7,7 graduko lurrikara batek Birmania astindu du, eta ondorioak ere larriki nabaritu dira Tailandian.
Sismoaren epizentroa Sagaing hiritik 16 kilometrora egon da, Birmanian, 10 kilometroko sakoneran. Lurrikarak 6,4 graduko erreplika gogor bat izan du zonalde berean minutu batzuk geroago.
Lurrikarak gogor jo ditu Tailandiako iparraldea eta Bangkok hiriburua, epizentrotik 1.000 kilometrora. Komertzio eta bulegoak azkar hustu dituzte, ezbeharrik ez gertatzeko, eta metro zein tren zerbitzu batzuk bertan behera gelditu dira.
«Lotan nengoen eta etxetik atera eta korrika atera naiz pijama jantzita nuela», aipatu du Duangjaik.
«Inoiz sentitu dudan dardararik handiena izan da», baieztatu zuen Saik, 76 urtekoa.
«Hasieran uste nuen mareatzen ari. nintzela. Gero lanparak mugitzen ari zirela konturatu naiz», esan du Hongsinuntek, Bangkokeko bulego batean lana egiten duenak.
«Denda batean erosketak egiten ari nintzen seinaleak mugitzen zirela ikusi dudanean. Korrika atera naiz kanpora. Banekien espazio ireki batera joan behar nuela, senak esan dit», azpimarratu du Attapong Sukymnoi brokerrak.
Bangkoken, eraikitzen ari ziren etxe orratz bat erori da, eta gutxienez 43 langile geratu dira hondakinen, burdinen eta zementu-blokeen artean harrapatuta. Poliziaren arabera, ehunka zauritu daude, baina oraindik biktimen kopurua zehazten ari dira.
Sagaing faila
Birmanian, gobernuak larrialdi egoera ezarri du, eta han ere biktima ugari daude, kopurua zehazteke.
Birmanian seismoak egotea nahiko arrunta da. 1930 eta 1956 urteen artean, 7 gradutik gorako sei lurrikara erregistratu ziren, Sagaing failaren mugimenduen ondorioz, herrialde osoa zeharkatzen duena.
Hego-mendebaldeko Asiako hiriak azkar hazten ari dira, eta askotan eraikinak ez dira berme guztiekin altxatzen. Hori dela eta, lurrikaren aurrean bereziki arriskutsuak dira.
Birmaniaren kasuan, gainera, osasun zerbitzua gainezka dago, batez ere nekazal guneetan. 2021eko kolpe militarrak herrialdearen ezegonkortasuna areagotu zuen.