
Akira Kurosawa Tokion jaio zen, gaurko egunez, 1910ean, eta 88 urterekin hil zen, bere jaioterrian, 1998an. Historiako zinemagilerik garrantzitsuenen artean dago japoniarra, zalantzarik gabe. 57 urteko ibilbide luzean, 30 film zuzendu zituen.
‘Sugata sanshirô’ (Judo handiaren kondaira) izan zen Akira Kurosawaren opera prima, 1943an. Bost hamarkadatan, eragin handiko 30 izenburu zuzendu ditu, hala nola ‘Rashomon’ (1950), ‘Shichinin no samurai’ (Zazpi samuraiak, 1954), ‘Dersu Uzala’ (Ehiztaria, 1975) eta ‘Ran’ (Kaosa, 1985).
1938an hasi zen Kajiro Yamamotoren zuzendaritza-laguntzaile lanetan. Bere lehen filmek kutsu nazionalista argia dute, Bigarren Mundu Gerran hasi baitzen zuzentzen. Gerraren ostean, ‘Yoidore Tenshi’ arrakastatsua sinatu zuen, Toshiro Mifune aktore nagusi zuena. Film horrekin ospea lortu zuen Japoniako zuzendari gazteen artean. Geroztik, Mifunek eta Kurosawak 15 filmetan egin zuten lan elkarrekin.
‘Rashomon’ pelikulak egin zuen ezagun nazioartean. Arrakastak bere lanetan askatasun gehiago eman zion. Steven Spielbergek «zinema garaikidearen Shakespeare» gisa izendatu zuen. Berlin, Venezia, Cannes eta Moskuko jaialdietan saritu zuten, baita BAFTA eta Oscar sarietan ere. 1990ean Ohorezko Oscar Saria irabazi zuen bere ibilbideagatik.