GAUR8

Infernuko burruntzia paradisuan

Mezu bat mugikorrean: «hemen nagok». Mezuarekin batera, argazkia: putzu bat. Putzu bat, parke urbano eder batean. «Hemen nagok» batekin hasten da gaurko istorioa, beraz. Bueno, hasi-hasi, lehenago hasi zen. Esan dezagun, amaieraren hasieratik ekin diogula hau guztia kontatzeari.

Hernaniko urmaeleko makila bakarrean hiru burruntzi espezie, une berean, bata bestearen jarraian pausatuta. Ezkerrekoa da «Orthetrum albistylum» espeziea, txitxi-burruntzi isats-zuria, Iberiar penintsulan beste inon aurkitu ezin dena. (Iñaki MEZQUITA)

Iñaki Mezquita ezagutzen duenak badaki zertaz ari naizen. Ezagutza eta pasioa elkartzen direnean, sortzen da zerbait oso zaila dena deskribatzen. Ulertzeko bizi egin behar baita, edo bestela, Mezquitari entzun. «Hemen nagok» batekin jakinarazi zidan han zegoela. Urmaelean zegoela. Urmael horretan, zehazki. Maiatzaren hasieran burruntzi baten irudia bidali nion mugikor bidez. Bideo bat zen eta burruntzia urmaelean arrautzak jartzen ari zen, jo eta fuego, lanean. Mezquitak ez zuen zalantzarik egin.

- Libellula depressa bat duk, burruntzi zapala, tokaio. Emea, arrautzak jartzen.

Eta jarraian, urmaelaren argazkia bidali nion eta erantzun:

- Hi haiz hi artista. Sortu berria dugun urmael batean aurkitu diat.

Eta segidan, bere galdera:

- Non zegok?

«HEMEN NAGOK»

Iñaki Mezquitari urmael baten argazkia bidali eta «non zegok» galdetzen duenean, ez da alferrik egindako galdera izaten. Maiatzaren hasieran bidali nion mezua. Abuztuaren 25ean bidali zidan berak urmaelaren argazkia mugikorrera. «Hemen nagok». Han zegoen, goizeko 9.30ean, Mezquita, bere armamentu eta guzti: begiak (betaurrekoen laguntzarekin) eta argazki kamera handi bat.

Lau ordu beranduago, bigarren mezua iritsi zitzaidan. Audio bat:

- Aupa, Iñaki. Eguerdi on. Ez diat urte osoan gaur adina gozatu. Bidaliko dizkiat argazkiak, baina ez didak sinetsiko. Ikaragarria izaten ari duk. Baina… esajeratua!

Iñaki Mezquita Hernaniko Ave Maria parkeko urmaelean zegoen. Lau ordu zeramatzan batera eta bestera mugitzen. Begiak erne, bertako odonatuak aztertzen. Burruntziak eta sorgin-orratzak ikertzen. Kosta egiten zitzaion sinestea, ordea, han ikusten ari zen guztia. Parke urbano bateko putzu sortu berri batean zegoen, baina bertan mugitzen zen burruntzi eta odonatu espezie kopurua oso altua zen. Batera eta bestera, mila koloretako helikoptero txiki zoragarri horiek bueltaka, urmaelaren bueltan, haien aireportua bailitzan. Argazki zoragarriak ari zen ateratzen Mezquita, behaketak egiten, inguratzen zitzaizkion familien eta pertsonen galderak erantzuten… gustura zegoen. Oso gustura, baina… hori gutxi ez, eta… ondoren ikusi zuenak… ondoren ikusi zuenak aho zabalik utzi zuen. Ez zuen espero. Ez zuen espero han. Pozez zoratzen jarri zen.

- Iñaki, bonbazo bat zeukaat.

Eta kontatu egin zidan:

- Burruntzi oso berezi bat ikusi diat urmaelean. Ez didak sinetsiko. Aurretik ere Iberiar penintsula osoan oso-oso leku gutxitan ikusi izan dugun burruntzi espezie bat duk. Azken urteetan, ez diagu inon aurkitu, ordea. Une honetan, zuek sorturiko urmael hau duk Iberiar penintsulan espezie hau ikusteko putzu bakarra.

Orthetrum albistylum, txitxi-burruntzi isats-zuria, ezustean agertu da Hernaniko parke bateko urmael batean, Mezquitaren begien aurrean. 2024ko azaroan ikastetxe ezberdinetako ikasleekin auzolanean sorturiko urmaelean agertu da. Iberiar penintsula osoan, hor baino ez duzu aurkituko oraintxe.

Miraria gertatu al da Ave Marian?

«Orthetrum albistylum» espeziea, txitxi-burruntzi isats-zuria. (Iñaki MEZQUITA)

MIRARIRIK EZ AVE MARIAN

Hernaniko Ave Maria parkeko urmaela urmael artifiziala da. Ez da naturala, baina natural baten funtzio bera betetzen du. Izan ere, artifiziala duen gauza bakarra lurra iragazgaitza bihurtzeko jartzen den oihalen geruza da. Hortik aurrera, natural baten prozesu bera jarraitzen du.

Urmael txikiak espezie askoren bizileku bakarrak dira, edota ugaltzeko guneak, bazkalekuak, gordelekuak edota klima aldaketari aurre egiteko animalien babeslekuak. Biodibertsitatearentzat leku oso garrantzitsuak. Hernanikoa ez da berezia alde horretatik, baina berezia bada beste hainbat gauzagatik.

Ave Mariakoa ez da miraria. Aranzadi Zientzia Elkarteak urteak daramatzalako hezeguneak berreskuratzen. Esperientzia handia du: 25 urtetan 400 inguru sortu ditu. Izan ere, XIX. eta XX. mendeetan hezegune handien %60 suntsitu du gizakiak. Hezegune txikiei buruz, ez dago daturik, baina emaitzak are eta tristeagoak izango dira, zalantzarik gabe.

Baina Ave Mariakoa ez da miraria, batez ere, egin aurretik gauza asko izan zirelako kontuan.

INFERNUKO BURRUNTZIA, AVE MARIAKO PARADISUAN

Ave Mariako parkea paradisu txiki bat da Hernaniko hirigunean. 2009an parke bihurtzeko lehiaketa abian jarri zenean, jada proposatu genuen bertan urmael txiki bat sortzea. 2023an, Sagarreta Natur Taldekoak etorri zitzaizkigun galdezka, Ave Maria parkeko eremu batean biodibertsitatea eta hezkuntza txertatzeko zerbait diseinatu nahian zebiltzala esanez. 2009an egin urmaela egiteko proposamena egin genien, eta haiek aurkeztu, eta Hernaniko Udalak, onartu.

Urmaelaren kokapena, alabaina, ez zen zoriz egindakoa. 2009tik jada azpimarratzen ziren ezaugarrietan oinarrituriko kokapena zuen.

Ave Mariako parkeko ertz batean errekastoak sartu-irten bat egiten du. Errekasto hori, era berean, parkea inguratzen duen errepidearen azpitik dator, etxe soltez osaturiko auzo batetik. Etxe horien artetik doa errekastoak osatzen duen bailaratxoa, eta eremu horrek berak, korridore ekologiko moduan jokatzen du Oriamendi mendiarekin. Alegia, Hernani inguruko mendien eta Ave Maria parkearen artean naturak bere fluxua mantentzeko moduko pasilloa dago egina, edo hobe esanda, kontserbatua. Ave Maria bihotza bada, errekastoa da arteria nagusia. Hala, urmaelak errekastotik gertu behar zuen, baina era berean, aparte, euri urekin betetzea nahi zelako. Putzuak ur-geldoak behar zituelako.

Putzua egiteko garaian, era berean, forma anitzeko ertza zuen urmaela diseinatu zen. Espezie dibertsitatea handituko zuena, eguzki-tasa ezberdinak, uraren sakonera ezberdinak, landare mota ezberdinak eta beste hainbat faktore kontuan izanik.

Burruntzia edota Hernanin bertan “infernuko burruntziya” moduan ezagutzen den animalia deabruaren zelataria dela esan ohi izan da, bere begi handiekin ikusi eta infernuko etsaiari edo deabruari ematen ziolako munduaren berri. Infernuko burruntziak aurkitu du bere paradisua, Ave Marian.

«Sympetrum fonscolombii» espezieko ar gaztea. (Iñaki MEZQUITA)

PUTZU TXIKI BAT, ABERASTASUN HANDI BAT

Biodibertsitatearen galeraren erdian, hiri jasangarriagoak sortzea da etorkizuneko erronketako bat. Horretarako, ordea, hirien antolaketan eta arkitekturan ezinbestekoa da hainbat ikuspuntu ekologiko txertatzen joatea. Hala nola korridore ekologikoak sortzea herri barruan, eremu berde dibertsoak eraikitzea edota galduriko habitatak berreskuratzeko pausoak ematea.

Urmaela sortzearekin batera, hezeguneetako ornogabeak segituan agertu ziren putzuan bertan. Ikertzaileek ezer askatu gabe, naturak bere bidea egin du, eta hilabete gutxian, dozenaka uhandre palmatu (Lissotriton helveticus) azaldu eta umatu dira. Hegaztiak ikusten dira ura edaten eta bertako intsektuak jaten. Putzuetako landaretzak ingurua hartu du eta urmaela azkar ari da naturalizatzen. Biodibertsitatea erakartzen duen gunea da urmaela.

Ezusteko politak ari da ematen, eta horietan ederrena txitxi-burruntzi isats-zuria izan da; baina ez bakarra. Izan ere, arreta ematen du bertan dagoen sorgin-orratz eta burruntzi espezie aberastasun handiak. Mezquitak 6 burruntzi eta 4 sorgin-orratz espezie topatu ditu. Abuztuko egun bakarrean 10 (nik maiatzean bidalitakoarekin, 11). Aniztasun horren seinale, Mezquita bera ere txundituta utzi zuen irudia: urmaeleko makila bakarrean hiru espezie, une berean, bata bestearen jarraian pausatuta erakusten duena. Adituaren esanetan, edozein liburutan jartzeko moduko argazkia da, eremu txiki baten aberastasunaren irudia.

Putzua txikia da, baina duen aberastasuna, oso handia. Mezquitak, ordea, badu beste galdera bat buruan. Abuztua garai onena izan gabe, eta behin joanda, 10 espezie ezberdin aurkitu baditu, udaberritik udazkenera joanda, zenbat aurkituko ote lituzke urmael berrian? Etorkizunerako bada lanik.

AUZOLANEAN SORTURIKO ALTXOR TXIKI BAT

2024ko azaroan Hernaniko ikastetxeko ikasleek, gurasoek eta herritarrek auzolanean sortu zuten Ave Mariako urmaela. Urmael hori bera, aurten, Eskoletako Urmaelen Sarean sartuko da, baina aurretik, izan ditu eta eman ditu buruhausteak hainbat. Sortu eta gutxira, norbaitek arrain laranjak askatu zituen eta arrain horiek ugaldu egin ziren. Arrisku bizia bertako ekosistemarentzat. Putzua sortu zuten ikasleen eta irakasleen eskaerari kasu eginez, Hernaniko Udalak, Aranzadirekin batera, auzolanean berreskuratzeko pausoak eman zituen ekain hasieran.

Urmaela bor-bor zegoen unea zela jakinda ere, erabaki gogor bat hartu behar izan zen. Ekosistemarentzat zegoen arriskua zela eta, zerbait egin beharra zegoen, eta azkar. Hala, urmaela guztiz hustu zen, eta berriz ere, ikasleen laguntzarekin, putzu berriari bultzadatxoa eman zitzaion. Arrainak putzutik atera beharra zegoen. Lau karpa handi eta 200 karpin txiki harrapatu zituzten bertatik. Izan ere, arrainak jada ugalduak ziren eta hilabete gutxian putzu guztia hartua zuten.

«Sympetrum fonscolombii» espezieko eme gaztea, Hernaniko Ave Maria parkeko urmaelean. (Iñaki MEZQUITA)

HEMEN NAGOK, HEMEN ZEGOK

«Hemen nagok» esan zuenetik, sarri hitz egin dugu Iñaki Mezquitak eta biok. Txitxi-burruntzi isats-zuria ohikoa da Europa aldean, baina Iberiar penintsulan apenas daude aipuak. Katalunia aldean ez da sekula ikusi Pirinioetatik behera. Euskal Herrian, duela hamar urte inguru ikusi zuen Mezquitak berak Irungo Plaiaundi inguruan. Azken urteetan, ordea, ez dute aurkitu bertan. Mutiloan ere topatu zuen behin, ale heldu bat, hegalak zisko eginda zituena. «Hura, ordea, haizeteren batek garraiatua izango zuan, tokaio». Horiek penintsulako behaketa bakarrak.

Urmael sortu berriaren kokapena eta ezaugarriak onak dira espeziearentzat, baina Mezquita gehien harritu duena Hernanin aurkitu izana da, azken urteetan Irun inguruan topatu ez denean. Horren aurrean, alabaina, galdera bota beharra zegoen, eta egin genion, adituari. Posible al da ale hau ere haizeteren batek ekarri izana?

Mezquitak lau ordu pasa zituen Ave Mariako urmael txikian batera eta bestera. Espezieak ikusi, identifikatu eta argazkiak ateratzen ez ezik, haien jarrerak eta egitekoak ikusten eta aztertzen. Galdera eginda, ez du zalantzarik izan erantzuteko garaian: «Ar heldua duk ikusitakoa. Basapizti bat bezala zebilek urmaelean, batetik bestera. Lotsagabe. Hau ez dik haizeak ekarri. Bere gorputza ikustea besterik ez duk: hau sasoiko zegok».

Gauza bakoitzak bere denbora behar izaten du, eta putzu bakoitzak, bere erritmoa, diseinua eta sortzeko prozesua. Hernaniko urmaelak ere bai, eta denbora gutxian eman ditu lehen ezuste politak. Ave Mariako paradisuan, infernuko burruntzien artean, galdera asko daude erantzuteke oraindik, ordea. Begiak zorroztuta eta kamera soinean, Mezquitak badu ehizarako leku berri bat. Eta hurrengoan ere mezu bat bidaliko dit:

- Hemen nagok.

Eta bigarren bat bidaltzeko aukera ere izango du:

«Hemen zegok», tokaio.