Arte Ederren Eskolak euskal eszenan ireki zituen ateak aztertu ditu lan batek

Bilbon, egungo Euskal Museoan zabaldu zituen ateak lehen Arte Ederren Eskolak, gerora Fakultatea bilakatu zenak eta gaur Leiako Campusean kokatuta dagoenak. Zentroak euskal sorkuntzaren eszenan izandako eragina eta harekin izan duen lotura azaleratu ditu Miren Vadillo Eguinoren liburu batek.

Miren Vadillo Eguino  Artearen Historiako doktorea da, eta Bilboko Arte Ederren fakultateari buruzko liburuaren egilea.
Miren Vadillo Eguino Artearen Historiako doktorea da, eta Bilboko Arte Ederren fakultateari buruzko liburuaren egilea. (UPV/EHU)

Denborak ematen duen perspektibarekin, agerikoagoak dira egitasmo batek izan duen proiekzioaren tamaina, eraikitakoak inguruan izan duen eragina, bultzatu zituen aldaketak, izan zituen ondorioak... Iraganetik gaurdainoko sekuentzia hori berreskuratuz, Bilboko Arte Ederren Fakultateak euskal artera ekarri zuena marraztu du Miren Vadillo Eguinok liburu batean. Ikasgeletatik kaleraino heldu zen uhin moduko horren ezaugarriei erreparatu, eta arteari lotutako agertokiarentzat suposatu zuen bultzada nabarmendu ditu. “La Escuela de Bellas Artes de Bilbao y su repercusión en la escena artística vasca (1969-1983)” izeneko liburuan bildu du analisia Miren Vadillok, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Artearen Historian doktorea denak.

EHUko Leioako Campusean kokatuta, gaur egun, bistakoa da Arte Ederren Eskolak euskal artearen eszenan duen erreferentzialtasuna, baina zentroa ez da beti fakultate bat izan. Euskal Herrian existitzen ez zen arte ederren eskola martxan jarri zeneko garaia aztertu du. Garai hartan lau eskola baino ez zeuden Estatu espainolean, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta Sevillan, eta ikasketa-plan zaharkitu bat, «egungo ikasketa-planarekin zerikusirik ez duena»

Ikasketei dagokienez, beraz, ibilbide luze bat egin behar izan du eskolak gaur arte, eta bide horretan, besteak beste, bi atal azpimarratu ditu Miren Vadillok: emakumeentzat suposatu zuen agertokia eta sormenaren eszenan izan zuen oihartzuna.

«Ondoriorik garrantzitsuenen» artean kokatu du Vadillok emakumeentzat ekarri zuen arte plastikoen heziketaren ateen irekiera. Gauza bitxia zen, zeren hainbat ikasturtetan handiagoa zen matrikulatutako emakumezko ikasleen kopurua gizonena baino eta, hala ere, zenbaki horiek ez ziren arlo plastikoan emakumeek zuten presentzian islatzen. Beranduago ez, baina hasierako eskola haietan proba bat gainditu behar izaten zuten ikasleek eskolara sartzeko, eta proba hori gainditzen zuten emakume gehiago egoten zen. Ez zen bakarrik arteekiko interes handiagoa adieraztea, gaitasunen zelaian ere bazen aztertu beharko litzatekeen zerbait, adituaren hitzetan.

IKASGELETATIK ERREALITATERA

Errealitate horrekin lotuta gogoratu du Vadillok 70eko hamarkadan «gabezia argia» zegoela «jarduera plastikoa modu esklusiboan eta profesionalean garatzen zuten emakumezko artisten kopuruari dagokionez». Oso emakume gutxik hartzen zuen parte erakusketetan, lehiaketetan eta jarduera garrantzitsuenetan.

Egilearen esanetan, «berdinen arteko prestakuntza jasotzeko aukera eman zuen Bilboko ikastegiak», baina «horrek ez du esan nahi ikastegitik kanpoko errealitatea errotik aldatu zenik». Egileak dioenez, «gauzak aldatzen hasi ziren 80ko hamarkadan, baina ez guztiak, ezta sozialak ere. Haietako askok lan egiteari utzi zioten behin ikasketak amaituta, eta ez zuten gizonen moduan artista gisa jarraitu».

I970. urteraino joan behar da Ikastegiaren irekierara heltzeko. Azaroaren 23an ireki zituen ateak, eta 48 ikasle izan zituen bere lehen ikasturte hartan. Bilbon bertan egon zen lehen eskola hura, Bizkaiko Historia Museoaren (egungo Euskal Museoa) bigarren solairuan kokatuta, eta ez zen egoitza bakarra izan. Gerora, beste hainbat kokapen izan zituen. Bilboko Ibañez kaleko suhiltzaileen eraikinean egon zen, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean ere bai, baita Leioako Medikuntza Fakultatean ere. Azkenik, 1987an inauguratu zuten gaur egun Arte Ederren Fakultatea den eraikina.

Arteei buruzko ikasketa zentro baten sorrera zen, «oso esanguratsua izan zen», eta horrek ondorio nabarmena izan zuen sorkuntzaren munduan, hala adierazi du Vadillok. Eskolak, gainera, lotura zuzen bat mantendu du kultur eszenarekin, eta ezaugarri hori proiektuaren ikurretako bat izan da hasieratik. Adituak oroitu duenez, 70eko hamarkadan izan zen polemika, hain zuzen ere, ildo horretatik zihoan.

Euskal artisten beharrekin eta interesekin harremana zuen proiektu bat eskatzen zen, unean zutik ziren aldarrikapenekin bat egiten zuen hezkuntza zentro bat eraikitzeko, eta garaiko ikasketa planak planteatzen zuen proiektu zentralistatik urrun. «Euskal Herrian, gainera, marrazketa irakaslerik ez zegoenez, artista gehienak kanpora irten zirelako edo autodidaktak zirelako, Bartzelonako profesionalak etorri behar izan ziren, eta hori erasotzat hartu zen», zehaztu du. Horrenbeste aldarrikapenen ostean eskola jarri ondoren kanpoko jendearengana jo behar izate horrek arazoak sortu zituen. Gogoratu duenez, Vicente Larrea zen bertako irakasle bakarra, eta hura bera ekarri zuten eskola arlo kulturaletik urruneko proiektu gisa ager ez zedin, aldarrikapen ideologiko handiko une batean. Emaitza, dioenez, euskal eszenan finkatu diren artisten uzta izan zen.

Artearen kultura eta irakaskuntza ofizial batekin, hezkuntza eta kultura sistema bat finkatu zen, eta horrek aukera eman zuen ezagutza artistikoa zabaltzeko, baita lizentziadunen belaunaldi berriak izateko ere, ondoren artearen irakaskuntzan lan egingo zutenek osatuak. Ordura arte, marrazketaren teknikan trebatzen ziren ikasleak eta irakasle gisa aritzen ziren ondoren, batez ere bigarren hezkuntzan. Aitortza hori izatea aldarrikatzen zuten zerbait ere bazen.

Eskolak Bilboko panorama artistikoarekin izan zuen harremana indartu egin zen, neurri batean, galeria komertzialekin zuen loturaren ondorioz. Artista berrien lanak hartzen hasi ziren Mikeldi Galeria, Luzaro Galeria eta Windsor Kulturgintza galeria, besteak beste, sortzaile gazteentzat «ikusgarritasuna eta hedapena lortzeko aukera berriak» irekiz.

Lehiaketa artistikoetan zuten presentzia ere hazi zen. Lakuako Gure Artea sariak heldu ziren 1982an, sorkuntza artistiko garaikidea sustatzeko, eta eskolako artistak izan ziren saritutako gehienak. Lakuak berak antolatutako Arteder Arte Garaikidearen Azokak ere aipatu behar dira, parte hartzen zuten artista gehienak Fakultateko ikasle gazteak izaten ziren.

Liburuaren azala (UPV/EHU)

Marrazketa irakasleak heztetik arte plastikoen sorkuntzara

Arte Ederren Eskolaren sorrerak lehen kolpe batean pentsatu daitekeena baino aldaketa handiagoa ekarri zuen artearen euskal mundura, heziketa motatik bertatik hasita, gainera. Egun normaltzat ematen dugun arteen inguruko lanketa ez zen beti horrelakoa izan. Sormena, diseinua eta kultur ondarearen kontserbazioa heziketa horren ardatz izan diren galdetuta, Miren Vadillok argitu du hori ez dela bere lanaren muinean egon; baina ideia bat egiteko, frankismo bete-betean, 1942an ezarritako ikasketa-plana batez ere marrazketaren irakaskuntzan zentratzen zela. «Gaur egungoarekin zerikusirik ez duen ikaskuntza zen, oso tradizionala eta teknikari oso lotua, gaur egungo arte ederren fakultate bat denetik oso urrun», berretsi du.

Sormen artistikoaren aldeko lana zegoen hasierako gela haien giroan, baina garai haietan, hori ez zen helburua. Hasiera haietara itzulita, kontatu du Bilbon bi modalitate ezarri zirela, pintura eta eskultura, eta beranduago heldu zela grabatua, baina ez diseinua, «ez zekiten diseinua zer zen ere», aipatu du hastapen haietako hezkuntza proiektuaz.

Argazkilaritzari eskainitako tailer txiki bat eskaintzen omen zen Bilbon, baina hautazko edukia zen hura, eta Bilboko Arte Ederren Eskolak zeukan oso gauza berritzailea zen hura ere. Horregatik, "fakultatea" bezalako arteen inguruko heziketa zentro bat izatera igarotzeak beste ikuspegi bat eman zion ikasketen munduari ere, eta «ondorio nabarmenak» izan zituen, euskal sormen eszenan, orokorrean, eta Bilbon, bereziki.