GAUR8

Asier Blas: «Mendebaldearen 500 urteko hegemonia amaitzen ari da»

EHUren “XXI. Mendeko Geopolitika” uda ikastaroan, Mendebaldearen gainbehera, Hegoalde globalaren igoera eta hor piztutako lehiak ulertzeko gakoak eskaini zituen Asier Blas politologoak. Horren atzean dauden borroka «geoekonomikoak» biluzi eta Europaren «subalternizazio» prozesuaz ohartarazi zuen.

Asier Blas politologoa Miramar jauregian, hitzaldia eskaintzen. Uda ikastaroa Parte Hartuz Ikerketa Taldeak eta Geopolitika eta Eremu Ikerlanen I. Nazioarteko Kongresuak (GEINK) antolatu zuten, EHUrekin batera. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Trumpek eraso egin dio Irani eta gerra eskalatu du». «Iranek AEBei erantzun die eta Israelek ofentsiba biderkatu du». «Txinak babes osoa erakutsi dio Teherani». «Gaza Israelen jopuntuan dago berriz ere». «NATOko liderrek gastu militarra %5era igotzeko akordioa egin dute». «AEBetako zerbitzu sekretuek Trumpen triunfalismoa zalantzan jarri dute». Egunez egun, halakoxea izan zen ekainaren 23ko astearen kronika GARAn.

Anabasa horretan, zer gertatzen ari da? Asier Blas (Donostia, 1977) EHUko irakasle eta ikerlariak aste horretako ostiralean egin zuen hitzaldia, eta honela laburbildu zuen munduko egoera orokorra: «Mendebaldeak 500 urtean hegemonia izan badu ere, horren amaierara iristen ari gara. Hegemonia Asia-Ozeano Barera pasatzen ari da eta momentuz, behintzat, lidergoa Txinaren esku dago. Aldaketa oso garrantzitsua da. Bereziki Mendebaldearentzat; ez horrenbeste munduarentzat, Txina XIX. mendera arte munduko hegemonia izan baitzen ekonomikoki».

500 urte. Bistakoa denez, aldaketak historikoak dira, eta begirada zabaldu behar da horren nondik norakoak ulertzeko. Blas horretan saiatu zen.

BORROKA GEOEKONOMIKOA

Hegemoniak zer esan nahi du? Nazioarteko harremanei dagokienez, Blasen iritziz, «inperialismoa ere deitu dakioke». Funtsean, «borroka geoekonomikoa» da. Blasek azaldu zuenez, borroka hori hiru lubaki nagusitan garatzen da. Batetik, «produkzio baliabide edo lehengaien inguruko borroka dago, forma garaikideetan teknologikoa ere badena». Bestetik, «merkatuetarako sarbide pribilegiatua eta, kasu askotan, monopolioa izateagatik borrokatzen da». Azkenik, «lan indarra lortzeko», eskulana ahalik eta merkeena izan dadin.

Munduko agintariek, baina, normalean ez dute horretaz esplizituki hitz egiten: «Segurtasun arazo bezala formulatzen dute. Batzuek esango digute Irak segurtasun arazoengatik inbaditu zutela, suntsipen handiko armak zituelako, nahiz eta jakin bagenekien hori ez zela egia. Edo Errusiak Ukraina inbaditu zuenean esan zuten NATO zabaltzen ari zela eta haren segurtasuna kolokan zegoela. Baina bi kasuetan lehia geoekonomikoa dago». Hau da, produkzio kateak, merkatuak, lehengaiak edota eskulana daude jokoan.

Hortaz, Blasen ustez, Mendebaldearen gainbeheraz eta Hegoalde globalaren igoeraz hitz egitean, funtsean, eremu geopolitiko eta ekonomikoak galdu edo eskuratzeaz ari gara. Eta, noski, horiekiko lehiaz.

OREKA BERRI BAT

Non hasi ote zen aipatutako joera? Blasen iritziz, prozesu horretan, II. Mundu Gerraren ondorena mugarria izan zen. Orduan, Hegoalde globalean askapen nazional eta sozialeko prozesuak eta deskolonizazio prozesuak hasi ziren, Mendebaldearen hegemonia auzitan jarri zutenak.

Horrek ez du esan nahi Mendebaldeak nagusikeria galdu zuenik. Blasen irudiko, Hegoaldeko independentzia prozesuak, oro har, ez ziren oso arrakastatsuak izan, egoera ez baitzen batere samurra. Adibidez, Indian eta Txinan analfabetismo tasa %70-80koa zen. Gainera, «neokolonizazio prozesu bat hasi zela ere badakigu». Gordin hasi ere: «Askapen prozesu horietako liderrak hilez, anabasa sortuz, gerrak sustatuz….». Horrez gain, «elite txiki bat kooptatu zuten metropoliaren eta herrialdearen artean bitartekaritza lana egin eta de facto herrialde horiek kontrolatzen eta ustiatzen jarraitzeko».

(GAUR8)

Prozesu hori Hegoalde global osoan zabaldu bazen ere, Blasen ustez, Latinoamerikako kasua paradigmatikoa da: «Burgesia eroslearen hiriburua zein da? Miami. Metropolian bertan topatu du hiri bat bigarren etxea izateko. Gaur egun horren adierazle gorena Daniel Noboa da, Ekuadorko presidentea. Bere aita Ekuadorko pertsonarik aberatsena da. Non jaioa da? Miamin».

Haatik, independentziarako sugarra ez zen erabat itzali: «Jendea alfabetatzen joan da, seme-alaba asko Iparraldera joan dira eta itzuli dira… eta zer sortu da? Burgesia nazional bat. Eta burgesia horrek bere interes nazionala defendatzen du: ‘Bertako baliabideak bertakoentzat!’». Hala, zenbait kasutan, burgesia nazionala klase herritar eta ertainekin aliatu izan da, burgesia eroslearen kontra.

Bidenabar, 1945-1990 artean nazioarteko legedia eta erakundeak sortu ziren, eta lehia geopolitiko eta ekonomiko hori arautu egin zen, «potentzien arteko botere orekaren arabera. Horrek esan nahi du SESBi botere kuota bat utzi zitzaiola».

AEBAK JAUN ETA JABE

1990ean, baina, lehia hori erabat desorekatu zen. Izan ere, SESB eta bere eragin eremua erori egin zen: «Ez Mendebaldeak Gerra Hotza irabazi zuelako (egia bada ere indartsuagoak zirela), bertako eliteek bere buruaz beste egitea erabaki zutelako baizik. Kapitalismoan izan zitzaketen aberastasunak eta hori baino gehiago izan nahi zituztelako», Blasek azaldutakoaren arabera.

Beraz, AEBak potentzia hegemoniko bakar eta zalantzagabea bilakatu ziren: «Merkatuak zabaldu zituen lehen SESBen eragin eremua izandakora, enpresak deslokalizatzen zituen oso merke produzitzeko...». Grafikoki azalduta, CAFek egindako trenak Europa ekialdera zabaldu ziren, Errioxako ardoa saldu zitekeen Moskuko plazan... «eta horri esker gu aberastu ginen eta Hegoalde globala asko pobretu zen». Horien kasuan, «seguruenik, II. Mundu Gerraren osteko momenturik gogorrena izan zuten», politologoak azaldu zuenez.

Baina AEBak ez ziren asetzen, «gehiago nahi zuten». Beren boterea ez zela absolutua jabetu ziren, ordea: «Gerra Hotza irabazi dut, de facto bada ere, eta orain, munduko herrialde boteretsuena izanagatik, ezin dut nahi dudana egin, nazioarteko legediak mugatu egiten bainau. Zer egin dezaket boterea zabaltzeko? Aukera bakarra nazioarteko legedia haustea da. Bestela, Iraken, Libian edo Sirian gobernua aldatu nahi badut, NBErekin kontatu beharko dut eta Errusiak beto eskubidea dauka han».

Blasen iritziz, AEBak eztabaida horretan katramilatuta egon ziren 90eko hamarkadan: nazioarteko legedia hautsi edo ez? Azkenik, praxian ebatzi zuten auzia: «1999an NATOk Jugoslavia bonbardatu zuen». Blasek argitu zuenez, «aurretik ere egiten zuten, baina mozorrotuta: ‘Contra’ Nikaraguan… Baina hortik aurrera nazioarteko legedia hautsi da». Gerora, «2003an Iraken, hor badakigu erabat zartarazi zela… Eta gero Libia, Pakistan, Siria eta abar etorri ziren».

DEKADENTZIA

Blasen iritziz, esku-hartze horren gibelean ez zegoen irabazi nahia bakarrik: galtzeko beldurra ere bazegoen. Izan ere, milurteko berria urratzen hasi bezain pronto, «Hegoaldetik eta bigarren mailako potentzietatik neoliberalismoaren kontrako erantzunak artikulatzen hasi ziren».

Politologoak bi erantzun nabarmendu zituen. Alde batetik, Hegoalde globalean gobernu subiranistak eratu ziren, «ekonomia eta baliabideekiko kontrola berreskuratzeko, burgesia erosleen kudeaketatik aldenduta». Latinoamerikan, esaterako, Hugo Chavezek presidentetza lortu zuen 1998an eta erreskadan hainbat gobernu progresista etorri ziren. Tartean, Evo Moralesena. Hauteskundeak irabazi zituenean honako hau esan omen zion Repsoli: «Mozkinen %15 bakarrik ematen diguzue; hori birnegoziatu egin behar dugu». Repsolek ezetz erantzun zuenean, Morales ez zen kikildu: «Nazionalizatu egingo dugu». Halabeharrez, Repsol eseri egin zen eta %55 ordaintzen du orduz geroztik. Blasen hitzetan, prozesu hori gero eta gehiago gertatu zen Hegoalde global osoan.

Bestetik, ordura arte bigarren mailako potentzia gisa hartutako estatuek aliantza eratu zuten: BRICS taldea (Brasil, Errusia, India, Txina, Hegoafrika). Azken urteetan, gainera, zabaldu egin da: Iran, Indonesia, Japonia... Horrek jokalekua astindu du: «BRICSen ekonomia askoz handiagoa da G7koena baino. Ez pixka bat, askoz ere handiagoa!», nabarmendu zuen Blasek.

Ikastaroa aurkezten. (Gorka RUBIO / FOKU)

2008ko krisiak batzuen gainbehera eta besteen igoera «azkartu» zuen. Blasek zenbait datu argigarri eman zituen: «2005ean munduko BPGren lau dolarretik hiru Mendebaldean zeuden; 2011n, lautik bi. Bost urtetan dolar bat galdu du». 2020aren bueltan gertatutako gertakari disruptiboek -izurria, gerra...- endekapen horretan sakondu dute.

Nola aurre egin horri? «Hegoalde globalean anabasa sortuz, hazi ez daitezen». Blasen ustez, horrek prozesu asko azkartzea ekarri zuen: Libia, Siria, Ukraina... Eta tartean, Trump: «Trumpen garaipena Mendebaldearen dekadentziari emandako erantzuna da».

DIRUA DIRUTIK

Dena den, Trumpek galtzak bete lan izango du. Munduaren zilbor eta erregea dela uste badu ere, bere aurretikoak eta haraindikoak diren prozesu historikoek zeresan handia baitute potentzien igoera eta gainbeheretan.

Hori azaltzeko asmoz, Giovanni Arrighi ekonomialari eta soziologoarengana jo zuen Blasek. Arrighik potentzia hegemonikoen sorrera eta heriotza azaltzeko faseak marraztu zituen. Hasieran «herrialdeak merkataritza eta industrializazio prozesuan arrakasta du: produzitu eta saldu egiten dut». Hori dela medio, gerora «kapitalak datoz niregana, eta mozkin tasa bat ere badut maileguetarako. Orain dirua dirutik ere irabazten dut». Hain justu, orduan etortzen da potentzia hegemonikoaren puntu gorena: «Saltzetik eta dirutik, gutxi-asko, gauza bera lortzen dudanean».

Alabaina, oreka oro lez, hori ere labainkorra izaten da. Arrighiren arabera, pixkanaka, produkziotik baino dirutik etekin handiagoa ateratzeko joera izaten da. Eta horrek «konbultsioa» eragiten du, «gure diru sarreren gehiengoa nabarmen dirutik datorrenean».

Blasek dio Mendebaldea, hain justu, hor dagoela. Ekonomia finantzarioak produktiboa irentsita, «guk zer produzitzen dugu? Oso gutxi. Bai, barkatu, armak. Beraz, gerra nahi dugu, ezta?». Horixe du Mendebaldeak, gaur egun, bere esku: «dolarra, euroa eta ejerzitoak».

Momentuz. Izan ere, «Hegoalde globalean dolarrari, SWIFT banku sistemari eta abarri alternatibak bilatzen ari zaizkie. Poliki, baina ari dira». Hori azaltzeko, zenbait grafiko eta datu esanguratsu eskaini zituen Blasek: Txina bilakatu da munduko bazkide komertzial nagusia; Europako populazioa («hori ere oso garrantzitsua da») %25etik %4ra jaitsi da mende batean; ekonomia berdea deritzogunean «Txinak aurrea hartu digu aspaldi»...

EUROPA ETA ISRAEL

Mendebaldearen gainbehera horrek ez die soilik AEBei eragiten. Europaren ezina are nabarmenagoa da: «2008. urtean Euroguneko ekonomiak AEBetakoaren tamaina bera zeukan. Egun AEBek bikoiztu egiten dute».

Blasentzat, AEBek badakite mundua multipolarra izango dela eta beren burua indartzea erabaki dute: «Ni indartu egingo naiz, nire aliatuen lepotik. Eta horrek zer eskatzen du? Europaren subalternizazio eta latinoamerikanizazioa, beren esanetara egon dadin. AEBentzat Europa da Latinoamerika berria. Eta Latinoamerikan ere borrokatzen dute, birkontrolatzeko». America first... eta the first!

Mundua handia da, ordea, eta aliatuen premia dute. Adibidez, Ekialde Hurbilean «Israel zertan ari da? Guri lan zikina egiten. Mendebaldeak kolonia bat behar du Asia mendebaldean, han lehengai asko baitaude. Eta herrialde horiek kontrolatu egin behar ditu». Txanponaren bestaldean, «AEBak dekadentzian daudenez, Israelek badaki inoiz baino gehiago dutela bere beharra, eta beraz, gehiago estutu ditzakeela».

Bai egin ere! Erreportaje hau idazten amaitu dugun egunean, honako hau zen GARAko lerroburua: «Trumpek su etena aurreikusi du Gazan, baina Netanyahuk ‘eskuak libre’ nahi ditu». Eta halaxe dabiltza, batzuk tenkatu eta besteak estutu, mundua -eta bereziki palestinarrak- estu eta larri jarriz.