Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Buna: Etiopiako Tigray eskualdean, kafearen bueltan elkartuta ahaldundu dira emakumeak

Guretzat eguneroko ekintza xume bezain arrunta izan daiteke kafea hartzea, baina ez da halakoa Tigrayko emakumeentzat. 2020an abiatutako gerraz geroztik kafearen unea izan baita aurrera egiteko beraien indarra, elkartasunerako eta ahalduntzeko une eta gune.

Kafea eta, batez ere, kafearen momentua ezinbesteko unea da Tigrayko emakumeentzat.
Kafea eta, batez ere, kafearen momentua ezinbesteko unea da Tigrayko emakumeentzat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Buna. Horrela deitzen diote Etiopiako Tigray eskualdeko emakumeek elkartu, kafea hartu eta elkarrekin hitz egiteko eta egoteko hartzen duten denborari. Gerraostean, ezinbestekoa dute bizirik irauten jarraitzeko. Egoaizia eta Etiopiako 4yBIN erakundeek Euskal Herrira ekarri nahi izan dute Tigrayko emakumeen errealitatea, dokumental, erakusketa eta kafeen bidez. “BUNA: Isiltasun osteko ahotsak”.

Egoaiziako kideek badaramatzate hiru bat urte Etiopiako iparraldeko Tigray eskualdea gertutik ezagutzen eta laguntzen. Mundu zabalean pizten diren “gerra handiek”, ordea, beste batzuk itzalpean uzten dituztela pentsatzen dutenez, etiopiarrei laguntzeaz gain, bertako errealitatea gurera ekartzeko ahalegina egin dute. Eibarren abiatu zuen dokumentalaren izen bera duen erakusketak bidea, eta irailaren 13ra arte Donostiako Okendo Kultur Etxean izango da; irailaren 11n proiektatuko dute, hain zuzen, dokumentala pantaila handian.

Emakumeen testigantzak jaso dituzte, batez ere, elkarteko lagunek, baita egoera hobeto ulertzeko guztiz baliagarriak diren pertsonenak ere. Baina ezinbestekoa da testuinguratze labur bat, auzia konplexua bada ere, 2020ko azaroan, Etiopian, gerra «suntsitzaile eta isilenetako» bat hasi baitzen; Tigrayko Herri Askapenerako Frontearen (TPLFren) kontra Etiopiako Gobernuak operazio militarra abiatu zuen, eta ondorio larriak ekarri zituen, gerra guztiek bezalaxe, gaurdaino bizirik daudenak.

Tigray gizateriaren aurkako krimenez, milioika desplazamenduz eta gosez jositako gatazka odoltsuaren agertoki bihurtu zen duela bost urte. 600.000 pertsona baino gehiago hil dituzte eta 120.000 emakume eta neska baino gehiago bortxatuak izan dira sistematikoki, nazioarteko komunitatearen isiltasunaren aurrean.

Laguntza oihuek gorpuztu dituzte bertako emakumeen hitzak: «Ez zaigu deus geratzen, eta aldi berean ez dugu mendekurik bilatzen, biziraupena baizik». Gizateriaren aurkako krimenek, desplazamendu masiboek, goseteak eta komunikabideen isiltasunak markatutako krisi humanitarioa da, Egoaiziaren arabera.

Bertako emakume gehienak bortxatu egin dituzte, asko eta asko soldaduek, eta jasandako biolentziaz gain, estigmatizazioarekin ere egin dute topo, familia zein lagunartetik apartatuta.

Lide Ugarte Egoaiziako kideak horretan jarri du azpimarra: «Emakumeak ezin dira elkartu beren familia eta lagunekin, bortxatuak eta estigmatizatuak izan dira; beraien artean elkartzea eta hitz egitea da motxila hori kentzeko ezinbesteko ekintza».

Baliabide naturalen muturreko ustiapenak, batetik, eta lehorteak, bestetik, gosetea hedatu dute biztanleen artean; 2021eko datuetara joz, biztanleen %60k muturreko pobrezia pairatzen du. Dokumentalean ere arreta jartzen da horretan, bereziki urarekin duten arazoan; azaltzen dute ia ezerk ez duela funtzionatzen urik gabe, eta Angel Olaran misiolari hernaniarrak kontatzen du gerrak eragindako egoerari krisi klimatikoaren eragina gehitu behar zaiola, urarekin dituzten arazoen artean.

NOLA EMAN IKUSGARRITASUNA

Iñaki Luis LuzNorte Films ekoiztetxeko kideetako bat da, eta “BUNA: Isiltasun osteko ahotsak” dokumentalaren zuzendaria. Egoaiziak proposatuta iritsi zen Tigrayra, egiten zuten lana dokumentatzeko misioa jarri zioten, bai bideoz, bai argazkiz. «Erronka zen bi lanak aldi berean egitea», kontatu digu, baina taldetxo bat sortu eta hara joan ziren. Argi du bere lana auziari ikusgarritasuna ematea dela, «nolabait gizartea kontzientziatzea». Eta bide horretan, esperientzia «itzela bezain gogorra» izan zela gogoratzen du: «Gerra baten ondorio guztiak ikusten dituzu, izugarrizko dramak dira, testigantza oso gogorrak».

Tigrayko biztanleak pairatzen ari zirena lau haizeetara zabaltzearekin batera, Egoaizia egiten ari zen lana ikusaraztea ere bazen beraien lana, eta azaldu du ez zutela gidoirik. Egunero elkarteak egiten zuen bidea jarraitzen zuten, eta bertan topatu zuten dokumentalari izena ematen dion kafe zeremonien haria: «Espazio seguru bezala erabiltzen dute emakumeek kafearen momentua, beraien artean biltzeko. Janariaren edota nekazaritza tresnen banaketak ere momentu horretan egiten zituzten; bizirik irauteko behar zuten hura.. Eta pertsona askoren bizitza aldatzen zuten momentu horiek».

Egoaizia elkarteak antolatutako erakusketan isiltasunaren osteko begirada eta ahotsak biltzen ahalegindu dira. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Etiopiara egindako bidaia horretan etengabe egin zuten topo traba eta oztopoekin. Luisek argi du bertako autoritateek ez dutela auzia zabaltzerik nahi: «Arazo pila bat izan genituen administrazioarekin; hori guztia isilarazi nahi dute. Gerraosteko bigarren urtean 120.000 emakume bortxatu zituzten, testigantza oso gogorrak ziren, eta emozio tsunami bat izan zen».

Aipaturiko dokumentalaz gain, beste bat prestatzeko itzuli zen Luis Egoiziakoekin Etiopiara, “La fuerza del silencio” - ez da argitaratu oraindik- . Eta orduan ere izan zituzten arazoak aurre-produkzioan: «Tigrayko elkartea ari zen elkarrizketatuko genituen emakumeak lotzen, eta, adibidez, esan ziguten baimena genuela erizain batekin elkartzeko, baina ospitalera iritsi ginen eta ez zegoen; emakume hori desagertu egin zen. Hain zuzen ere, elkarrizketatu behar genuen emakumeak kaxa bat zuen ospitalean, emakumeei egindako erasoetan baginatik sartutako iltzeekin, eskutitz batzuekin… Elkarrizketatzera joan ginenean, erizaina kaleratua zegoen ordurako, eta kaxa, desagertuta».

Lana tentuz egitera behartzen ditu dokumentalgileak egoera horrek, baina ate batzuk ixteak beste batzuk irekitzea dakarrela esan ohi da, eta beraiei ere hori gertatu zitzaien. Izan ere, beste neska baten testigantzarekin egin zuten topo, soldaduek bortxatutako neska batekin. Luisek kontatu du bihozkada bat sumatu zuela, eta hura izango da hurrengo filmeko protagonista.

Eskari bat egin zien, halere: ez zitzatela erabili. «Azaldu zigun nola AEBetako prentsa lehenago bertan egona zen, eta beraien istorioa entzun eta martxa egin zutela, hedabideei saldu zietela, eta oso erabiliak eta ahaztuak sentitu zirela», dio zuzendariak. Eta horregatik izan dela garrantzitsua Egoaiziaren eskutik egitea bidea, bertakoei laguntzeko funtzioa etengabe presente zegoelako.

Olaranek hogeita hamar urte inguru igaro zituen Etiopian misiolari, eta «basakeriak» egin direla aitortu du: «Askotan soldaduek beraiek ateratako argazkiengatik ikusten genuen zer gertatzen zen; emakume horiek barruan daramate gertatutakoa, ez dira ausartzen ezer esatera, soldaduek kontatzen zuten bortxatu egin zituztela, edo irudiak zabaltzen zituzten».

Testigantza latzak jaso badituzte ere bidaia horretan, Iñaki Luisek Tigrayko herriaren erresilientzia ekarri du mahaigainera, berari pertsonalki asko lagundu baitio hankak lurrean jartzen: «Hemen edozerengatik gaude aurpegi txarrez, eta han irribarre batekin daude beti; Tigrayko herriaren erresilientziak zirrara eragin zidan».

BERTAKOAK AHALDUNDUZ

Proiektu berri bat abiatu dute Tigrayn bertan Egoaiziak eta Etiopiako 4yBIN erakundeak: ikasketa humanitarioen zentro bat ireki dute Mekelleko unibertsitatean. Luisek, ikusitakoak ikusita, hau dio: «Laguntzeko, nola lagundu ere jakin behar da, borondate ona guztiok dugu, baina askotan ez dakigu nola lagundu».

Egoaiziako Marisabel Albizuk kontatu du Etiopiarekiko harreman estua 2022ko abenduan abiatu zutela, «bakearen sinadura izan zen une horretan; berehala ikusi genuen bertaratzeko aukera, lehendik zeuden harremanak berreskuratu eta berriro bertaratzekoa».

Halaxe egin zuten. 2023. urtean joan ziren eta, azaldu duenez, bi konturi heldu zieten: «Alde batetik, urgentziazko gauzak direnak, ‘asistentzia lanak’ ere deituak: nekazaritza, etxeko ekonomia berpiztea… Eta, bestetik, etorkizunean pentsatu eta zer motatako elkarkidetasuna nahi dugun zehazten hastea».

“Giza laguntza edo laguntza humanitarioa” deitzen zaion horri erreparatuta, Albizuren ustez, ezinbestekoa da bertako jendearekiko elkarlana. Izan ere, haiekin hizketan ondorio bat atera zuten: «Pentsatu behar genuen nola prestatu bertako jendea horrelako larrialdi egoeretan erantzunak bertatik emateko». Eta ondorioz, Mekelleko unibertsitatea Euskal Herriko Deustuko unibertsitatearekin harremanetan jarri, Lakuarengana diru eske joan eta martxan hasi ziren; «babarrunak osagai askorekin egiten diren bezalaxe, hemen ere osagai guztiak bildu ahal izan genituen», azaldu du umoretsu.

Tigrayn gertatzen ari dena Euskal Herrian zabaltzea da elkartearen helburuetako bat. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Ideiak nola eraman praktikara gerraoste betean dagoen herrialde batean? Bertako erakundeak inplikatuz. Egoaiziako kideak azaldu du jada zabalik dagoela aipaturiko ikasketa zentroa. «Diseinuan lan handia egin dugu, bertako unibertsitatearekin egin dugu analisia ea zein eduki izan behar zituen, eta hori unibertsitateko irakasleek bertako GKEekin batera landu dute». Udazkenean, ikasturte berriarekin batera hasiko dira klaseak Mekellen, Albizuk azaldu digunez.

EUSKAL HERRIRA EKARTZEAZ

Egoaiziaren proiektuak, beraz, bi adar nagusi ditu: Tigrayn bertan biztanleak heztea, erantzunak bertatik bertara emateko, eta auzia lau haizeetara zabaltzea, Euskal Herritik hasita. Eibarren abiatu eta gaur egun Donostian dagoen erakusketaren helburuez galdegin diogu Albizuri: «Egoera hauek oso konplexuak dira, errazagoa izango litzateke arazoa gosea bakarrik balitz. Baina gerra baten ostean eta gerra baten inguruan arazoak konplexuak dira, eta konplexutasun horren ertz bat beti dira emakumeak, emakumeen egoera. Hori oso latza izan da, bagenekien, ezagutzen genituen, baina bertako emakumeen istorioak eta tragediak beraien ahotsean bildu nahi genituen».

Ikusarazteko bultzadari kasu egin eta dokumentalaren zein emakume horien argazkien bidez gertatzen ari dena azaltzen dabiltza. «Gerra amaitzen denean, ordea, sufrimendu hori guztia ez da bukatzen, gizarteak ez ditu emakume horiek onartzen…», ohartarazi du, eta beraz, Gobernuz Kanpoko Erakundeek, jada gerra puri-purian ez dagoenez, eta gero eta arreta gutxiago duenez, gerraosteko sufrimenduari erreparatu diote.

Hala eta guztiz ere, Albizuk emakume horien ahalduntze gaitasuna ere azpimarratu du: «Kafearen ingurukoa biolentziaren eraginez antolatu duten erresistentzia espazio bat da, eta hori ere eman nahi genuen ezagutzera; erakusketak hori guztia modu ederrean jasotzen du».

Egoera aldatzea lortu ez badute ere, bai Albizu bai Luis ados daude arazoa gehiago ezagutaraztea lortu dela; «egoera ezin da guztiz aldatu, baina zerbait aldatzen ari da». Eta beren alea jarri dutela sinetsita eta gehiago jarri nahiaren ezintasunarekin egin dute bidea. Hitzez azaltzeko horren zaila dena irudien bidez kontatuz, Tigray mapan kokatu eta bertako egoera salatzen jarraituko dute Egoaizia elkarteak eta bere konplizeek.

Kafearen momentua emakumeentzat besarkada kolektibo bat da Etiopiako Tigray eskualdean, eta Euskal Herrian ere hala izateko esperantzaz jarraituko dute lanean.