«Beatriz Allende ahaztu egin da bere ideiak ez zetozelako bat Txile neoliberalarekin»
Tanya Harmer irakaslea Gerra Hotzean eta Latinoamerikan aditua da. Txileko prozesu iraultzailea gertutik ikertu du, eta ikerketa horretatik, «Beatriz Allende. Una vida revolucionaria en América Latina durante la Guerra Fría» liburua idatzi du.

Beatriz Ximena Allende Bussi 1942ko irailaren 8an jaio zen Txilen. Salvador Allende eta Hortensia Bussiren bigarren alaba izan zen. Txileko Santiagon hezi zen, ezkertiar giro batean. Hamalau bat urte zituela, herrialdeko desberdintasun sozioekonomikoez kontzientzia hartzen hasi zen, bere aitak egiten zituen bidaietan laguntzen hasi zenean.
«Txiki-txikitatik jarduera politikoetan sartuta egon ginen. Aitak politikan parte hartzera, ikastera, trebatzera… animatzen gintuen», gogoratu zuen behin. Bere aitak bezala, Medikuntza ikasi zuen. Osasun publikoaren alorrean lan egin zuen pediatra eta unibertsitateko irakasle gisa.
Txilen, Kuban eta Latinoamerikan hamarkada horietan izan ziren eraldaketa politikoen eta sozialen lekuko zuzena eta sustatzailea ere izan zen. 1970. urtean Allendek Unidad Popularreko (UP) hautagai bezala presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituenean, medikuntza utzi zuen bere idazkari pribatua izateko.
Txileko partidu Sozialistan militante izan zen gazte-gaztetatik. Kubako Iraultzarekin maitemindu egin zen. 1967an Erneste «Che» Guevara hil ostean, Bolivian herrialde desberdinetako pertsonaz osatutako bigarren gerrilla bat sortzen saiatu zen Kubatik. Txileko MIR mugimendu iraultzailea begi onez ikusten zuen; are gehiago, MIR eta Allenderen arteko zubi-lanak egin zituen.
Augusto Pinochet jeneralaren Estatu kolpeak sozialismorako bide txiletarra odoleztatu zuen. Bere borondatearen kontra, La Moneda jauregitik atera zen, Salvador Allende presidenteak hala aginduta. Erbesterako bidea hartzera behartuta, Karibeko irlan babestu zen bere senarrarekin, Luis Fernandez Oña kubatarrarekin, eta bere bi seme-alabekin. Habanan, erresistentzia txiletarrarekin nazioarteko elkartasun kanpainan buru-belarri aritu zen. Baina 1977an bere buruaz beste egin zuen. Pertsona isila zen. Ezagutu zutenek esaten dutenez, pertsona indartsua eta hauskorra zen aldi berean.
Tanya Harmer ikerlariak bere istorioa eta bizipenak errekuperatu ditu “Beatriz Allende. Una vida revolucionaria en América Latina durante la Guerra Fría” liburuan. Vicente Lanek itzulita, gazteleraz kaleratu berri du LOM argitaletxe txiletarrak.
Gerra Hotzak Latinoamerikan izan zuen eragina sakon ikertu du Harmerrek. Asko idatzi du 70eko hamarkadako Txileko prozesu iraultzaileaz, Kubako Iraultzak Latinoamerikan izan zuen eraginaz, kontrairaultzaz eta Gerra Hotzaren testuinguruko herrialde latinoamerikarren arteko diplomaziaz, elkartasun sareez, baita emakumeez eta generoaz ere.
Nola izan zenuen Beatriz Allenderen berri? Zerk erakarri zintuen?
Unidad Popular alderdiaren gobernuari eta Gerra Hotzari buruz nire liburua idazten ari nintzela, Beatriz Allenderen izenarekin topo egin nuen. Bere aita Salvador Allenderen lau hauteskunde kanpainetan parte-hartze aktiboa izan zuen, lehen lerroan egon zen mobilizazio eta elkarrizketa guztietan. Emakume eta iraultzaile gisa izan zuen rola ikertzeko jakin-mina piztu zitzaidan.
Zerk eraman zintuen berari buruzko liburu bat idaztera?
Nire lehenengo liburua nuen garaian idatzi gutxi zeuden Beatriz Allenderi buruz. Esan bezala, jakin-minez eta liluratuta nengoen berarekin, eta gehiago jakin nahi nuen bera partaide zen belaunaldi iraultzaileaz. Historia emakume baten ikuspegitik idaztearen ideiak ere erakarri ninduen, eta Che Guevararen garaian emakume iraultzailea izateak zer esan nahi zuen ulertzeak.
Zer ekarri dizu liburua idazteak, eta zer esan nahi du zuretzat Beatriz Allendek?
Latinoamerikan Gerra Hotzak izan zuen giza dimentsioaren eta eguneroko errealitateen gaineko ulerkera berri bat ekarri zidan liburu honek. Eguneroko bizitzaren izaera erabat politikoa zen. Testuinguru horretan, emakumeek protagonismoa berreskuratu zuten, sutsuki sinetsita zuten aldaketaren alde borrokatu zuten. Beatriz borroka horren protagonista eta ikurra da.
Zer nabarmenduko zenuke Beatrizi buruz emakume eta politikari gisa, eta bere aitarekin zuen harremanaz?
Justizia sozialarekin eta eraldaketarekin zuen konpromiso irmoa nabarmenduko nuke, baita lagunekiko, familiarekiko eta iraultzarekiko zuen leialtasuna ere. Aita biziki maite zuen, baina, aldi berean, berarekin zintzoa eta argia zen, esaten zuenarekin ados ez zegoenean. Elkarrenganako konfiantzan eta leialtasunean oinarritutako harremana zen Salvador Allende eta Beatrizen artekoa. 1973ko irailaren 11n La Moneda jauregitik Salvador Allende aita eta presidentea bertan utzita irten behar izateak bihotza apurtu zion.
Politikak berebiziko garrantzia zuen bere bizitzan, baita medikuntzak ere. Osasun publikoari balio handia ematen zion eta aldaketa sozialerako bide gisa ikusten zuen. Horrek bultzatuta mediku izatea erabaki zuen, aita bezala.
Emakumea izate hutsagatik, lan gehiago egin behar izan zuen Medikuntzako unibertsitatean matrikulatu ahal izateko, matrikula eskaeren %15 soilik ziren emakumezkoenak garai hartan. Baina unibertsitatean nabarmendu egin zen, oso ikasle ona zen eta bere gelakideek asko estimatzen zuten. Horretaz haratago, Beatriz eta, oro har, medikuntzako ikasleen belaunaldi hori sinetsita zegoen osasuna baldintza sozioekonomikoekin lotuta zegoela, eta medikuntza eta arreta desberdintasunaren eta pobreziaren konponbidearen parte zirela.
Nola deskribatuko zenuke emakumeen parte hartze politikoa? Beatrizek eta bere ahizpek esku hartze aktiboa izan zuten Allenderen presidentetzarako lau hauteskunde kanpainetan. Bere aita ekitaldi politiko gehienetan lagundu zuten Txilen.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan emakumeen presentzia politikoa handitu egin zen ezkerrean. Ikasle mugimenduan sortzen ziren eztabaidetan, hautagaiei babesa adierazteko egiten ziren mobilizazioetan eta ekimenetan parte hartzen zuten eta partidu politikoetan militatzen zuten. Eskasiari aurre egiteko, elikagaiak eta hornidurak banatzeko ardura ere bazuten. Baina, esan beharra dago baita ere, apenas zegoela emakume liderrik. Hori dela eta, emakumeen papera eta protagonismoa ahaztu egin da neurri handi batean. Hortaz, garrantzitsua deritzot protagonismo hori berreskuratzeari eta iraganari egin zioten ekarpena aitortzeari.
Eskuinean ere, emakumeek gero eta protagonismo handiagoa izan zuten politikan, nahiz eta askotan haien esku-hartzeak apolitiko gisa kokatu. UP-ren aurkako oposizioaren gorakadan funtsezko eragileak izan ziren, adibidez.
Liburuan aipatzen duzu 1964ko presidentetzarako kanpainan Eduardo Frei Montalva Alderdi Kristau-demokratako (PDC) lehendakarigaiak bere emaztea goraipatu zuela etxean seme-alabak zaintzen geratzeagatik, eta senarra eta emaztea politikan aldi berean ezin zirela egon defendatu zuela. Beste aldean, Allendek emazteari eta hiru alabei -Carmen Paz, Beatriz eta Isabel- protagonismo handia eman zien eta Emakumezkoen Komando Nazionala ere martxan ipini zuen.
Halaber, 1964ko hauteskundeetan emakumezkoen botoen %62,8 Freiren aldekoak izan ziren. Langile sektoreetan eta komunitateetan, %50ek baino gehiagok Freiri eman zion botoa. Kanpaina gogorra izan zen hura. AEBen babes ekonomikoa izan zuen. Eskuinak emakumeei zuzendutako «beldurraren kanpaina» abian ipini zuen. Allendek irabaztekotan, Txile diktadura komunista ateo bilakatuko zela, FRAPek familiak eta emakumeek gizartean zuten estatusa suntsituko zituela eta tankerako mezuak bota zituen etengabe. “El Mercurio” egunkariak Sobiertar Batasunean emakumeak «izugarri gogorrak ziren lanak egitera behartuta» zeudela esaten zuen artikulu sorta bat argitaratu zuen. Eta “Eva” aldizkariak Moskuko eguneroko bizitzari buruzko erreportaje esklusibo bat kaleratu zuen astean sei emanalditan. Horren arabera, «emakumeak izoztuta ibiltzen ziren elurretan, ordu luzez lan egin behar zuten soldata apalen truke, oinarrizko elikagaiak lortzeko ilara amaigabeak egiten zituzten eta apartamentu txiki eta gainezkatuetan bizi ziren». Kuban haurrak Sobietar Batasunera milizietan parte hartzeko bidaltzen zituztela zioen zurrumurrua ere bolo-bolo zabaldu zuen eskuinak,«beldurraren kanpaina»-ren parte.
Honi aurre egiteko, Salvador Allendek bere arreba Laurak zuzendutako Emakumezkoen Komando Nazionala eratu zuen eta emakumeak beren aldetik mobilizatzen hasi ziren. Egin zituzten ekimenen artean, adibidez, Allenderen A hizkia oihalezko fardeletan josi zuten. Milaka emakumek berdina egin zuten. Alfabetatze taldeak ere nonahi bultzatu zituzten.
Nola hartu zuten Allendek berak eta familiak 1964ko hauteskundeak galdu izana, AEBen Freiren kanpainaren aldeko esku hartzea ikusita?
Kolpe handia izan zen beraientzat. Hauteskunde kanpaina horretan inoiz baino sartuago egon zen familia. Une erabakigarria izan zen Beatrizentzat, hiru alaben artean izaera politikoagoena zuena baitzen. Ordura arte demokrazian zuen konfiantza galdu zuen hein handi batean. 1964ko ondorengo epean buru-belarri ibili zen medikuntzan, bai formakuntza aldetik baita lan aldetik ere. Medikuntzaren alorrean aktibitate handiko urteak izan ziren.
Nola deskribatuko zenuke emakumeen presentzia garaiko hedabideetana?
Medioen arabera aldatu egiten zen, baina, orokorrean, esango nuke muga batzuen barruan kokatzen zutela. Haien parte hartze politikoa txalotzen zuten arren, askotan emakumeen estetikarekin, janzkerarekin edo amatasunarekin lotzen zituzten elkarrizketak, erreportajeak edo albisteak. Garai hartako Txileko gizarteko genero-arau tradizionaletara mugatzen zen.
Zer-nolako eragina izan zuen Kubako Iraultzak Txileko politikan eta Beatrizengan?
Kubaren eragina Txilerengan eta Beatriz berarengan izugarria izan zen. Baina hori ulertzeko, garaiko testuingurua ezagutu eta ulertu behar da. Ezkerrak hauteskundeetan hain estu galdu izan ez balu eta ageriko desberdintasun sozioekonomikoen gainean gizarte mailan ezinegon hori egon izan ez balitz, ez dut uste hain eragin handia izango zuenik. Txilek Kuba aukera eta alternatiba gisa ikusten zuen. Beatrizi, 1960ko hamarkadan Kubara egin zuen bidaiak bizitza eta ikuskera aldatu zizkion.
Eta zer-nolako harremana izan zuen Beatrizek MIR mugimenduarekin?
Nahiz eta MIR mugimendu iraultzailearen partaidea ez zen izan -Partidu Sozialistari eta bere aitari zion leialtasunagatik-, politikoki, Beatrizek begi onez begiratzen zuen; MIR-eko lider asko lagun zituen eta zubi-lanak egin zituen mugimenduaren eta bere aitaren artean. GAP sortu zenean, protagonismo handiagoa izan zuen eta Allende presidentea babesteko ardura eman zion. Bolivian izan zuen esku hartze iraultzaileagatik eta Kubarekin zuen harreman estuagatik, gertuko eta Allenderekiko fidelak ziren pertsonez osaturiko segurtasun gorputz berezi hori osatzeko gaitasuna zuen.
Txileko politikan eta Allenderen Gobernuan protagonismo handia izan zuen arren, ahaztu egin da. Zergatik?
Batetik, diktaduraren erdian oso gazte hil zelako. Bere buruaz beste egin izana kritikatu zuten. Horrez gain, milaka txiletar desagertuta, atxilotuta edo kartzelan zeudela gertatu zen. Bestetik, Beatriz Allende ahaztu egin da bere ideiak eta proposamen politikoak ez zetozelako bat diktadura osteko Txile neoliberalarekin. Ez zegoen lekurik Beatriz eta bera bezalako militanteak gogoratzeko. 2019. urtean Txilen egon ziren protesten eta «udaberri feminista»-ren testuinguruan, belaunaldi iraultzaile hura eta, batez ere, emakumeen parte hartzea berreskuratzen hasi ziren Txilen.
Nola baloratuko zenuke Allendek utzi duen legatua?
Bere ondarea orain dela hamarkada batzuk baino lehiatuago sentitzen da egungo Txilen. Eskuinak historia berridatzi eta diktadura zibil-militarra zuritu nahi du. Beatrizi buruzko nire liburua, neurri batean, ahalegin bat izan zen ulertzeko zergatik sinesten eta borrokatzen zuten hainbeste txiletarrek aldaketaren alde kolpearen aurreko urteetan eta gero zergatik eta nola borrokatzen zuen jendeak diktaduraren aurka, nola eragiten zuen eguneroko bizitzetan, eta zergatik den garrantzitsua haren krimenak inoiz ez ahaztea.