Atxondoko Udalak eta Bizkaiko Pilota Federazioak hitzarmena sinatu dute herrian pilota sustatu eta berrindartzeko. Ohar batean udal iturriek azaldu dute, «herrian tradizio handia izan duen kirola» den arren apurka-apurka indarra galtzen joan da.
Akordioarekin «biziberritzeko lehen harria» jarri dute. Eneritz Agirre alkatearen esanetan, «pilota herriko bizitzaren parte izan da urte askoan eta hori berreskuratu nahi dugu».
Herriko umeak entrenatzeko etxeko pilotari baten aldeko apustua egin dutela azaldu dute. Izan ere, Josu Eguren pilotariak hartu du ardura, eta nabarmendu dutenez, «24 urtegaz, gogotsu ekin dio erronkari».
Egurenek berak gogoratu du «Atxondo pilotalekuan hazi eta hezi» zela. «Orduan ikasitako guztia orain umeei erakusteko aukera izateak ilusio handia egiten dit», adierazi du kirolariak.
Udaletik ekimenak izan duen harrera ona azpimarratu dute. «Une honetan 4 eta 13 urte arteko 16 neska-mutil inguru dabiltza pilotan, denak atxondarrak, eta saioren batean 20 baino gehiago bildu izan dira». Apatako pilotalekuan dira entrenamenduak, astearte eta ostiral arratsaldetan.
Jon Aranburu zinegotziaren iritziz, «gaztetxoak herriko frontoian gozatzen ikustea da proiektu honen arrakastarik handiena».
Igande honetan bertan, gainera, «proiektua sendotzeko pauso berri bat eman» dute. Atxondon martxan dagoen pilota goxoa txapelketako atariko partidak jokatu zituzten herriko hainbat umek, eta datorren urtera begira, «garai bateko Atxondoko Pilota Eskola berriro martxan jartzea da helburua eta kudeaketaren ardura osoa bertatik eramatea».