24 MAY. 2025 - 00:00h Blanca Serraren testigantzak torturen salaketari hauspoa ematea espero dute Euskal Herrian ondo baino hobeto dakigu Estatu espainolean egindako torturen salaketa zein ariketa zaila den. Ekinbide guztiek horma batekin topo egin dute, baina Blanca Serra militante katalanak gai hauetaz arduratzen den fiskalaren aurrean deklaratzeak ikusmina piztu du. Blanca Serrak -erdian, ibiltzeko zailtasunekin- lagun askoren babesa izan zuen Fiskaltzaren aurrean testigantza emateko auzitegira joan zenean. (EUROPA PRESS) Iker Bizkarguenaga Memoriarentzat egun handia da honakoa». Hala adierazi zuen iragan astelehenean Blanca Serra i Puig (Bartzelona, 1943) filologo eta militante independentista katalanak. Eta haren hitzek bazuten zentzua; izan ere, frankismoaren garaian torturak pairatutako pertsona batek lehenengo aldiz deklaratu zuen zehazki horretaz arduratzen den fiskal baten aurrean. 2018an zendu zen bere ahizpa Eva bezala, 1977 eta 1982 bitartean Blanca Serra lau aldiz pasa zen Polizia espainolaren Via Laietanako komisariatik, eta bertan tratu txarrak pairatu zituen. Astelehenean lehenengo atxiloketa horretan jasan zituen torturen testigantza eman zuen Sara Gomez Exposito Memoria Demokratikoaren fiskalaren bulegoan. Justizia egiteko aukerarekin baikorregia ez bada ere, egun garrantzitsua zela nabarmendu zuen, batez ere «gazteriak jakin dezan zer gertatu zen, zer gertatzen den eta zer gerta daitekeen». «Garrantzitsua da baita ere, emakumeek pairatu duten eta oraindik badagoen genero jazarpena ikusarazteko. Justiziaren aurrean salatzea garrantzitsua da», gaineratu zuen 82 urteko militanteak. Ekimenean bidelagun ditu Irídia-Centre per la Defensa dels Drets Humans eta Òmnium Cultural eta Torturen aurkako Munduko Erakundea. ORAIN ARTE, BIDEA ITXITA Fiskaltzak izapideak ireki zituen Serrak -beraren eta bere ahizparen izenean- aurkeztutako salaketaren harira, eta, modu horretan, lehen ikerketa abiatu zuen frankismoaren garaian izandako torturen gainean, horretarako 2022an onartutako Memoria Demokratikoaren Legea oinarri hartuta. Lege horrek, hain zuzen, bidea eman beharko luke «egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak» jasotzeko biktimek duten eskubidea betearazteko. Edonola ere, ez da nolanahiko datua lege hura onartu zenetik hiru urte igaro izana. Ezta orain arte Justizia espainolak frankismoaren krimenak ikertzeari uko egin izana ere, 1977an onartutako amnistiaren legearen aitzakiarekin. Ildo honetan, nabarmentzekoa da Julio Pacheko militante antifrankistaren kasua. Izan ere, 2024ko irailean -Memoria Demokratikoaren Legea onartu ondoren, beraz- Madrilgo auzitegi batek artxibatu egin zuen bera torturatu zuten zenbait poliziaren aurka jarritako salaketa, gertaera horiek preskribatuta zeudela iritzita. KONSTITUZIONALA, ENTZUNGOR Serrak astelehenean egin bezala, Pachekok ere aukera izan zuen jazotako auzitegian kontatzeko, eta ateratzean pozik adierazi zuen «isiltasunaren eta inpunitatearen horma apurtzeko» pausoa zela hura. Bere torturatzaileen artean, Pachekok Jose Manuel Villarejo identifikatu zuen. Polizia espainolaren komisario ohia oso ezaguna da, Estatuaren aparatuetako estolderian urte askotan aritutakoa baita, eta hainbat auzitan inputatuta dago. Ez, ordea, Pachekok sufritutako torturen kasuan, Madrilgo auzitegiak hala erabaki zuelako. Epaileak Auzitegi Konstituzionalaren doktrina aipatu zuen justiziari ateak ixteko. Izan ere, hiru hilabete lehenago, pasa den urteko ekainean, Konstituzionalak entzungor egin zion Memoria Demokratikoaren legeari, eta berretsi egin zuen frankismoaren krimenak ez epaitzeko erabakia. Francisco Ventura valentziarrak jarritako errekurtso bati erantzunez finkatu zuen Konstituzionalak bere jarrera. Ventura 1967ko Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan atxilotu zuten, eta hainbat urte eman zituen preso, Tribunal de Orden Publiko delakoak aginduta. Atxilotzean, eta auzitegian bertan, torturak pairatu zituen, eta beste hainbat kide nola torturatzen zituzten ikusi zuen. Baina Valentziako epaitegiak eta Auzitegi Probintzialak ez zuten aintzat hartu bere salaketa. Horiek horrela, Venturak Auzitegi Konstituzionalera jotzea erabaki zuen. Ordurako jadanik indarrean zegoen Memoria Demokratikoaren Legea, eta hori dela-eta ikusmin handia zegoen, ea Konstituzionalak zer erabakiko zuen. Baina zaharrak berri. Osoko Bilkuran, Auzitegi Konstituzionalak erantzun zuen Memoria Demokratikoarena ez dela lege organikoa, eta, beraz, ezin dituela gai honetan indarrean egon diren, eta dauden, irizpideak aldatu. Hainbat lagunek frankismoaren biktimentzat justizia eskatu zuten Julio Pachekok Madrilgo auzitegian deklaratu zuenean. (Jesus HELLIN / EUROPA PRESS) Epaiak zenbait boto berezitu izan zituen, eta Europako Auzitegietara -edo Argentinakoetara- jotzeko aukera irekita dago, baina kolpea izan zen aldaketa bat espero zutenentzat. Urtebete lehenago Carles Vallejoren auziak eragin zuenaren antzekoa. PSUCeko kide honek Via Laietanako komisarian jasandako torturengatik salaketa jarri zuen, baina Bartzelonako epaileak, bere kideek egin bezala, uko egin zion ikertzeari. 2023 zen, Memoriaren Legea indarrean zegoen kasu honetan ere. Aurrekari hauekin, Blanca Serrak gai hauetarako beren-beregi sortutako Fiskaltza baten aurrean deklaratu izanak ikusmina eta, berriro ere, itxaropen printza bat sorrarazi ditu, baina bere neurrian, konfiantza handiegirik gabe. «GAUZA ASKO EZ DIRA ALDATU» Militante independentista katalanak badaki oso zaila dela salaketak ondorio penalik izatea, baina espero du, behintzat, «gaia irekiko dela eta honi buruz hitz egiten jarraituko dela». Bere aburuz, ezinbestekoa da gertatutako guztia mahai gainean jartzea, batez ere egungo gazteriak frankismoaren bortizkeria ezagutu dezan. «Diktadorearen heriotzaren 50. urteurrena bizi dugu, eta aldatu ez diren gauza asko daude», deitoratu zuen Serrak. Ildo honetan, itxaropena agertu zuen, bere kasuak «jarraipen judizialik» ez badauka, behintzat balio dezan Via Laietanako komisarian aurreikusitako egitasmoa aldatzeko. Bertan, memoria gune bat ezarri nahi dute, baina poliziaren erabilerari uko egin gabe. «Onartezina da torturatzaileek eta torturatuek espazio bera konpartitzea», gaitzetsi zuen hedabideen aurrean egindako adierazpenetan. Bere aldetik, Iridia elkarteko zuzendari Anais Franquesak salatu zuen Blanca Serraren salaketarekin irekitako auzia «oso berandu» heldu dela, besteak beste, frankismoaren biktima asko deklaratu gabe hil direlako. Nabarmendu zuen, zentzu horretan, «lan asko» geratzen dela egiteko. «Behar diren aldi guztietan etorriko gara», gaineratu zuen, eta esan zuen frankismoan errepresaliatuen aurka eragindako bortizkeria gizateriaren kontrako krimena dela, eta, beraz, ez duela preskribitzen, «aurkari politikoen kontra erregimen diktatorial batek erabilitako tortura sistematikoa izan zelako». Haren iritziz, diktaduran jazotako torturak «ikertu, epaitu eta kondenatu behar dira, erabateko demokrazia batean bizi nahi badugu». Orain arte, ez da ikertu, ez da epaitu, ez da kondenatu.