09 MAY. 2025 - 00:00h Gaur 20 urte hil zen Begoña Bilbao bermeotar euskaltzale amorratua Idazle, jostun, abesti egile, euskara irakasle eta, 50 urterekin, Euskal Filologoa izan zen Begoña Bilbao Alboniga (Bermeo, 1932ko azaroaren 23a - 2005eko maiatzaren 9a). Injustiziak gorroto zituen emakume bikain honen azken liburua Gazaren genozidioaren aurkakoa izan zen. Begoña Bilbao Xabiertxo bilobarekin, (BIDEGILEAK | Eusko aurlaritzaren argitalpen Zerbitzu Nagusia) Amaia Ereñaga 1932ko azaroaren 23an jaio zen Bermeoko Katu Kalen Begoña Bilbao Alboniga, Luis Bilbao eta Luisa Albonigaren alaba zaharrena. Beste alaba guztiek bezala Kastañero ezizena bereganatu zuen eta, txikitatik, liburuak maite zituen. Joseba Iriondok egin zion biografian, Kastañerotarrak abertzaleak zirela irakurri dezakegu. Aita Luis kartzelan egondakoa zen gerrako urteetan. Bost urte egin zituen giltzapean, eta bete ez zuen heriotza zigorra ere ezarri zioten. Urte haietan etxean bizi, entzun eta edandakotik indartu zitzaion Begoñari beste maitasun handia: euskara. Euskaltzale, irakurle amorratua... oinarrizko ikasketak ez zituen eta, bizitza osoan, jostun aritu zen. Lagunek diotenez, autodidakta zen, asko irakurri eta bere kasa ikasteko gaitasuna zuelako. «Horregatik ia inortxori ere ez zitzaion harrigarri egin emakume handi hura maistra lanetan ikustea, nahiz eta egunez josketa dendetan aritu», dio Iriondok. AEKren hastapeneko urteetan euskaltegiaren sorreran parte hartu zuen Begoñak. Gau eskoletan irakasle, batuaren aldekoa zen Begoña Bilbao ezbairik gabe, baina herriko hizkera maite zuen aldi berean. Honek arazoak sortuko zizkion Bermeon, gaizki ulertua izan zen garai batean. «Sarritan entzun behar izan dugu Bermeoko euskara oso txarra danaren leloa. Milaka bider jaurti deuskue aurpegira gaztelaniazko hitz asko sartzen dogulakoa, txarto erabiltzen dala aditza, batere ez dogula erabiltzen eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Honelakoak entzun ezkero, ez da harritzekoa konplexuz beterik egotea», adierazi zuen elkarrizketa batean ‘Bermeoko berba eta esamolde kresaltsuak’ (2002, Bermeoko udala) argitaratu zuenean. 70eko hamarkadan bere alaba gaztearentzat, Lupe abeslaria, abestien letrak idazten hasi zen eta, 50 urterekin, Euskal Filologiako ikasketak hasi zituen Deustun. «Beranduko ikaslea izan nintzen bai. Eta gustora egin nuen gainera», adierazi zuen. Eta 80. hamarkadan ere ekin zion literatura idazteari euskaltzale sutsu honek. Irun Hiria, Lizardi, Idatz & Mintz sariaren akzesita edota Bilboko Udalaren Emakumeak kontari sariak irabazi zituen, besteak beste. Azken liburua ‘Palestina, zure mina’ (2024, Elkar) izan zen. «Giza bonbengatik ez balitz, delako suizidarik ez balego, ziurrenik ahaztuta edukiko genuke Palestina. Horiek ez dira eroak. Palestina hiltzear dago, palestinarrik gabe hilko da. Ez daukate ezer galtzeko, irabazteko deus ez, ohore bat da aberriarengatik hiltzea», adierazi zuen orduan.