11 OCT. 2025 - 00:00h Karmele Urresti, Ondarroari eta herrigintzari estu lotutako emakumea «Karmele» filmak Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren bizitzaren kapitulu bat kontatzen du. Herriarekiko maitasunak eta erresistentziak markatutako bizitza izan zen. Urrestik azken hamarkadak Ondarroan eman zituen, herrigintzan nekaezin. Herriko kaleek gogoan daukate bere pausoa. Goiko irudian, Karmele Urresti Ondarroan izandako protesta batean. Eskuinetik hasita lehenengoa da. (ONDARROAKO EZKER ABERTZALEAREN ARTXIBOA) Amagoia Mujika Asteon iritsi da zinema aretoetara “Karmele”, Asier Altuna zinemagilearen azken lana. Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren bizitza dago oinarrian, Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” nobelatik abiatuta. Ondarroan hezur eta haragi oroitzen dute Karmele Urresti, udalgintzan eta herrigintzan inplikatutako emakumea. Filmean bere bizitzaren parte bat kontatzen da, baina etapa horretatik aparte ere bada zer kontatua. Beste film baterako gutxienez ematen du Urrestik Ondarroan herrigintzan egindako bideak. Mahai borobilean eseri ditugu Txomin Letamendi Urresti -Karmele Urrestiren semea-, Jose Luis Bedialauneta ‘Papardo’ eta Josu Arrizabalaga Badiola. Hirurak daude Urrestiri lotuak, garai berean izan baitziren Ondarroako zinegotzi, 1979ko eta 1983ko legealdietan. Papardo, Arrizabalaga eta Urresti, Herri Batasunarekin. Letamendi, LKIrekin. Ondarroako ezker abertzalearen artxiboan elkartu dira GAUR8rekin, eta hori bera esanguratsua da, bertako apaletan jasota dagoen dokumentazioak eta herritarren memorian jasotakoak ozen kontatzen baitute Karmele Urresti Ondarroari eta herrigintzari sendo lotutako emakumea izan zela, kaleko militantea eta konbikzio sustraituak zituena. Arrizabalaga, Papardo eta Letamendi. Karmelerekin arituak udalgintzan eta herrigintzan. Aritz LOIOLA | FOKU Oraintxe zinematan estreinatu den “Karmele” filmak bizitza grinatsu baten kapitulu jakina kontatzen du, hamar bat urteko tartea, 40ko eta 50eko hamarkadetan kokatua. Gerrak, erbesteak, torturek eta erresistentziak bortitz markatutako bizipenen ondoren, 1975. urtean bueltatu zen behin betiko Urresti Ondarroara, 59 urte zituela. Eta bere izateko moduan zutoin izan zirenei eutsi zien jaioterrian emandako azken sasoian: erizaintza, herria, hizkuntza eta, horiekin batera, justiziaren alde aritzeko grina. «Nik oso desberdin topatzen dut filmeko Karmele eta nik buruan daukadana. Pelikulan ez dut ikusten Ondarroako Karmele, herrian hainbeste lan egin zuena». Jose Luis Bedialauneta Papardo Herri Batasuneko zinegotzi izan zen Ondarroan Karmele Urrestirekin batera. 1981. urtean sartu ziren biak Udalean, beste bi zinegotziren partez. Politikoki urte gogorrak ziren, dena zegoen egiteko eta Euskal Herrian zein Ondarroan giroa tenkatuta zegoen. Eskuz esku aritu ziren herrigintzan lanean Papardo, Josu Arrizabalaga eta Karmele Urresti. Herri Batasuneko zinegotziak ziren. Urresti izan zen, gainera, HBko lehen emakume zinegotzia. Txomin Letamendi Urrestiren semea da eta LKI alderdiko zinegotzia izan zen garai berean. Ama-semeak, bakoitza alderdi batean, biak herrigintzan sutsu. Irudian, 1978. urteko manifestazio bat Donostian. Karmele pankartan dago, ezkerretik bigarrena. ONDARROAKO EZKER ABERTZALEAREN ARTXIBOA TXAPELARI BUELTA EMAN ZION Karmele Urrestik bere bizitzaren parte garrantzitsua Venezuelan eman zuen, gerrak eta gerraosteak behartuta. 1940an egin zuen lehen aldiz bidaia luzea Txomin Letamendi senarrarekin eta Ikerne alaba txikiarekin batera. Tartean Euskal Herrira bueltatu zen, eta 1952an berriz itzuli zen Venezuelara, bizimodua aurrera ateratzera. Erizain bezala lan egin zuen bizitza osoan, bokazio bereziz bizi zuen ofizioa. 1975ean bueltatu zen behin betiko Ondarroara, bere jaioterrira. Aipatu bezala, Herri Batasunaren proiektua sortzearekin batera hurreratu zen Urresti ezker abertzalera. Ordura arte bere ibilbide politikoa Jose Antonio Agirre lehendakariarenera oso lotua egon zen. «Telesforo Monzonek esaten zuen amak buelta eman ziola txapelari. Horrela azaltzen zuen bere aldaketa politikoa», kontatu du Txomin Letamendi semeak. «Ondarroara etortzen zenean Monzonek amaren etxean lo egiten zuen», kontatzen du patxada osoz bere bizitzaren parte bat Letamendik. Bere bizitzak ere ematen du film baterako. «Gure haurtzaroa eta gaztaroa horrelakoxeak izan ziren. Gogoan dut arratsalde batean, hondartzan, Andima Ibiñagabeitiak Jon Miranderen eskutitz bat irakurri zigula. Andimak eragin handia izan zuen amaren bizitzan. Bertan Mirandek kontatzen zion “Haur Besoetakoa” idatzi zuela eta inork ez ziola argitaratu nahi. Caracasen ere saiatu zen Andima, baina inork ez zuen argitaratu nahi. Eta Andimak sekulako maitasuna zion Jon Miranderi, oso harreman estua eta berezia zuten. Horrelako gauzak kontatzen zizkigun Andimak. Gure haurtzaroa eta gaztaroa bereziak izan ziren, baina horrekin geroago konturatu gara». Andima Ibinagabeitiak hiltzen zenerako agindua emana utzi zuen. «Hiltzen naizenean, nire agurrera Urresti, Letamendi eta beste euskaldunen bat bakarrik etortzea nahi dut, beste inor ez». «Guk hilobiratu genuen, Patxi anaiak eta biok eta osaba Jonek. Eta ama ere bertan zen. Gure ama oso pertsona garrantzitsua zen Andimarentzat. Aitak Bilbon esan omen zion ‘Andima, nire emaztea euskalduna da’, eta Andima espresuki etorri zen ama ezagutzera. Geroztik oso garrantzitsuak izan ziren bata bestearentzat», gogoratu du Txomin Letamendik. Monzonen hitzak hartuta, Karmele Urrestik buelta eman zion bere txapelari ideia politikoei zegokienez. Eta horretan Venezuelan bizitakoek parte handia izan zutela uste du bere semeak. «Caracasko Eusko Etxea -Andima Ibiñagabeitiaren arabera ez zen Eusko Etxea, ‘Centro Astuariano’ baizik- nahi moduan maneiatzen zuen EAJk». Euskal Herritik zetozen zenbait albiste politiko ezkutatzeko ahalegina egiten omen zuen EAJk, eta euskararekiko jarrera ere nahiko epela izaten omen zen. Ondarroako emakume kuadrilla manifestazio baten lehen lerroan, tartean dago Urresti. ONDARROAKO EZKER ABERTZALEAREN ARTXIBOA «Erromako kontzilioa izan zen eta mezak nahi zen hizkuntzan emateko aukera zabaldu zen. Andima Ibiñagabeitiak berehala itzuli zuen meza euskarara. Hilean behin izaten zen meza Eusko Etxean, eta bertako parrokoak ez zekien euskaraz. Caracasen baziren beste eliza batzuetan apaiz zeuden euskaldunak, eta haiek bazekiten euskaraz. Beraz, proposatu zen haietako batek eman zezala meza euskaraz Eusko Etxean. EAJkoek galdetu zuten ea zergatik meza euskaraz, askok ez zutela ulertzen. Ama asko haserretu zen eta aurre egin zien, hori ez zuela onartuko esanez», gogoratu du Letamendik. Euskararen aldeko militante sutsua zen Karmele. «Orduan Eusko Etxean esaten zen ETAkoak komunistak zirela. Andimak esaten zion amari, ‘Karmele, ez dakit komunistak diren edo ez, baina batzarrak euskaraz egiten dituzte eta Zutik ere euskaraz dator’», gaineratu du. “Karmele” pelikula lehen aldiz ikusi zuenean, arrotza egin zitzaion Letamendiri. «Filmak kontatzen dituen gertaera denak nik nire azalean bizi izan nituen. Orduan, arraroa egin zitzaidan guztia; hori ez da nire aitona, hori ez da gure kalea, hori ez da gure herria... Bigarren aldiz ikusi nuenean gauza garrantzitsuetan jarri nuen arreta, beste guztia albo batera utziz. Aita eta ama Caracasera joaten dira eta ni han jaiotzen naiz. Han ederto bizi dira, aitak orkestretan jotzen du eta amak klinikan egiten du lan. Aita Agirre lehendakariarekin batzen da eta esaten diote bueltatu egin behar duela Euskal Herrira, eta klandestinitatean sartu. Aita ilusionatu egiten da. Amak, aldiz, Ondarroatik jasotzen dituen eskutitzetan beste errealitate bat jasotzen du. Gauzak oso gaizki daude. Aitona-amonek Karmeleri esaten zioten ez bueltatzeko, gauzak oso txarto zeudela. Baina gurasoak bueltatu egin ziren, eta hortik, aitaren heriotzara». Aita hil zenean bederatzi urte zituen Txomin Letamendik. «Ez daukat aitaren oroitzapenik. Argazkietatik osatu ditut aitaren oroitzapenak. Badut argazki bat Ondarroako hondartzan aitarekin, beste bat San Mamesen... aita lehen aldiz 1946an hartu zuten preso Donostian, eta urtebete eman zuen kartzelan. Gero Bartzelonara joan zen. Hiru-lau urte nituenetik apenas ikusi nuen aita etxean. Ez dut gogoratzen. Pentsa, aita hil zenean Ikerne etorri zen etxera, negarrez, ‘aita hil da’ esanez. Denak negarrez zeuden sukaldean, baina ni ez hotz ez bero geratu nintzen. Gure aitari buruzko gauza asko gero jakin ditut, zuhaitz genealogikoa ere egin dut». KARMELE, HBKO ZERRENDETAN «Nik Karmele 1976. urtearen bueltan ezagutu nuen, oso gaztea nintzela. Bizitzan buelta handia emanda zetorrela ikusi nuen, bizi izan zituenengatik, sufritu izan zuenagatik... Ondarroan batzarrak egiten hasi ginen, politikoki mugitzen, eta Karmele ere azaltzen hasi zen. Nik 21 urte nituen eta Karmelek 59. Gainera, herrira bueltatu berri zen eta ez nuen ezagutzen. Franco hila zegoen, egoera gogorra zen eta Karmelek bere ekarpenak egiten zituen batzar horietan. Horietatik sortu zen 1979an HBko hautagaitza. Papardo eta Karmele ordezko sartu ziren 1981ean, beste bi zinegotzik dimisioa eman ostean. Oso une politiko gogorrak izan ziren», gogoratu da Josu Arrizabalaga. Venezuelatik bueltatu berri zen ia 60 urteko emakumea, herriko batzarretan iritzia emateko eta politikaren lehen lerroan paratzeko prest. «Ondarroako herri batzarretan emakumeek gizonezkoek baino gehiago parte hartzen zuten. Ondarroan beti esaten da herriko motorra emakumeak izan direla. Zergatik? Motibo desberdinak izango dira seguruenik. Horietako bat da gizonek arrantzan itsasoan denbora asko eman dutela. Diru kontuak, seme-alaben hezkuntza eta hazkuntza, herriko kontuak... emakumeen esku geratu izan dira. Manifestazioetan, batzarretan, protestetan... emakumeak dira batez ere mugitzen direnak», azaldu du Arrizabalagak. Karmeleren ekintzailetzaren seinale da Ondarroako Amnistiaren Aldeko lehen kontu korrontearen titularretako bat bera zela. 1977an ireki zuten kontu hori, eta Urrestik babestu zuen. Amnistiaren aldeko lehen kontu korrontea. Urresti dago arduradunen artean. Garai hartan udalgintzan urak oso mugituak zeuden. Berriatua Ondarroara anexionatuta zegoen eta horrek eragina zuen Ondarroako udaleko jardueran. Herri Batasuna eta LKI alderdien arteko harremanak ere ez ziren bareak. «Kalean ere tentsio handia zegoen eta hori udaletxeraino iristen zen», esan du Arrizabalagak. Testuinguru horretan kokatu behar da Karmele Urresti HBn eta bere seme Txomin Letamendi LKIn. «Ia gauza gehienetan ados geunden; presoen gaia, urbanismoko kontuak... baina bagenituen desadostasunak. Horrek tentsioa sortzen zuen herrian. Amarekin izan nuen tentsio uneren bat, baina nahiko ondo joan zen guztia», esan du Letamendik. ETXENIKERI ESKUTITZA Abertzaletasuna, euskara eta erizaintza. Horiek izan ziren Karmele Urrestiren bizitza gidatu zuten zutabe indartsuenetakoak. 1982. urteko azaroaren seian, Karmele Urrestik eskutitz bat idatzi zion Pedro Miguel Etxenikeri, Lakuako Gobernuko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko sailburuari. Honakoa zioen: «Herriko ikastolak bidalita gaur jaso dot Hezkuntza-zailak beraiei bidalitako agiria, ikasleen gurazoei laguntza eskeintzen. Benetan iduritu zait lotzagarria geure herria zapaldu, diskriminatu eta biolintziako egoerara heramaten gaituen iskuntzas Eusko-Jaurlaritza baliatzea, batez ere herri hau euskalduna izanik. Euskadi euskara barik bizikoda baño Euskal-Herria ilkoda eta zuen laguntzarekin asko lehenago». Urte bereko azaroaren 30ean jaso zuen Etxenikeren erantzuna, euskaraz. «Kezkaturik baina era berean pozik irakurri dut erdara hutsean bidali dugun agiria jaso duzulako, haserre biziaz bidaltzen didazun eskutitza. Pozik, hain gurea dugun eta hain maitea dudan euskara, ez erabiltzeak min ematen dioen hainbat euskaldun jator dagoelako. Kezkaturik, nik zuzentzen dudan Sailetik euskararik gabeko agiri bat kaleratu dugulako». Etxenikek barkamena eskatzen zion segidan, eta presaka ibili beharraren ondoriozko “hutsune” bezala azaltzen zuen gazteleraren erabilera. Urrestiren gutunaren tonuak eta edukiak gauza asko kontatzen dituzte ondarroarraren izaeraz eta balioez. Urrestirekin militantzia politikoa partekatzen zutenen ustez, abertzaletasuna eta euskara zituen gidari herrigintzako bere jardunean. «Euskaraz zerbait oker esanez gero, segituan zuzenketa egiten zigun. Hori daukat gogoan», kontatu du Papardok. ERIZAINTZARAKO BOKAZIOA Eta bere bizitzan bazen beste zutabe garrantzitsu bat: erizaintza. Bizitza osoan erizain aritu zen eta Ondarroara bueltatu zenean ere lanean jarraitu zuen. Ondarroako Cikautxo kooperatibako erizaina zen, eta kontsulta propioa ere bazuen. «Erizain zen herriko kooperatiba handienean, zinegotzi ere bazen, eta asko galdetzen zuen han eta hemen. Izugarri ondo ezagutzen zuen herria Karmelek, eta berak interes handia zeukan. Herritik kanpo eman zituen urte asko eta bueltatu zenean asko galdetzen zien herritarrei; zein familiatakoak ziren, zertan egiten zuten lan...», kontatu du Papardok. Bokazio sakoneko erizaina zen. «Jende asko hurreratu izan zait esanez zein erizain ona zen gure ama, nola artatzen eta sendatzen zituen. Estimu handia dio jendeak. Behin, ihesean eta klandestinitatean zebiltzan bi gazte etorri zitzaizkion. Horietako batek sekulako odoluzkiak zituen, handiak. Amak Bilboko zirujau bati deitu zion laguntza eske eta hark egin zion ebakuntza. Beste batean, Alamedan kontzentrazio bat zegoen eta une batean herritar batzuek esan zuten ‘txibato’ bat zegoela bertan. Urduri jarri eta alde egiten saiatu zenean, zuhaitza jo eta aurpegi osoa apurtu zuen. Amak erizaindegira eraman zuen. ‘Zu kontrarioa zara, baina nik sendatu egin behar zaitut’, esan eta sendatu egin zuen», kontatu du Letamendik. Letamendi, Papardo eta Arrizabalaga, Karmele Urrestiri buruz hizketan. Aritz LOIOLA | FOKU IZAERA GOGORREKOA Izaera gogorreko eta ideia sakoneko emakumea omen zen Karmele Urresti. Bere semeak kontatu duenez, «behin kuartelera eraman zuten ama atxilotuta. Han zegoela, ahizpa etxean eta urduri zegoela eta etxera joan behar zuela esan zien poliziei. ‘Señora, está usted detenida’, esan omen zioten poliziek. Eta berak baietz, atxilotuta egongo zela, baina bueltatuko zela beranduago, etxera joan behar zuela ahizparengana. Eta alde egin zuen». Kartzelan ere egon zen, bizpahiru egunez. «Sekulako iskanbila sortu zuen kartzelan, oso zikina zegoela eta ez zituztela presoen eskubideak errespetatzen. Borrokalaria zen egoera guztietan», jarraitu du kontaketa Letamendik. Bere izaeraren erakusgarri, Ondarroa eta Berriatua banatu zireneko beste gertaera bat ekarri du gogora Arrizabalagak. «Ondarroa eta Berrituaren desanexioa zela eta ez zela, EAJk gehiengo osoa zuen, ez zuen inoren babesik behar. Hala ere, akordio batzuetara iritsi ginen mugen inguruan. Berriatuak bere udalbatzar propioa zuen eta batzar orokor bat egiteko geratu ginen denok elkarrekin. LKIko bi zinegotziak, HBko bostak eta EAJko zinegotzi bakarra agertu ziren. EAJko gainontzeko zinegotziak ez ziren agertu. Une batean, han zegoen gizonezko batek -ez zen zinegotzia- esan zuen ‘zuek frankista hutsak zarete’. Karmele bere onetik atera zen, berak bizitzan pasatu zituen gauza guztiak pasatu ondoren norbaitek frankista zela esateak sutu egin zuen», kontatu du Arrizabalagak. Papardok jarraitu du kontaketa, «Karmelek eta biok alde egin genuen batzar horretatik. Ezin genuen han jarraitu, asko haserretu ginen. Karmele emakume ona zen, tratu oso onekoa, baina ernegatzen zenean, asko haserretzen zen. Ingurukoak asko zaintzen zituen. Adibidez, nik askotan izaten nituen belarrietan argizarizko tapoiak, eta beti Karmelerengana joaten nintzen. Erizain ona zen». Ondarroan Herri Batasunak antolatzeko modu bat jarri zuen martxan, oraindik erabiltzen dena. “Kaleetako arduradunak” esaten zitzaien etxez etxe informazioa banatzen aritzen zirenei. «Denak andreak ziren, haiek ibiltzen ziren etxez etxe HBko informazioa banatzen. Karmelek jende asko ezagutzen zuen, erizaina ere bazelako, eta estimatu ere jende askok egiten zuen. Ondarroan emakumeek herrigintzan garrantzi handia izan dute betidanik, baina HBko lehen emakume zinegotzia Karmele Urresti izan zen». Ondarroan kontatu digutenez, oraindik jarraitzen dute kaleetako antolaketa horrekin, baina aspaldiko urteetan “Kaleetako andrak” esaten zaie. Sare hori osatu duten guztiak emakumeak izan direnez betidanik, izenak izana jasotzen du orain. «Garai hartan itxialdi ugari egiten genituen zinegotziek, bai Ondarroan bertan, bai Bilbon... beti zegoen protesta egiteko motiboren bat eta Karmelek asko parte hartzen zuen protesta horietan. Politikoki garai mugituak ziren». Ez ziren garai errazak udalgintzan aritzen zirenentzat. «Beldurra bagenuen, noski. Karmelek ere izango zuen beldurra, baina ez zuen erakusten. Beti aurrera egiten zuen. Justiziaren alde aritzeko indarra zuen», esan du Papardok. Erabakitasun handiko emakumea zen Karmele Urresti, horrela gogoratzen dute Ondarroan. «Ondarroara bueltatu zenean, ez zeukan ezer, bizimodua aurrera atera behar zuen. Venezuelan lan egin zuen, baina ez zuen erretirorik. Eta zerotik hasi behar izan zuen Ondarroan, etxe bat erosi, lan bat topatu... eta herrigintzan sartu zen bete-betean», nabarmendu du bere semeak. Karmele Urrestiren bizitza ez zen barea izan. Joan-etorriek eta astinduek markatutako bizitza bat izan zen. Ama bezala ere ez zen beti presente egon bere seme-alaben bizitzan. Bizimodua aurrera atera beharrak Ondarroatik urrun mantendu zuen, berak eta ingurukoek nahi baino denbora gehiago. 1952an Venezuelara joan zen seme-alabak utzita, eta 1958an elkartu ziren berriro amarekin Ikerne, Txomin eta Patxi. «Venezuelan amarekin bizitu ginen urte horietako oroitzapen oso ona daukat. Amaren falta izan genuen umetan, baina herentzian eman zigun erabakitasuna, balioak, herriaren kontzientzia... Gure amak asko zuen bere aitarena. Beti zeukan aita gogoan. Amak esaten zuen, ‘nik ez banu erizaintza ikasi, laneko buzoa jantzi eta tailerrera joango nintzateke lanera’. Gure aitita horrelakoa zen. Euskal gudarostea sortu zenean erbestean zeuden semeei idatzi zien bueltatzeko esanez. Eta biak bueltatu ziren. Beti zegoen laguntzeko prest, kalean bizi zen familia bati tokia egin zion oilategia konponduta; hamabost errepublikano izan zituen etxean ezkutatuta... beti herriaren alde». Erabakitasuna eta ekintzailetza aitak erakutsi zizkion Karmele Urrestiri. “Malaletxes” esaten zioten Ondarroan. Gerraostean, berez berea zen tailerrean langile bezala hasi behar izan zuen, eta akaso hortik zetorkion haserrearen parte bat. 1975ean Ondarroara bueltatu zenetik 2010ean pausatu zen arteko Karmele Urrestiren bizitzaren parte horrek ere aise ematen du film baterako. Bigarren zatia izan zitekeen. «Nik film horretan kontatuko nuke beti aurrera egiten zuen emakume bat izan zela, borrokalaria bizitzaren alderdi guztietan. Bere senarrak egin zuenari segida bat eman zion berak. Berak bide hori jarraitu zuen herrigintzan eta udalgintzan, oztopo guztiei aurre eginez. Eta esango nuke seme-alabei transmititu diela grina hori, soka ez da eten», bukatu du Arrizabalagak.