GAUR8

Udako ezinbesteko telesailak

Urte amaierako onenen zerrendara iristeko azken txanpa geratzen zaigu oraindik; udazkeneko estreinaldiak ate joka ari dira dagoeneko. Horri guztiari heldu aurretik, ikasturte hasiera garai egokia izaten da udan iritsi diren telesailak bildu eta ikusitako onena aletzeko.

“Alien: Earth” telesailak etorkizuneko Lurra irudikatzen du. (DISNEY+)

ALIEN: EARTH

Disney+

 

”Alien”-en unibertso zinematografikoan, orain arte, zazpi film nagusi egin dira; “Predator”-ekin eginiko crossover-ak kontuan hartuz gero, guztira bederatzi. Orain, zerrenda horri “Alien: Earth” gehitu behar zaio: telesail formatuan dator, eta 1979ko “Alien” filmeko gertaerak baino bi urte lehenago garatutako prekuela bat da.

Telesailak etorkizuneko Lurra irudikatzen du, non korporazio teknologiko boteretsuek nagusitasuna duten; horien artean, Prodigy nabarmentzen da. Boy Kavalier, zuzendari nagusia, hilezkortasunarekin obsesionatuta dago eta esperimentu aurreratuen gidaria da: haur gaixoen kontzientziak gorputz sintetikoetara transferitzeko prozesuak burutzen ditu. Egoera are korapilatsuago bihurtzen da, Weyland-Yutani enpresaren estralurtar espazio-ontzi batek Lurra jotzen duenean. Istorioaren erdigunean Wendy dago, kontzientzia gorputz hibrido batera transferitzen zaion neska gaztea.

Drama, beldurra eta zientzia-fikzioa modu zorrotzean uztartuz, telesailak identitatea, gizatasuna, etika eta antzeko gai konplexuak esploratzen ditu. Argazkilaritza zainduak eta efektu ikusgarriek telesailari nortasun propioa ematen diote, jatorrizko “Alien” unibertsoaren xarma eta atmosfera birsortuz. Giroa zapaltzailea eta klaustrofobikoa da, izu psikologikoaren funtsa mantentzen da, eta efektu praktikoen eta CGIren arteko orekak sinesgarritasuna areagotzen du. Girotze-lana, oro har, bikaina da.

 

SUPERESTAR

Netflix

 

Telesailen eskaintzak gainezka egiten duen garai honetan, guztien artetik nabarmentzeko, nortasuna izatea iruditzen zait gakoa, ausarta izatea. Kontatzen dena, noski, garrantzitsua da, baina are gehiago nola kontatzen den; alegia, erabiltzen den hizkuntza zinematografikoa. “Superestar” gehiago ala gutxiago gustatu dakioke ikusleari, baina zenbat eskertzen diren Vigalondok txertatutako nortasuna, ausardia eta originaltasuna. Surrealista eta esperpentikoa da, baina ideia bisual bikainez betea dago.

“Superestar” serieak Yurena abeslari santurtziarraren hasiera artistikoak ditu ardatz. Gerora Tamara izena hartu zuen, eta “No cambié” abestia zein “Superestar” albuma plazaratu zituen. 2000ko hamarkadaren hasieran oso pertsona ezaguna bihurtu zen Estatu espainolean; alor musikalagatik bai, baina batez ere prentsa arrosaren munduan izan zuen presentziagatik.

Pentsa daitekeenaren kontra, “Superestar” ez da telezaborrari egindako kritika, ezta biopic tradizional bat ere. Sei ataletako bakoitza Tamarismoa-ren mundua deritzon horretan parte hartu zuen pertsonaia xelebre horietako bakoitzari eskainia dago; euren izaeran eta egindakoen arrazoietan sakontzeko, alegia.

Bestalde, zalantzak sortzen dira telesailaren benetako helburua zein den ulertzeko; hau da, zer kontatu nahi duen zehazki jakiteko. Bisualki gozagarria eta ikusgarria bada ere, norabide falta horrek zaildu egiten du pertsonaiekin enpatia sentitzea. Arrisku formaletatik harago, narratiboki koherentzia handiagoa falta zaio telesailari.

Gozamena da, baina ez da ikusle guztientzako telesaila. Maitatu ala gorrotatu egingo duzue.

 

FURIA

HBO Max

 

Bost emakumek osatzen dute “Furia” telesailaren bizkarrezurra: Marga (Carmen Machi), artista esnob eta bitxia; Vera (Pilar Castro), sukaldaria eta Margaren laguna; Nat (Candela Peña), moda-denda bateko saltzailea; Adela (Nathalie Poza), amarekin batera etxegabetua izateko arriskuan dagoen emakumea, eta Victoria (Cecilia Roth), 70eko hamarkadako zinema erotikoan ospetsua izan zen aktorea. Tartean, beste pertsonaia batzuk ere agertuko dira, protagonista nagusien erregai emozional gisa funtzionatuko dutenak.

Bostak meditazio talde batean elkartu eta laster askatuko dute barruan daramatena; muturreko egoeren aurrean, edozertarako prest agertuko dira. Pertsonaia horietako bakoitzari, gutxienez, kapitulu bat eskaintzen zaio, eta istorio bakoitza amorru-eztanda gogoangarri batekin amaitzen da. Narrazio guztiak gurutzatu eta elkartzen dira; mendeku-istorio labur horien egiturak “Relatos salvajes” Argentinako filma ekarri dit gogora.

Pertsonaia horiek dira telesailaren oinarria, eta haietatik sortzen diren egoerak bortitzak dira, baina, aldi berean, oso dibertigarriak. Umore beltzaren zaleontzat karamelu bat da “Furia”. Leherketa une horietan, eta musika eta irudien arteko konbinazio bereziari esker, exploitation filmen esentzia arnasten da.

Kolore biziek, angeluhandiekin grabatutako planoek eta, oro har, ukitu barrokoa duen eszenaratzeak nortasun handiz aberasten dute Felix Sabrosok sortutako unibertso berezia. Aitor Etxebarriaren soinu banda bikainak -”Dexter” telesailaren ukituak dituena- irudiak sotilki zipriztintzen ditu eta Carlos Cebrianen argazkilaritza-lanak, ukitu oso berezia eransten dio narrazioari.

 

SMOKE

Apple tv+

 

Sua izan zen 2021ean AEBetan sortu zuten “Firebug” izeneko podcastaren ardatza. John Leonard Orr-en benetako istorioa kontatzen duen saioa da: suteak ikertzeaz gain, AEBetako historiako piromanorik suntsitzailenetako bat izan zen. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, Kalifornian suteen ikertzaile gisa lan egiten zuen bitartean, milaka sute eragin zituen.

“Smoke” telesaila podcast horretan oinarritzen da modu librean, serieko bi piromanoen istorioa azaltzeko. Detektibe oinazetu batek (Jurnee Smollett) eta eragindako suteak ikertzen dituen polizia misteriotsu batek (Taron Egerton) helduko diote kasuari. Orainaldian girotuta, Dennis Lehane sortzaileak podcastaren materiala abiapuntutzat hartuko du, kasuaren muinean inspiratutako fikzioa eraikitzeko.

Protagonistek ikertuko dituzten bi kasuek norabide desberdinak hartuko dituzte: bata «nork egin zuen?» galderari erantzuten saiatuko da, eta besteak «nola harrapatuko dugu?» ereduari jarraituko dio. Alegia, batean erruduna ezezaguna izango da; bestean, ordea, ikusleak hasieratik ezagutuko du bere aurpegia. Bi ikuspegi narratibo horiek txandakatzeak erritmo bizia emango dio istorioari, baina aldi berean tarteka nolabaiteko deskonexioa sortuko du.

Hasieratik harrapatzen duen bizitasun handiko proposamena bada ere, narrazioak baditu gorabeherak: batzuetan anbiguotasunak nagusituko dira, eta zenbait une gehiegikerien mugara iritsiko dira. Hala ere, aktoreen lan bikainak, istorioaren indarrak eta haren atmosfera bereziak udako telesail gomendagarrienetako bat bihurtu dute.

 

POKER FACE (2. DENBORALDIA)

SkyShowtime

 

Rian Johnsonek sortua, “Russian Doll” telesailari esker ezagun egin den seriea da “Poker Face”, Natasha Lyonne protagonista duena; bigarren denboraldia estreinatu berri da.

Lyonnek Charlie Cale pertsonaia gorpuzten du: kasino bateko langilea da, eta gezurrak antzemateko dohain bitxia dauka. Kasinoko nagusiarengandik ihesi dabil -aipatuko ez dizuedan arrazoi baten ondorioz-, eta bere dohain hori erabilita, krimen bitxiak argitzen saiatuko da, bidean hainbat pertsonaia deskribaezinekin topo egiten duen bitartean.

Filmak eta telesailak ikertzaileak protagonista dituen “Whodunit” izeneko generoaz josita daude -“Sherlock Holmes” kasu-, non krimen baten egilea aurkitzeko ahalegina egiten den. Narrazio klasikoetan ohikoa bada ere, egitura errepikagarria izaten da askotan.

Rian Johnsonek kontzeptua apur bat eguneratu du “Howcatchem” deritzona gehituta: detektibeen istorio alderantzikatua, non ikusleak hasieratik ezagutzen duen hiltzailea, baina poliziak ez. Horrela, narrazioa tentsio eta ikuspegi berriekin garatzen da, detektibea pista berriak aurkitzen saiatzen den bitartean, eta ikusleak prozesua bertatik bertara jarraitzen du.

Atal bakoitzak misterio independente bat jorratzen du, eta horri esker, hainbat istorioz gozatzeko aukera dago, Charlieren garapenaren hari nagusia galdu gabe. Detektibeen telesail klasikoak gogorarazten dituen formula da, baina Johnsonek aire fresko eta modernoa erantsi dio, elkarrizketa biziekin eta kapitulu bakoitza aberasten duten aktore gonbidatu garrantzitsuekin.

Pertsonaia xelebreak, elkarrizketa burutsuak eta batzuetan egoera zentzugabeak ditu oinarri, Coen anaien estilo berezia gogorarazten dutenak.

 

AFTER THE PARTY

Filmin

 

Zeelanda Berriko “After the Party” sei atalez osatutako miniseriea da, eta Pennyren istorioa azaltzen du, institutu bateko adin ertaineko irakasle batena. Familiarekin eta lagunekin antolatutako festa batean, senarrari (Peter Mullan) Grace alabaren lagun bati abusuak egin izana leporatuko dio; inork ez dio sinetsiko, eta haren mundua amiltzen hasiko da.

Telesaila ekintza horietatik bost urtera girotuta dago, gizona Zeelanda Berrira itzultzen denean. Grace eta bilobarekin bizitzera joango da, eta jada itxitzat jotzen ziren zauriak berriro irekiko dira. Narrazioak denboran jauziak egiten ditu (flashback bidez), gertatutakoaren eta horren ondorioen hariak pixkanaka aletuz.

Misterioa argitzearen alde baino gehiago, suspense moral eta psikologikoaren alde egiten du telesailak. Dramaren sustraiak baditu ere, zenbait unetan thriller psikologikoaren bideari jarraitzen dio.

Wellingtonen girotua (Zeelanda Berriko hiriburua), inguruneak pertsonaia bat balitz bezala funtzionatzen du. Alde horretatik, Erresuma Batuko telesailen kutsua du: estilo naturalista, soila eta apaingarririk gabekoa erabiltzen du. Kamera bizkarrean, kolore itzaliak eta isilune trinkoak dira nagusi. Narrazio-estilo sotil horrek sakonki kaltetutako pertsonaien eguneroko bizitzan modu oso sinesgarrian murgiltzea ahalbidetzen du.

Kontakizunaren arreta osoa Robyn Malcolmen pertsonaian eta interpretazioan jarri dute sortzaileek. Interpretazio bizia, konplexua eta erraietakoa eskaintzen du; lan aparta egiten du, eta bere pertsonaiaren geruza guztiak zoragarriak dira.

 

A CRUEL LOVE: THE RUTH ELLIS STORY

Filmin

 

Lau atal besterik ez dituen arren, “A Cruel Love: The Ruth Ellis Story” telesail laburrak gai sakon eta garrantzitsuak jorratzen ditu: misoginia estrukturala, etxeko indarkeriaren normalizazioa, justizia klasista eta patriarkala, eta osasun mentala, besteak beste. Ruth Ellisen benetako istorio sinestezin eta mingarrian oinarritzen da; Britainia Handian urkatu zuten azken pertsona izan zen.

1955ean girotua, Ellisek 28 urte zituela ospea lortu zuen Londresko kluben munduan, hiriburuko kudeatzaile gazteena bihurtuta. Hala ere, arrakasta horrek ez zuen luze iraun: David Blakely lasterketa-pilotuarekin harreman toxiko eta bortitza hasi zuen. Ruth Blakelyren hilketagatik auzipetu zuten eta heriotza-zigorra ezarri zioten.

Telesailak hiru denbora-lerro nagusiren artean txandakatzen du kontakizuna: krimenaren unea, epaiketa eta Ruthen bizitzako flashbackak. Baliabide narratibo horrek helburu argia du: protagonistaren erretratu emozional eta psikologikoa eraikitzea. Estruktura zentzuz landua dago, baina zatiketa horiek Ruthen aldeko lotura emozionala zailtzen dute, eta erritmo dramatikoa zertxobait diluitu. Istorioa oso boteretsua da, baina erabilitako tonua melodramatikoegia iruditu zait eta zenbait ekintza gehiegi azpimarratzen dira, sotiltasunik gabe.