GAUR8

Gaur bezalako egun batean jaio zen Marie-Antoniette, Frantziako azken erregina

Gaur bezalako egun batean jaio zen Marie-Antoniette Habsburgo-Lorrenakoa, Frantziako Antzinako Erregimeneko azken erregina. Bi mende eta piku pasa diren arren erreginak burua gillotinan galdu zuenetik, oraindik interesa pizten du. Horren adibide, bere bizitza zinemara eramana izan den aldiak.

Vigée Lebrunek 1783.ean egin zion erretratoa. (Google Art Project)

Batzuentzat edertasunaren ikonoa eta martiria izan zen; beste batzuentzat, batez ere bere garaian, kaskarina, atzerakoia, friboloa, xahutzailea eta apetatsuaren ospea izan zuen. Maria Antonia Josefa Joana Habsburgo-Lorrenakoa (Viena, 1755eko azaroaren 2a - Paris, 1793ko urriaren 16a), historiara Marie-Antoniette izenaz pasa dena, gaur bezalako egun batean jaio zen.

Austriako Frantzisko I.aren eta Maria Luisaren alaba, 14 urte zituenean, Frantziako eta Nafarroako erregina bilakatu zen, Louis XVI.arekin ezkondu zutenean. Lau seme-alaba izan zituzten, haien artean Louis XVII.a, erregetza jaso ez zuen oinordekoa. 

Bere patua Louis XVI.arena izan zen, inoiz maitatu ez zuen senarraren patua. Erabat aspertzen zuen senarrak, eta kanpoan bilatu zuen maitasuna. Eta maitaleei dagokionez... Versailleseko Le Petit Trianon-en aurkitu zuen babesa. 

Erreginak ez zuen inoiz bere herriaren faborea lortu, ez baitzen gai izan klase behartsuenek izan behar zituzten arazoekin enpatia izateko. Eta garaiko prentsak ez zuen ongi tratatu, Frantziako erregearen ohean aurkitzen ez zuena modu klandestinoan bilatzera ateratzen zen emakume kaskarina bezala erretratatu zutelako. Frantziako Iraultzak eztanda egin zuenean erregeak ihesean harrapatu eta gillotinan akabatu zituzten biak.

Berari buruz gezur handiak esan ziren... eta gezur horiek literatura bihurtu zituen Alexandre Dumasen ‘Le Collier de la reine’ nobelan (1849). Zinemara eraman zuen Sofia Coppolak ‘Maria Antoniette’-n (2006) eta Marie Kreutzer-ek ‘Corsage’-n (2022), eta ballet-eko protagonista bihurtu zuten 2019an Euskadiko Orkestrak eta Malandain Balletak egin zuten ‘Marie-Antoniette’-n.