AUG. 16 2025 - 00:00h Migratzaileen kontrako murruak tartariarrak hesitu ditu Sei mende eman dituzte egungo Polonia, Bielorrusia eta Lituaniaren lurretan. Egun, alabaina, migratzaileen kontrako harresi batek kinka larrian jarri du beren etorkizuna. Neurririk ez hartzekotan, Lipkako tartariarrak geopolitikaren azken albo-biktimak izan litezke. Bertako tartariar bat, Kruszynianyko meskita barruan. (Gilad SADE) Karlos ZURUTUZA Ostalaritza-negozio bat hemen, Kruszynianyn. Apustu benetan arriskutsua da: finean, zer eskaini lezake Poloniaren ertzean, Bielorrusiako mugan, dagoen herrixka batek? Berrehun biztanle baino ez dira, gainera. Negozioaren jabe Dzenneta Bogdanowiczek beste ikuspegi bat dauka. Honela diosku: «Tartariarra naiz, eta hauxe gure lurraldearen bihotza da Polonian». Begi grisetako 60 urteko poloniar honek Europako azken bisonteekin konpartitzen du bere erreinua. Bestela ere ehunka hegazti hurbiltzen dira urtero bertako lakuetara, baso artean ezkutatzen diren horietara. Ez da harritzekoa, beraz, Podlasia izeneko eskualde honi «Poloniako Amazonia» ere deitzea. Dzenneta «luze» mintzo zitekeen horretaz, baina gaur ez: oso lanpetuta dago eta, aukeran, nahiago du bere herriaz hitz egin. «Tartariarrak gara, bai eta poloniarrak ere. Batak ez du bestea kentzen», argitu nahi du hasieratik. Bere negozioak Tatarska Jurta du izena. Ostatu, museo eta kultur etxea ere bada. Koranaren edizio zaharrak ikusi ditugu beirazko hainbat kutxatan gordeta, bai eta amona tartariarrek jositako jantziak, sableak, Poloniako tartariar zalditeriaren uniformeak… ere. Dzennetak eta Miroslav bere senarrak duela 20 urte zabaldu zituzten bertako ateak. Ez da erraza izan. 2018ko sute beldurgarri batek dena hondatu zuen, eta pandemiak are gehiago estutu zuen bikotea. Mundu mailan konfinamendua bukatu berri zegoela, eskualde honek beste berrogeialdi bat jasan behar izan zuen. Harresi bat eraiki zuten Poloniako Amazoniaren erdian. Bertako basoak, ibaiak eta zelaiak murriztutako sarbideko eremu bilakatu ziren. Harresia herritik bi kilometrora baino ez dagoenez, Dzennetak eta bertako gainontzeko enpresariek ezin izan zuten lan egin hamar hilabete luzez. 2021eko abuztuan, Bielorrusiak migrazio fluxu bat bideratu zuen Polonia, Letonia eta Lituaniako mugetara. Ekialde Hurbiletik eta Ipar Afrikatik iritsitakoak ziren gehienak. Bielorrusiako Gobernuak bere parte-hartzea ukatu bazuen ere, Europa Batasunak nahiz begirale independenteek «gerra hibridoaren zantzuak» salatu zituzten. Bielorrusiako 2020ko hauteskunde gatazkatsuak zirela eta, Minskek zigor bortitzak pairatu zituen. Hortxe omen zegoen gakoa. 2021eko bigarren erdian, milaka migratzaile saiatu ziren Polonian sartzen. Gutxienez, hogei pertsona hil ziren negu hartan; gehienak, hipotermiak jota. 2022ko urtarrilean, Polonia mugako harresia eraikitzen hasi zen: sei metroko altuera zuen, bai eta alanbre hesiak eta milaka kamera ere. Iritsierak nabarmen jaitsi ziren. Oztopoak oztopo, saiakerak biderkatu egin ziren 2024an eta, haiekin batera, tentsioa eta indarkeria. Mugako guardia poloniar bat labankadaz hil zen eta horrek beste inflexio-puntu bat ezarri zuen. Migratzaile bat izan zen ustezko erasotzailea. Dzenneta eta Miroslav Bogdanowicz ostalariek beren negozioari eutsi nahi diote Kruszynianyn. Gilad SADE Poloniak neurri zorrotzagoekin erantzun zuen; harresitik 200 metrora bazterketa gune bat ezarrita, besteak beste. Varsoviaren aburuz, «legez kanpoko» igarotzeak %64 murriztu ziren hiru hilabetetan. Dena den, estatistikek bestelako errealitatea erakusten dute tartariar komunitate txikiarentzat: gehiago dira alde egiten dutenak, iristen direnak baino. «Duela gutxi 5.000 tartariar inguru ginen Polonian. Egun, apenas gara 2.000. Tentsioek, gertaerek, berrogeialdiek... Denek eragin bortitza dute», kexu da Bogdanowicz. Lituanian 3.000 tartariar gelditzen dira, eta 8.000 inguru omen dira Bielorrusian. Kopuruek ez diote baikortasunari bide ematen; are gutxiago, herri honen erdia baino gehiago harresiaren beste aldean dagoelako. ONDAREA Arkitekto juduek eraiki zuten Kruszyniany herriko meskita, duela 200 bat urte. Gaur egun, Poloniako tartariarren ikono bisualetako bat dugu egurrezko eraikin berde hau. Lehen aldiz iritsi zirenean, XIV. mendean, askok beren erlijio xamanikoari eusten zioten oraindik ere. Nolanahi, Lituaniako duke handiak gonbidatutako hurrengoak musulmanak ziren. «Lipkako tartariarrak» ere esan ohi zaie. Krimeako tartariarrek «Lipka» deitzen zioten Lituaniari. Jatorri bera dute, hain zuzen, hemengoek eta Itsaso Beltzekoek. Bertakoek bat egin zuten Poloniako Armadarekin, eta lurrez nahiz tituluez ordaindu zitzaien beren leialtasuna. XVII. mende hasieran finkatu ziren Podlasian eta, adituen ustez, Europako musulman komunitate aktibo zaharrena dira. Hizkuntza, alabaina, duela mende asko galdu zuten, baina beren erlijioa eta ondare kultural aberatsa gorde dute. Etnologoek diotenez, komunitate barruko ezkontzak izan dira biziraupen horren gakoetako bat. Horrela uler daiteke zergatik diren oraindik nagusi asiar begi eta masailezur nabarmen horiek. Ideia bat egitearren, nahikoa da Charles Bronson Hollywoodeko aktore ezagunaren argazki bat bilatzea. Bronson -Buchinsky, jaiotza-agirian- lituaniarren semea zen, bai eta estepako nomaden ondorengo zuzena ere. Kruszyniany herriko meskita berdea, bertako ikonoetako bat. Gilad SADE Halina Szahidewiczek ere aski ezaguna du Hollywoodeko aktore tartariarraren jatorria. 89 urteko emakume hau Bialystokeko Tartariar Komuna deiturikoaren sortzaileetako bat da. Bertan, herri honen kultura eta erlijioa ikertzen dira. «Poloniako tartariarren poemak errezitatzen ditugu, etxe bakoitzeko dantzak eta tradizioak bildu, liburuak argitaratu... Gurea ez ezik, poloniarren ondarea ere bada», dio bere apartamentutik ile zuriko andreak. 1939an, Sobiet Batasunak ekialdeko Polonia anexionatu eta Bigarren Mundu Gerra hasi ondoren, bi tartariar herrixka baino ez ziren geratu herrialde osoan: Kruszyniany eta Bohoniki. Komunismoaren garaian, gogoratu du Szahidewiczek, «nazionalitate txikienak zaintzen ziren, eta horrek haien gaineko kontrola errazten zuen. Gure meskitak berritzeko dirua ere bazegoen. Baina gure gazteek hirietan ikasten zuten, eta haietara jotzen zuten, beren herrixketatik urrun». Adineko andre honek Polonia «katolikotzat» jotzen badu ere, bere herri eta erlijio aniztasuna nabarmendu nahi du. «Baliteke batzuetan gaizki-ulertuak gertatzea, baina bizikidetza harmoniatsua dago guztion artean. Poloniako zati integrala gara eta seguru sentitzen gara hemen», azpimarratu du Szahidewiczek. Arazo berriei ere ez die begia kendu. «Migrazio krisiak guztioi eragiten digu hemen, kristauei nahiz musulmanoi. Kezkatuta ote gauden? Jakina!». Abusuak eta tentsioak 2024ko abenduan argitaratutako txostenean HRW-k «gehiegikerien eredu sistematikoa» leporatu zion Poloniako Mugako Guardiari. GKE horrek dio Polonia barruan zenbait migratzaile harrapatu eta Bielorrusiara itzultzera behartu zituztela, legeak agindutako prozeduratik kanpo. Legez kanpoko kanporatzeez gain, jipoiak, piperbeltz gasaren erabilera eta telefono mugikorren suntsiketa edo konfiskazioak salatu dira, besteak beste. Ildo berean, Poloniako Giza Eskubideen Komisionatuak nahiz Europako Giza Eskubideen Komisionatuak argudiatu dute Podlasiako murrizketek zaildu egiten dutela kazetarien eta erakunde humanitarioen sarbidea. Ziurgabetasuna dela eta, turistek bidaiak bertan behera uzten dituzte, eta horrek amildegirantz bultzatzen ditu tartariar askoren negozioak. Ingurumenaren begiraleek ere alarmak piztu dituzte: harresiak Bialowiezako basoa (UNESCOren Munduko Ondarea) eta antzeko eremuak zeharkatzen ditu eta bertako bizitza eta ekosistema hauskorrak aldatu ditu. «Podlasian gertatzen ari dena etika ezaren ondorio hutsa da. Egoera beldurgarria da inguruko jendearentzat, tartariarrak barne», azaldu du, telefonoz, Anna Alboth kazetari eta Minority Rights Group-eko ikertzaile poloniarrak. «Lipkako tartariarrak altxor hutsa dira, bai Polonian bai Europan», dio Albothek. «Beren meskitak eta duela 600 urtetik herrialdean duten presentzia Poloniako erlijio eta kultur tolerantziaren eredu dira. Mendeetan zehar kasta militar sendo bat osatu zuten, eta, gaur egun ere, agerikoa da horren ondarea. Askok armadan edo mugako guardian zerbitzatzen jarraitzen dute», azaldu du. Ikertzaileak azpimarratu nahi du komunitate «bereziki zaurgarri» batez ari garela, hain da txikia bere kopurua. «Haien biziraupena bermatu nahi bada, garrantzitsua da oso lurralde historikoan bizitzen jarraitzea, baina gero eta zailagoa da», dio Albothek. Turismoaren gainbeherak lan aukeren eskasia larriagotu duela gogoratu du. «Beren egoerak okerrera baino ezin du egin». GAUR8k bidalitako galderei erantzunez, Poloniako Barne eta Administrazio Ministerioak «Errusiako eta Bielorrusiako erregimenen migrazioaren erabilera instrumentala» azpimarratu du. Varsoviaren aburuz, «inguruko herrialdeetako eta Europar Batasuneko barne egoera ezegonkortzea» da helburua. Varsoviak 2021eko abuztutik 2025eko urtarrilera bitartean guardia bat hil eta 13 zauritu direla baieztatu digu. «Askotan biolentoak dira, eta Poloniako patruilek hainbat eraso jasan dituzte. Erasoetan, habailak, harriak, botilak, bengalak, adreiluak edota makila iltzedunak erabili dituzte», diote ofizialek. HRW-ren txostena dela eta, funtzionarioek berretsi dute gobernuz kanpoko erakundeko ikertzaileek ezin izan dituztela «modu independentean egiaztatu» aipatutako kasuak. «Mugako Guardiako ofizialen gehiegikerien edo legez kanpoko ekintzen frogarik izanez gero, bai kazetariek, bai gobernuz kanpoko erakundeetako kideek salaketa jarri diezaiokete poliziari». Ministerioak ez du komentatu mugako krisiak tartariar komunitatearengan izandako eragina, ez eta haren etorkizunari dakarkion arriskua. Hotzak hildako migratzaile baten hilobia, Bohonikin. Gilad SADE HILOBI PARTEKATU BAT Kondairak honela dio: tartariar kapitain trebe baten zerbitzuak ordaindu nahian, poloniar erregeak egun bakar batean zaldiz zeharka zezakeen lur guztia eman zion Podlasian. Benetako istorioa, baina, bestelakoa da. XVII. mendearen amaieran, erregeak tartariarren laguntza eskatu zuen, monarkiaren aurkako matxinada bati aurre egiteko, hain zuzen. Podlasiako lurrak eman zitzaizkien ordainetan. Gaur egun, Kruszyniany eta Bohoniki herri tartariarrak bigarren mailako errepideek lotzen dituzte. Baso arteko bidaia bada ere, kosta egiten da horma saihestea: ez da beti ikusten, baina, askotan, ezinezkoa da bazterketa eremutik zirkulatzen ari garen jakitea. Ekialderantz desbideratzen diren lur-pista gehienek harresi metaliko baten kontra jotzen dute. Horietako batek etxalde bateraino eraman gaitu. Egunsentian, baratzea ukitzen du hormaren itzalak. Nekazari batek esan digu hobe dugula alde egitea: gu ikusi bezain laster, poliziari deitu dio, duela hamar bat minutu. Zuhaitzen adaburuen gainetik, hegazti saldo bat agertu da. Hormaren zein aldetatik aireratu dira? Bisonte batek izutu ditu? Bielorrusiako patruila-auto batek? Interneteko seinalea ahula da eta, sarritan, Bielorrusiako zerbitzuarekin lotzen gaitu. Hegaztiek lez, uhinek ere arazorik gabe egiten dute hegan harresi gainetik. Welcome to Poland jasoko dute hormaren beste aldean daudenek? Swisloczanyko tren geltokian, «bakea» irakur daiteke, errusieraz, norbaitek noizbait altxatu zuen metalezko egitura baten gainean. Dena herdoilak jota dago, eta aspaldi ez dabil trenik. Bohoniki herrian ere erraz topa daiteke meskita. Kupula bakarreko egurrezko eraikin gorria da. «Udako denboralditik kanpo ez da ia inor bertaratzen», damu du Miroslava Lisoszukak. Soldata osatzearren, nekazari honek turistak gidatzen ditu tenplu barruan. Iaz heriotza eragin zuen Mugako Guardiaren kontrako erasoa gertatu zenetik, eta migratzaileekin lotutako debekuarengatik, bestetik, bisitari kopurua biziki jaitsi dela dio. Bialystokeko emakume bat eta bere alaba nerabea bat datoz. «Bisita hau behin baino gehiagotan bertan behera utzi dugu albiste horien guztien erruz, baina pozten naiz azkenean etorri izanaz», dio amak. Senarra zain dute kanpoan, auto barruan. Bohonikiko kanposantura ere iritsi da nahasmena. Duela 200 urte baino gehiago harresitu zuten herriaren kanpoaldean. Poloniako hilerri musulman handiena da, bi hektareakoa. Nonahi topa daitezke lore-koroak, poloniera eta arabierazko inskripzioak, metalezko ilargi erdiak… Hamar migratzailerenak dira xumeenak, sarreratik urrunen dagoen lursailean. Haien artean, haur bat eta identifikatu gabeko norbait daude. Diotenez, ehunka lagunen arrastoa galdu egiten da oihan honetan, hormaren alde bietan. Noizean behin, sastraka eta lokatz artean, norbaitek hildako baten arrastoekin topo egiten du.