GAUR8

Duela bost urte hil zen Kenny Rogers country abeslaria

Kenny Rogers Country abeslaria 82 urterekin hil zen Sandy Springsen, Georgian, 2020ko martxoaren 20an, gaurko egunez.

Kenny Rogers gaurko egunez hil zen, duela bost urte.
Kenny Rogers gaurko egunez hil zen, duela bost urte. (WIKIPEDIA)

Kenny Rogers 1938ko abuztuaren 21ean jaio zen, Houstonen, Texasen. 82 urte geroago, Sandy Springsen, Georgian zendu zen, 2020ko martxoaren 20an, gaurko egunez. Country abeslaria izan zen, baita argazkilaria, aktorea eta ekoizlea ere. Bere abesti ezagunetako batzuk dira ‘The Gambler’, ‘The coward of the county’ eta ‘Lucille’.

Kenny Rogers country musikaren leiendatzat hartzen da. 100 milioi diskotik gora saldu zituen AEBetan. Hiru Grammy lortu zituen. 24 aldiz egon zen lehen postuan eta bere 50 kantu baino gehiago egon ziren Top40an.

Houstoneko auzo txiro batean hazi zen eta 20 urterekin garaiko abeslarien kantuak jotzen hasi zen. Jazz klubetan jo zuen eta ‘The First Edition’ taldearekin pop eta country musikako arrakasta batzuk sortu zituen. Taldea desegin zenean, bakarkako bideari ekin zion.

‘Lucille’ -rekin goia jo zuen, baita ‘Coward of the Conty’-rekin ere. ‘The Gambler’ abestia hainbat film eta telebista iragarkitan entzun da. 1980an Grammy saria lortu zuen abesti horren interpretazioagatik.

1979an, ‘She believes in me’ balada erromantikoarekin mundu osoko aitortza irabazi zuen. Gauza bera hurrengo urtean sortutako ‘Lady’-rekin.

‘USA for Africa’ bandako kide izan zen eta ‘We are the world’ ezaguna abestu zuen bere ahots zakarrez. 2017an, osasun arazoak zirela eta, oholtzak utzi zituen. Bridgestone Arenan eman zuen azken kontzertua, Nashvillen.