Aitor Aldanondok abiatutako Harria musika taldeak bere bigarren diskoa kaleratu berri du, ‘Hemen’ izenekoa. Naiz Irratiko MusikHaria saioan luze aritu da Aldanondo bere proiektu berriaz Iker Gurrutxaga kazetariarekin. Kantaz kanta errepasatu dute diskoa, zirrikituetan geldialdiak eginez.
Folkaren inguruan jositako bederatzi abestik osatzen dute musika proposamen berria. Jazza, bluesa, countrya besarkatzen ditu lanak, baina aurrekoa baino folkiagoa da orokorrean. Eta sokek pisu berezia hartzen dute; gitarra, mandolina, Rhodes teklatua, biolina…Bigarren lan hau ere Pottoko estudioan grabatu dute, Fredi Pelaezen begiradapean.
MusikHarian gogoeta interesgarria utzi du Aldanondok, musikaren munduan «desazkundea» bultzatzearen beharraz, txikitasunera bueltatzeko premiaz. «Hori da disko honen ideia. Guk zer eraldatzeko aukera daukagu? Gure inguruak asko jota. Kanpora begira gauzak egin daitezke, baina benetan gure eraldaketarako zirkulua hemen dago. Beraz, bada txikitasunera eta sustraietara bueltatzeko nahi bat. Uste dut urrunegi joan garela. Materialismo basati honetan, desazkundea sanoa iruditzen zait», egin du gogoeta. Gaur egunean Aldanondo salerosketan aritzen da lanean. «Nik eduki ditudan lan gehienekin ez dut espiritualki konektatu, baina dirua nonbaitetik irten behar da eta momentuan hortik ateratzen da. Gure kontraesenekin, bagoaz aurrera».