GAUR8

Udalerri txikietan Berdintasun Legea betetzen laguntzeko ekimena abiatu dute EAEn

Berdintasunerako Legea betetzeko beharrezko egiturak osatzen laguntzeko ekimena jarri dute abian Eudelek eta Emakundek elkarlanean, ‘Berdinsare(H)abian’ programaren bidez. 7.000 biztanle arteko udalerriei zuzenduta, lehen topaketan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden esperientziak aztertu dituzte.

Lezoko herria, irudian.
Lezoko herria, irudian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Eudel Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Udalen Elkarteak eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak ‘Berdinsare(H)abian’ programa jarri dute martxan, 7.000 biztanle arteko udalerriei berdintasunaren aldeko tokiko politikak ezartzen eta finkatzen laguntzeko. Helburua da hiru lurraldeetan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea «benetan bete dadin erraztea».

Esther Apraiz Eudeleko elkarteburu eta Derioko alkatea eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria 7.000 biztanle arteko 194 udalerrietako ordezkaritza politikoarekin egindako topaketaren buru izan ziren atzo Iurretan, Oskar Koka bertako alkatearekin batera.

EAEko %76 dira 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak; asko Arabako kuadrilletan biltzen dira, eta, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, mankomunitateetan eta beste elkarte batzuetan.

Berdintasunerako Euskal Legeak ezartzen du tokiko erakunde guztiek, edozein tamainatakoak direla ere, berdintasuna bultzatzeko berariazko egiturak izan behar dituztela, langile tekniko espezializatuekin, dedikazio egokiarekin eta behar besteko baliabideekin. Hala ere, baldintza horiek erronka handia dira populazio txikieneko udalerrientzat.

Egoera horri erantzuteko, Eudelek eta Emakundek, Berdinsarea udalerrien sarearen bitartez, «laguntza eta babes hobea» emango diete udalerri txikiei, beren berdintasun egiturak antolatzen eta beren eskalara egokitutako politika publikoak hedatzen laguntzeko eta horiek babesteko.

Trebakuntza eta formula partekatuak

Bada, ‘Berdinsare(H)abian’ ekimena dagoeneko berdintasunerako egiturak dituzten udalentzat da, baina baita, bereziki, horiek eratzeko prozesuan daudenentzat ere. Horrela, alde batetik, prestakuntza eta berrikuntza errazte aldera, sareko trebakuntza saioak eta urteko topaketak eskainiko ditu praktika aurreratu eta berritzaileak partekatzeko.

Beste alde batetik, berdintasun estrategia kudeatzeko formula partekatuak diseinatzeko eta adosteko laguntza teknikoa eta metodologikoa ere eskainiko du, hainbat tresnaren laguntzarekin: udalerri bakoitzaren egoeraren azterketa eta baliabideen diagnostikoa, akordio ereduak, finantzaketa formulak eta beste.

Aiarako Kuadrillaren, Txorierriko Mankomunitatearen eta Legorreta, Segura eta Zaldibiako udalen esperientziak aurkeztu ziren topaketan. 

Araban, kuadrillek lanaldi osoko berdintasunerako teknikari plazak finantzatzen dituzte, eta horrek estaldura bermatzen du 7.000 biztanletik beherako udalerrietan. Bizkaian, berriz, zenbait mankomunitatek (Txorierri, Enkarterri eta Uribe Kosta) ahaleginak batzea eta langile tekniko komunak izatea erabaki dute.

Era berean, Gipuzkoan, Lezon, Usurbilen eta Seguran, esaterako, udal teknikarientzako plazak sortu dituzte, eta beste batzuk udalaz gaindiko egituren bidez hasi dira langileak partekatzen.