
Germanwingsen 9525 hegaldia Bartzelonako El Prat aireportutik atera zen duela gaur 10 urte, 144 bidaiari eta 6 langile zeramatzala. Düsseldorfeko aireporturako norantza hartu zuen, baina Alpeetako Barcelonnette herriaren inguruan, Trois-Eveches mendizerraren kontra egin zuen talka. Ikerketen arabera, ez zen istripu bat izan eta Andreas Günter Lubitz kopilotuak ondo pentsatutako erasoa izan zen. Ez zen inor bizirik atera, eta hildakoen artean 62 urteko Rogelio Ofizialdegi nafarra zegoen.
Kopilotuak arazo psikologikoak omen zituen, baina Germanwingsek ez zuen haien berri sekula izan. Kutxa beltza aztertu ostean, ikerketek ondorioztatu zuten hegaldia ondo zihoala, eta aireratu eta 40 minututara, komandanteak Lubitzen esku utzi zuela Airbusaren kontrola komunera joateko. Orduan aprobetxatu zuen, kabinan bakarrik zegoela, altuera jeitsi eta abiadura handitzeko, hegazkinak mendien kontra jo zuen arte. Pilotua kabinan sartzen saiatu zen arren, ezin izan zuen kopilotuak atea barrutik itxi baitzuen. Grabazioetan ateari eman zizkion kolpeak entzuten dira.
Arazo psikologikoei aurre egin
Lubitzek 2010ean, bost urte lehenago, lortu zuen hegaldi lizentzia. 2013an hasi zen lanean Germanwingsen. Miodesopsiak –euli hegalariak– zituen, eta horrek ikusmenean arazoak sortzen zizkion. Hori dela eta, oftalmologo askori kontsulta egin zien, baina ez zioten arazoa konpondu. Adituek uste dute, horrek bere arazo psikologikoak areagotu izan zitekeela.
Ikerketaren arabera, egun horretan baja medikua zuela zioen txostena apurtu eta lanera joan zen. Bi urte lehenago joera suiziden ondorioz tratamenduan egon zen. Bere bikote ohiak kontatu zuen ezkontzeko planak zituztela, baina gero eta kontrol gehiago zuela berarengan eta azkenean utzi egin zuela, eta horrek asaldura emozionala sortu zuela Lubitzengan. Berari esan omen zion behin: «noizbait sistema guztia aldatuko duen zerbait egingo dut, eta denek nire izena ezagutu eta gogoratuko dute». Finean, pilotuak bere buruaz beste egin zuen, beste 149 pertsonari ere bizitza kenduz.
Hegazkinetako kabinetako ateak bereziki seguruak dira kanpoko erasotzailerik ez sartzeko. Kanpoan kode bat sartzeko sistema dago, pilotua ondoezik balego sartu ahal izateko, baina pilotuak barrutik sarrera ukatu dezake. Germanwingseko hegaldiarekin gertatutakoaren ostean, sistema ez zen aldatu baina bai jokatzeko era, eta orain gomendioa da tripulazioko bi kide egotea beti kabinan. Gainera, pilotuen osasunaren gaineko kontrolak zorrotzagoak dira, eta arazo mentalei aurre egiteko babes psikologikoa handitu dute. Hala ere, zalantzak daude neurri horien inguruan ez baitira hutsezinak.