AUG. 23 2025 - 00:00h Interview SANDRA ROCIO GAMBOA EPAILE KOLONBIARRA «Giza eskubideak ez dira soilik zuzenbidearen bidez lortzen» FARC-EP eta Gobernuaren arteko bake akordioak Bakerako Jurisdikzio Bereziaren sorrera ahalbidetu zuen. Sandra Rocio Gamboa justizia horretako epailea da. (Argazkiak: Aritz LOIOLA / FOKU) Ainara Lertxundi Sandra Rocio Gamboak, Kolonbiako Bakerako Jurisdikzio Bereziko (JEP) Apelazio Ataleko epaileak, Jorge Adolfo Freytter Romero Elkarteak Bilbon «Estatuaren Biktimak, Esperientzia Juridikoak eta Paramilitarismoaren Desegitea» izenburupean antolatutako nazioarteko bigarren mintegian esku hartu zuen. Nazioarteko zuzenbide humanitarioan eta giza eskubideetan aditua da, eta giza eskubideen defentsa izan da bere jarduera juridikoaren ardatza. FARC-EP gerrillaren eta Juan Manuel Santos presidente zuen Gobernu kolonbiarraren arteko bake akordioaren ondorioz sortu zen justizia organo horren esanahiari, garrantziari eta denborarekin jarri zaizkion mugei buruz mintzatu da GAUR8rekin. Gamboaren hitzetan, «giza eskubideak ez dira soilik zuzenbidearen bidez lortzen; aldaketa sozialak, kulturalak eta politikoak behar dira». Bakerako Jurisdikzio Bereziaren Apelazio Ataleko epailea zara. Zertaz arduratzen zara? Hala da. Bakerako Jurisdikzio Bereziaren (JEP) itxiera-atala da. Bakerako Auzitegiaren atalak eta epaimahaiek hartutako epai eta erabakiak atzera botatzeko, berresteko edo aldatzeko egon daitezkeen eskaerei buruz erabakitzen du. Ordezkatzen dudan bulegoaren irizpidea giza eskubideen defentsa da. Bakerako Jurisdikzio Bereziaren aurrean agertzen diren pertsonei prozesu egoki baterako eskubidea errespetatu behar zaiela sinistuta gaude, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideak eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak aitortutako berme guztiekin. Biktimen ikuspegitik, uste dugu, halaber, haien eskubideak errespetatu egin behar direla nazioarte mailako bi legeri horiek eta Kolonbiako zuzenbidea kontuan hartuta. Munduan egin diren justizia trantsizionaleko prozesu guztietan beti izan dira gai eztabaidatuenak, mugatu nahi izan direnak, eta, tamalez, Bakerako Jurisdikzio Berezia ez da salbuespena izan, eta, horren ondorioz, erabaki ugaritatik aldendu gara. Horretarako, bi figura juridiko daude: botoaren azalpena eta boto-salbamendua. Azken zortzi urteetan, biktimak zein prozesatuak defendatzeko prozesu egokiari eta eskubideari dagokionez aurkitu ditugun muga larriei buruz mintzatu gara. Zeintzuk dira muga larri horiek? Gure salbamendu eta argibide gehienak agertutako zenbaiten defentsa-eskubidea urratzeagatik izan dira. JEPak bere gain hartu zuen FARC gerrillako buruzagi baten prozesamendua aipatuko dut adibide gisa. Bakerako Auzitegiaren berrikuspen-atalak estraditatua ez izateko bermea adostu zuen. Geroago, Estatu Batuek bere estradizioa eskatu zuten. Berrikuspen-atalaren erabakiaren kontra tartekatu zuten helegitea aztertzen ari ginenean, hedabideen bidez pertsona hori borroka armatura itzuli zela jakin genuen. Berrikuspen-atalaren erabakia -estraditatua ez izateko bermea- bertan behera utzi zuen Apelazio atalak, eta «ageriko desertore armatuaren» figura erabiliz, justizia trantsizionaletik kanporatu zuen, bere kontrako prozedura judizial guztiak justizia arruntera bideratuz. Nire ikuspegitik eta araudiak ezartzen duenaren arabera, Errekonozimendu Salak Bakerako Jurisdikzio Berezitik kanporatzeko prozedura bat hasi behar zuen, kaltetuaren berme guztiak errespetatuz. Baina Apelazio Atalak erabaki zuen ez zela beharrezkoa horrelako prozedura bat egitea, eta haiek sortu zuten «ageriko desertore armatuaren» figuraz baliatuta kanporatu zuten. Biktimek erabakiak inpugnatzeko duten eskubidea ere mugatu dute. Nire departamentuak 3.000 boto-salbamendu inguru aurkeztu ditu auzipetuen eta biktimen eskubideak mugatzearekin lotuta. Beste gai garrantzitsu bat biktimen jakinarazpenarena da. Nire ataleko kideek behin-behinekotasun zorrotzaren printzipioa sortu zuten, zeinaren arabera mugatu egin duten biktimei jakinarazpenak egiteko epea. Nire beste salbamendu-ildo bat Bakerako Jurisdikzio Bereziaren eta Indigenen Jurisdikzio Bereziaren artean egon behar duen elkarrizketari buruzkoa da. Kolonbiako gatazka armatuak eragin sakona, zuzena eta berezkoa izan du emakumeengan eta herri etnikoengan. Baina Indigenen Jurisdikzio Berezia ez da, nire ustez, behar bezala entzuten. Behin Apelazio Atalak auzi bat Bakerako Jurisdikzio Bereziaren eskumenekoa dela definitzen duenean, hor hasten da elkarrizketa-prozesu hori. Nire ustez, horrek berekin dakar herri indigenek beren jurisdikzio-jarduna aitortzeko lortu dituzten konkisten ikuspegi mugatzailea. Gertatu da ere FARCeko kide izan diren pertsona askori, nahiz eta Gobernuak FARC-EPko kideak izan direla egiaztatu, Apelazio Ataleko jurisprudentziak aitortza horri mugak ezarri dizkiola ‘kontribuzio-konexioa’ figuraren bidez. Horren arabera, FARCeko kide horri eskatzen dio benetan froga dezala prozesatu edo kondenatu duten egitate hori gerrillako kide izateagatik egin zuela. Nazioarteko zuzenbideak amnistia ahalik eta zabalena aurreikusten du gatazka armatu bat amaitzean, eta printzipio honek irizpide hori urratzen du. Aritz LOIOLA | FOKU Muga horiek guztiak gorabehera, zer ekarri du Bakerako Jurisdikzio Bereziak? Ikuspegi nahiko kritikoa dut, Apelazio-atalean nagoelako eta, gainera, giza eskubideen ingurunetik natorrelako. Epaile izan aurretik, giza eskubideen defentsarekin lotuta egon nintzen defendatzaile eta akademiko gisa. Bakerako Jurisdikzio Berezira gogo biziz aurkeztu nintzen, biktimen zentralitateak animatuta. Ez dut inoiz pentsatu zuzenbidea ez-errepikapena bermatzeko faktore bakarra denik, baina bai uste dut biktimen eskubideak nazioarteko estandarren arabera aitortzeko eta gatazkari irtenbide negoziatu bat emateko berariazko konpromiso bat dagoela. Urte askotan hori utopia bat izan da, egikaritzeko ezinezko desio bat. Utopia hori bake-akordio bat bilakatzea eta justizia trantsizionaleko auzitegi bat sortu izana oso mezu indartsua izan zen, baina uste dut jurisdikzioak izan duen zailtasun handienetako bat izan dela lan egin behar izatea gatazka armatuek Kolonbian irauten duten bitartean. Argi geratu da Habanako bake-akordioa sinatu eta gero ez zegoela gatazka ondorengorik, baizik eta akordio osteko bat. Horrek errealitate-dosi bat eman zigun kolonbiar guztiei. Lehen esan dudan bezala, justizia trantsizionaleko agertoki guztietan gertatzen den bezala, jatorritik muga asko ezarri zizkioten Bakerako Jurisdikzio Bereziari. JEPen sorrerak itxaropena piztu zuen, baina oso mugatuta egon da bere egituran bertan. Hiru areto arduratzen dira ikerketa-lana egiteaz, onurak aitortzeaz, auziak hautatzeaz eta lehenesteaz. 24 pertsona, gatazkaren muina konpondu nahian. Hori dela eta, pentsaezina da espektatiba guztiak bete ahal izatea, eta justizia trantsizionalaren beste eszenatoki batzuetan gertatu den bezala, badira bakearekin konprometitutako epaileak, ahalik eta ondoen egin nahi dutenak, baina egiturazko mugak dituztenak. Eta egiturazko muga horiek, segur aski, aipatu ditudan neurriak justifikatzen lagundu dute, eta horien kontra egin dut epaile bezala. Nola kokatzen duzu egungo Kolonbia, uribismotik eta santismotik kanpo dagoen gobernu batekin, giza eskubideen errespetuan? Bake-akordioa sinatu arren, mantendu egiten al da barne-etsaiaren ikuspegia? Nire ustez, giza eskubideak ulertzeko bi modu handi daude. Batetik, giza eskubideen ikuspegi hegemonikoa, ‘eutsi eta jasan ezazu pixkat, egunen batean iritsiko den eskubide-promesa dudalako zuretzat’ esaten duena. Baina, denbora aurrera doa, eta Latinoamerikako idazle batek esaten zuen bezala, giza eskubideak benetako ameskeria bihurtzen dira. Ikuspegi desmobilizatzailea da. Bestetik, giza eskubideen ikuspegi kontrahegemonikoa dago, ni nire bizitzan eta lan juridikoan aplikatzen saiatu naizena. Ikuspegi horrek (legea) betetzea eskatzen du, baina, era berean, ulertzen du giza eskubideak ez direla soilik eskubidearen bidez lortzen, baizik eta horrek aldaketa sozialak, kulturalak eta politikoak dakartzala. Horregatik uste du gobernu bakar batek ere ez duela, agintaldi bakar batean, herrialde baten egoera osoa eraldatzeko ahalmenik, are gutxiago indarkeria-espiral batean hain enkistatuta dagoen herrialde batean. Giza eskubideak defendatzen dituen abokatu gisa, uste dut ezinezkoa dela benetako eraldaketa bat lortzea estatu-krimenen aurrean eraldaketa bat egon gabe. Izan ere, estatu krimenek elikatzen dute gehien zigorgabetasuna, Latinoamerikan azken hamarkadetan ikusi dugun bezala. Ikus, adibidez, Erdialdeko Amerikako herrialdeetako maren egoera, Brasilgo «fabelak» edo Brasilgo azken diktadurako gertaeren gaineko zigorgabetasuna. Batzuetan, gatazka konpondu nahian eta urduritasunaren eraginez, ezer gehiago egiterik ez dagoela eta onena iragana ahaztea eta aurrera egitea dela pentsa dezakegu. Eta justizia espektakulu bat bihurtzen da. Kolonbian irabazleen justizia moduko bat eraiki da. Etsaien zigor-zuzenbideak gizakitzat hartzen ez diren pertsonen kategoria bat eraikitzen du, eta herritarrak ez direnen ideia horretatik abiatuta, desjuridizazio-prozesu oso bat dator. Zuzenbide erromatarrak «homo sacer» delakoaz hitz egiten digu. Figura horren arabera, delitu larri bat egiten duen pertsona bat baztertua izan behar da, edonork erail dezake, baina ez da erlijio-erritu batean sakrifikatu behar. Gaur egunera ekarrita, baztertuak eta, hortaz, jazarpen-subjektuak diren pertsonak ditugu. Pertsona bati gizatasuna kentzeak haren lapidazio soziala errazten du Nola baloratzen duzu paramilitarismoari eta estatu-krimenei aurre egiteko estrategia? Galdera interesgarria da; izan ere, Bakerako Jurisdikzio Berezia ahalbidetu zuen legegintza-egintzak funtsean ezartzen du justizia trantsizionaleko bi eredu daudela Kolonbian. Bata paramilitarismoa prozesatzeko prozedura penal berezia, Justizia eta Bakea legedia, eta bestea Bakerako Jurisdikzio Berezia (JEP). Hasieratik adierazi nuen nire botoetan paramilitar soilen prozesamendu-esparrua Justizia eta Bakea Legea dela. Baina Salvatore Mancusoren egoera judizialari dagokionez - Kolonbiako Autodefentsa Batuen (AUC) buru ohia-, argitu nuen, nire ikuspegitik, buruzagi paramilitarrak Bakerako Jurisdikzio Bereziak epaitu behar dituela. Hala ezartzen du «Estatuari egotz dakiokeen legez kontrako egintza» izeneko nazioarteko ohiturazko zuzenbideko arau batek. Arau hori, besteak beste, Nazioarteko Justizia Gortearen jurisprudentziatik abiatuta sortu da. Nazio Batuen Erakundearen organo nagusi honek ezarri du estatu-egitateak direla estatu-agenteek beraiek edo haien ezagutzarekin, oniritziarekin eta tolerantziarekin jarduten duten hirugarrenek egiten dituzten delituak. Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak fenomeno paramilitarra Kolonbiako Estatuaren erantzukizuna dela ezarri du. Nire ataleko kideek finkatu dute lider paramilitarrek Estatuaren aparatuekin lan egiten zutela eta Estatuaren kriminalitatea garatzen zutela eta, hortaz, JEPen ardura direla. Gorte Konstituzionala ez dago ados gure jarrerarekin, eta baztertu egin zuen Bakerako Jurisdikzio Bereziak lider paramilitar horren kasua bere gain hartzeko aukera. Aritz LOIOLA | FOKU Bake akordioa ahalbidetu zuen Egiaren, Justiziaren, Erreparazioaren eta Ez Errepikatzearen Sistema Integrala (SIVJRNR) osatuko zuten funtzionario nagusiak hautatzeaz arduratu zen Hautaketa Batzordearekin egin zenuen elkarrizketan adierazi zenuen Walter Benjamin zure epizentro filosofikoa dela. Etorkizunaren eraldaketa isildutako ahotsei ahotsa ematetik etorriko dela defendatu zenuen. Hala da oraindik? Bai, pentsamendu mota hori izatearen arduraren zati handi bat gurasoek eta oraindik oso hurbileko laguna dudan ikastetxeko Filosofiako irakasleak dute. Nire irakaslearen pentsamenduaren oinarria filosofia sokratikoa da, maieutika, hain zuzen ere. Irakasle batek hamabi urtetik aurrera zure iritzia ematera animatzen bazaitu, munduaren ikuspegia pentsamendu kritiko batekin eraikitzera animatzen bazaitu, ezkutuan dagoen hori begiratzeko eta aitortzeko gonbita luzatzen badizu, hori guztia zure bizitzaren itsasargi bihurtzen da. Walter Benjaminek humanitateetako alor ezberdinak jorratu zituen. Pentsalaria, kritikoa, fededuna, komunikatzaile soziala, marxista, judua... izan zen. Pertsona berezia eta deserrotua izan zen, nekez murgildu zen erabat menderatu zituen askotariko moldeetan. Kulturak pentsamoldeen eraketan duen garrantzia nabarmendu zuen. Zapalkuntza- eta menderatze-gizarte batetik bidezkoagoa den beste batera igarotzeko, pentsamolde mota berri bat behar dela defendatzen zuen. Nire ustez, bere poetikak ezkutuan edo isilpean mantendu nahi izan den hori azalaraztetik eratorri daitezkeen eraldaketak ezagutzea ahalbidetzen du. Biktimen, bereziki boterearen biktima direnen ahotsek, baita zapalduak direnen ahotsek ere, Kolonbiako errealitatea eraldatu dezakete. Irizpide hori jarraituz lan egiten dugu. Muga eta ez-betetze guztiak gorabehera, zer ekarri du Bakerako Jurisdikzio Bereziak? Jurisdikzio berezi bat egoteak mezu bat ematen du, zeinaren arabera ezin baita historiaren orria igaro besterik gabe. Ezin da indarkeriarik gabeko etorkizun bat berreraiki zigorgabetasunaren aurkako gutxieneko borroka-edukirik gabe. Bakerako Jurisdikzio Berezia garaiz dago oraindik zigorgabetasunaren aurkako konpromiso hori erabat bere gain hartzeko. Mugak ipini dizkioten arren, bere funtsa eta izateko arrazoia eraldatzaileak dira oraindik.