31 OCT. 2025 - 14:27h Supituki antzerki taldea eta lehia goiztiarraren eztabaida, aste honetako aurrerapenean Astero bezala, NAIZ Irratiko Zebrabidea saioan izan gara GAUR8ren azken alean bildutako edukien berri ematen. Aurrerapen horretan, bereziki Supituki taldeak Bilbon lantzen duen inprobisazio antzerkiari eta Eskola Kirolak azken hilabeteotan sortu duen eztabaidari egin diegu aipamena. Este navegador no soporta el elemento video. GAUR8 Madrilen, Bartzelonan zein Bilbon gero eta ohikoagoa da inprobisazio antzerkia ikustea, baina gehien-gehienean gazteleraz egina izaten da antzerki hori. Sortu zela oraindik urtebete ere egin ez duen Supituki taldeak, ordea, antzerki inprobisatua euskaraz egiteari ekin dio, eta emanaldiak eskaintzen ari dira Euskal Herrian zehar. Egoitz Aizpuru da taldearen arima eta bihotza, urte luzez antzerki munduan lanean ari den aktore eta aktoreen irakaslea, eta Nerea Lauzirika berekin izan da egiten duten lana ezagutzeko. Aipatu dionez, aspalditik zuen Egoitzek inprobisazio antzerkia euskaraz egiteko ilusioa eta orain prest dira lan hori jendaurrean erakusteko. Eta aste honetako alean jorratu dugun beste gai bat Eskola Kirolean izandako aldaketa eta lehia goiztiarraren inguruko eztabaida izan da. Ezaguna den moduan, Pasaiako familia batek abiarazitako auzibideari erantzunez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 1990eko hamarkadatik ezarria zuen betebehar bat: 13 urtera arteko umeek talde kirolen bat klub batean egin ahal izateko, ezinbestean izena eman behar zuten Eskola Kirolean. Aurtengo ikasturtean aplikatu da lehen aldiz araudi berria, eta behin-behineko datuek erakutsi dute Eskola Kirola programan izena eman duten haurren kopuruak nabarmen behera egin duela. Herriaren arabera zenbakiak desberdinak diren arren, zenbait lekutan beherakada hori %30-40 ingurukoa izan da. Egoera aztertzeko Manu Urbietarekin hitz egin dugu. Futbolari eta entrenatzaile ohia, psikomotrizista ere bada Manu eta esperientzia zabala du gaztetxoen kirolean. Berriki, "Norgehiagoka" izeneko erakusketa ere antolatu du beste zenbait lagunekin batera. Iritzi desberdin asko egon daitezkeela jakinda, gaiari hurbilpen bat egin dugu bere laguntzarekin.