SEP. 11 2025 - 08:29h 85 urte bete ditu gaur Brian de Palma zinema zuzendariak Estatu Batuetan, Newark hirian, jaiotako Brian de Palma zinema zuzendari eta gidoigileak 85 urte bete ditu gaur. 1940eko irailaren 11n jaiotakoa ‘Carrie’, ‘Dressed to Kill’, ‘The Bonfire of the Vanities’, ‘Scarface’, ‘The Untouchables’ eta ‘Mission: Impossible’ filmengatik ezaguna da, besteak beste. Brian de Palma, 2008an. ( Festival Internacional de Cine en Guadalajara | Wikimedia Commons) GAUR8 85 urte bete ditu gaur Brian de Palma zinema zuzendari eta gidoigile estatubatuarrak. 1940eko irailaren 11n jaio zen Newarken, Estatu Batuetako New Jersey estatuko hirian. Besteak beste, ‘Carrie’, ‘Dressed to Kill’, ‘The Bonfire of the Vanities’, ‘Scarface’, ‘The Untouchables’ eta ‘Mission: Impossible’ filmengatik da ezaguna. Hala ere, ‘Sisters’ izeneko pelikula izan zen De Palmaren lehenengo arrakasta, 1973an. Urte batzuk beranduago, 1976an, ‘Carrie’ estreinatu zuen, Stephen King idazlearen eleberrian oinarritutako pelikula. Orduz geroztik bere ibilbide profesionala zineman thriller psikologikoetara bideratu zuen. Film beltzak ere egin zituen, ‘The Untouchables’, kasu. Zineman lan egiten hasi berriak ziren Kevin Costner eta Andy Garcia aktoreak agertu ziren honetan eta ezagunak egin ziren. Gainera, lan honi esker Sean Connery aktoreak 1987ko Oscar sarietan Taldeko Gizonezko Aktore Onenaren saria irabazi zuen. Beranduago, 2000. urtean, ‘Mission to Mars’ pelikula zuzendu zuen. Bi urte geroago, Estatu frantsesean bizi zela, ‘Femme Fatale’ estreinatu zuen. Gero, Estatu Batuetara itzuli zenean, Art Linson ekoizlearekin ‘The Black Dahlia’ zuzendu zuen De Palmak, 2006an, baina honek ez zituen emaitza onak izan.