GAUR8

Gaur 65 urte jazo zen Sharpevilleko sarraskia

Sharpevilleko sarraskia poliziaren errepresioak eragin zuen, 1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Transvaal probintzian. Poliziaren bortizkeriaren ondorioz, 69 pertsona hil eta beste 180 zauritu ziren.

Sharpevilleko sarraskia, artelan bilakatua.
Sharpevilleko sarraskia, artelan bilakatua. (WIKIPEDIA)

Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. Egun honek Sharpevilleko sarraskia oroitzeko balio du. 1948tik aurrera, apartheid politikak indarrean zeuden Hegoafrikan. Eta 1960ko martxoaren 21ean, beltzen mugikortasuna mugatzen zuten legeen kontrako manifestazio baketsua egin zen Sharpevillen. Ehunka manifestari herriko komisaldegirantz joan ziren, gobernuak inposatu nahi zien pasea aldean eraman gabe. Jai giroan egin zuten ibilaldia, kantuz eta dantzaz. Poliziak, ordea, tiro egin zuen haien kontra, eta 69 zibil hil, eta 180 zauritu zituen.

Hegoafrikan eta mundu osoan manifestazio ugari egin ziren Sharpevilleko sarraskia salatzeko. Elkartasun keinu gisa, Albert Luthulik, Nelson Mandelak eta beste buruzagi beltz batzuek beren paseak erre zituzten.

Martxoaren 30ean, 30.000 lagunek hartu zituzten kaleak Lurmutur Hirian sarraskiaren aurka. Ondorioz, Hegoafrikako Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen, eta 11.727 pertsona atxilotu zituzten. Afrikako Kongresu Nazionala (ANC) eta Pan-Afrikar Kongresua (PAC) legez kanpo utzi zituzten, eta alderdi horietako buruzagiek ihes egin, edo klandestinitatera jo behar izan zuten.

Gertatu zena ahantzi ez dadin, 1966tik aurrera Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da urtero martxoaren 21ean.