako.

AEBetan hainbat lanetan jardun zuen Bitartean, idatzi ere egiten zuen, fikzioa eta poesia batez ere, eta Austriaren anexioari buruzko kontakizunak ere sortu zituen, lehenengo pertsonan idatziak.

Carl Lerner film zuzendariarekin ezkondu zenean Hollywoodera joan zen bizitzera. Kausa ugariren aldeko mugimenduetan militatu zuten biek: sindikalismoa, giza eskubideak, mugimendu antimilitarista. Aurrerago New Yorkera itzuli ziren, eta Gerda Lerner unibertsitatera bueltatu zen, ikastera.

1963an, artean New Yorkeko New School for Social Research unibertsitateko graduko ikasle zela, ‘Amerikako historiako emakume handiak’ ikasgaiko irakaslea izan zen. Emakumeen historiari buruz inoiz inon eskaini den unibertsitateko lehen ikasgaitzat jotzen da hau. Irakasle zela, emakumeen historiari buruzko curriculuma sortzen lan handia egin zuen.

Gerda Lerner Madisonen hil zen, 2013ko urtarrilaren 2an, 92 urterekin. Argitalpen akademikoak, poesia, narrazioa, antzerkia, gidoiak eta autobiografia bat utzi zituen.