17 MAY. 2025 - 00:00h «El Eternauta», Argentinan lapurtutako umeen bilaketari bultzada eman dion telesaila Hector Oesterheld gidoilari eta idazle argentinarrak 1957tik 1959ra bitarte publikatu zuen «El Eternauta» komikia oinarri hartuta Netflixek estreinatu berri duen telesailak Argentinako diktaduran lapurtutako haurren bilaketari bultzada eman dio. Kontsultak seikoiztu egin dira egunotan. H.I.J.O.S elkarteak telesailaren logotipoarekin eta Oesterheld familiaren argazkiekin bere sare sozialetan zabaldu duen argazkia. (H.I.J.O.S) Ainara Lertxundi Netflixek estreinatu berri duen “El Eternauta” zientzia fikziozko telesailak Argentinako diktadurak desagerrarazi zuen Oesterheld familia lehen lerroan ipini du eta jaiotzear zeuden bi bilobaren bilaketa berriz bultzatu du, batez ere sare sozialetan. “El eternauta” komiki ospetsua Hector Oesterheld idazle eta komikilari argentinar entzutetsuak idatzi zuen. 1957ko irailaren 4an argitaratu zen lehen aldiz, “Hora Cero Semanal” aldizkari argentinarrean. 1959 bitarte publikatu zuten, astean hiru orrialdeko maiztasunarekin. Zientzia fikziozko komiki klasiko bat da, non estralurtarrek elurte toxiko baten bitartez lurra inbaditzen duten eta Buenos Airesen, Juan Salvo pertsonaiaren gidaritzapean, pertsona talde bat elkartzen den haiei aurre egiteko, kaosaren eta suntsipenaren erdian. Argentinako eta Latinoamerikako komikirik garrantzitsuenetariko bat da. Oesterheld 1977ko apirilaren 27an harrapatu zuten militarrek, klandestinitatean zegoela. Atxiloketa zentro klandestino desberdinetan egon zen; horien artean, El Vesubion. Bai berak, baita bere lau alabek ere -Beatriz Marta, Diana Irene, Estela Ines eta Martina-, Montonerosen militatzen zuten. Momentu desberdinetan, guztiak bahitu eta desagerrarazi zituzten. Hiru alaba haurdun zeuden, baina bat atxiloketa momentuan hil zuten. Bizirik gelditu zen bakarra horien ama izan zen, Hectorren emaztea, Elsa Sanchez de Oesterheld. 2015eko ekainean hil zen Maiatzeko Plazako Amona elkarteko ekintzaile historikoa. Argentinako Telebista Publikoarekin egin zuen elkarrizketa sakon batean, horrela gogoratzen zituen Sanchezek familia artean zoriontsua izan zen urteak: «Nire etxea unibertsitate bat bezalakoa zen, Argentinan garai horretan zeuden marrazkilari ezagunenak bertatik pasatzen ziren. Izugarri gustatzen zitzaidan beraiekin guztiekin partekatzea; beraz, ez zitzaidan inporta etxera etortzea. Jorge Luis Borges idazleak berak irakasle bezala hartu zuen Hector; zientzia-fikziozko nobela bat idatzi nahi zuen, baina ez zitzaion Hectorri bezala ateratzen eta laguntza eskatu zion. Nerabe asko ere etortzen ziren, senarrak egiten zituen aldizkariak, komikiak eta abar ikustera. Eta lau alaba nituenez, ondoren alabak ikustera gazte asko etortzen zen. Hectorrek sormen gaitasun izugarria zuen, baina ez zioten utzi gailurrera iristen. Gure alabek miresmen izugarria zioten aitari, eta Hector gazte belaunaldi horrekin eta haien militantziarekin maiteminduta zegoen. Nik berarekin eztabaidak izaten nituen horren inguruan. Estatu-kolpearen ostean eta gauzak okertzen joan ziren heinean, neskak militantziatik ateratzeko eskatu nion, berak jada 60 urte zituela eta zer egiten zuen bazekiela, baina alabak salbatzeko. Ez zela ezer gertatuko esan zidan. Nire ustez, gure alaben bila joan ziren Hector harrapatzeko, klandestinitatean baitzegoen. Saiatu naiz gorrotoaren sentimendutik babesten». Bahitu zuten lehena Beatriz Marta Oesterheld izan zen, 1976ko ekainaren 19an, Villa La Cava auzora zihoanean, San Isidron. 19 urte zituen. «Antzeman zuten egunean bertan taberna batean elkartzea proposatu zidan. Militantzia uzteko asmoa zuela esan zidan. Medikua izan nahi zuen, baina ez pazienteak kontsultategian ikusten dituen mediku horietako bat. Berak Che Guevararen antzera oihanera joan nahi zuen, edo auzo txiroetan medikuntzan jardun. Egun horretan eraman zuten eta bere gorpua da errekuperatzea lortu dudan bakarra», kontatu zuen Sanchezek, aipaturiko telebista programan. Uztailaren 7an deitu zioten Virreyseko komisariatik, bere alaba hilda zegoela jakinaraziz. Bertsio ofizialaren arabera, enfrentamendu batean hil zen. Lurperatu ahal izan zuen alaba bakarra izan zen. Hiru hilabete beranduago, haren bikotea, Carlos Domingo Della Nave, harrapatu zuten. Desagertuta jarraitzen du. Diana Irene Oesterheld 22 urte zituela desagerrarazi zuten, 1976ko abuztuaren 7an, San Miguel de Tucumanen. Bere bikotea, Raul Ernesto Araldi, 1977ko uztailaren 31n harrapatu zuten kalean, Tucumanen hau ere. Zaurituta zegoela eraman zuten. 2010. urtean bere gorpuzkiak identifikatu zituen Argentinako Auzitegiko Antropologia Taldeak (EAAF). Tucumaneko hilerri batean lurperatuta zegoen NN gisa. Ricardo Darin, telesailaren aurkezpenean. (EUROPA PRESS) Sei hilabetez haurdun zegoen eta urtebeteko seme bat zuen, Fernando. Bertsio batzuen arabera, Campo de Mayo atxiloketa gunera eraman zuten erditzea. Fernando, bien bitartean, NN bezala utzi zuten ume abandonatuen etxe batean. Aitaren aldeko aitona-amonek errekuperatu zuten. «Izugarria da nola hil zuten Diana. Ezin da sinitsi ere egin urtebeteko haur bati eta haurdun zegoen neska bati egin zietena. Modu bortitzenean torturatu zuten. Zianuro pilula bat hartuta bere buruaz beste egiten saiatu zen, baina urdailetik kendu zioten, bizirik jarraitzeko eta gehiago sufritzeko. Istorio hau ez da bukatuko ni hil arte, zeren gure lau alaba eta nire senarra dira», adierazi zuen Sanchezek. Estela Ines alaba zaharrena zen. 1977ko abenduaren 13an, Raul Mortola bikotearekin bizi zen etxea tirokatu zuten. Lekukoek eta bizilagunek esan zutenez, Mortolak tiro egin zuen Estela Inesen ihesaldia ahalbidetzeko, baina tiroz zauritu ondoren hil egin zuten, nahiz eta lau hilabetez haurdun zegoen. 25 urte zituen. Mortola ere hil egin zuten. Militarrek bikotearen semea hartu zuten, Martin Mortola, hiru urte eta erdiko haurtxoa. Ordurako atxilotuta-bahituta zegoen aitonarekin eraman zuten El Vesubiora, Hector bera gehiago torturatzeko. Elkarrekin egon ziren ordu batzuez. Mortolak berak aditzera eman duenez, aitonarekin egon zen denbora tarte hori da bere bizitzako lehen oroitzapena. Marina zortzi hilabetez haurdun zegoen. 1977ko azaroaren 27a eta abenduaren 5a bitarte bahitu zuten. Bere semea edo alaba 1977ko abenduan edo 1978ko urtarrilean Campo de Mayon jaio zela uste dute Maiatzeko Plazako Amonek. Telesailaren arrakasta baliatuta, H.I.J.O.S antolakundeak eta Maiatzeko Plazako Amonek Diana Irenek eta Marinak izan zituzten haurren eta aurkitzeko falta diren biloben bilaketari bultzada bat emateko kanpaina abian ipini dute sare sozialetan. «‘El eternauta’ ikusten ari zara? Zure nortasunaren inguruan zalantzak badituzu edo desagertuen seme-alaba izan daitekeen norbait ezagutzen baduzu, jarri gurekin harremanetan. Bilaketak jarraitu egiten du», bota dute X sarean eta Instagramen, telesailaren kartelarekin eta Oesterheld familiaren argazkiekin batera. Ekimena eraginkorra izan da, norberaren identitateaz zalantzak dituztenen kontsultak sei aldiz biderkatu baitira azken asteetan. Zalantzak dituztenei edo lapurtutako seme-alabei buruzko informazioa izan dezaketen pertsona orori, bitarteko ofizialen bitartez, Maiatzeko Plazako Amonekin harremanetan jartzea eskatu diete. «Zalantza bat dagoenean, zalantza hori egiarekin apurtu behar da», plazaratu du Maiatzeko Plazako Amonak elkarteko presidenteak, Estela de Carlottok. Bere hitzetan, «lan egiteko premia handia dugu, Gobernu hau -Javier Mileirena- etsaia baita eta ez baitigu inolako dirulaguntzarik emango, existitzen garenetik eman ez diguten gisa». «Kasu batzuetan, lapurtu edo hil zituzten guztien nortasuna bilatu behar da. Daukadan adina daukat, baina borrokan jarraitzeko gogoa dut», nabarmendu du Carlottok. Elkarteko idazkaria den Manuel Gonçalves Granadak zehaztu duenez, «‘El eternauta’ ikusten egon daitezkeen 300 gizon eta emakume bilatzen ari gara, Arteak beti zabaltzen ditu buruak eta bihotzak. Amonek aliatu handi gisa hartu zuten aspaldi artea», adierazi du. Gonçalves Granada bera errekuperatzea lortu duten biloba bat da. Telesaileko protagonista den Ricardo Darinek ere filmak izan duen oihartzuna txalotu du. «Hunkitu egiten nau ikusteak ‘El eternauta’-k zer jakin-min eragin duen beraien benetako identitatearekin zalantzak dituzten horiengan».