Burrunba handiz, munduko meatze-dragarik handienak Senegaleko Lompoul basamortuko dunak irensten ditu, eta haren ingurumen, gizarte eta ekonomia-ondorioek gero eta kezka handiagoa eragiten dute.
Gau eta egun, bi makina erraldoiek harearen minerala xurgatzen dute. Aurretik hori bera egin zuten nekazaritza lur emankorrekin. Lantegi bat laku artifizial batean kokatu dute. Ura 450 metroko sakoneratik ateratzen dute, eta orduero 7.000 tona ur eta hare xurgatzen ditu makinak. Ozeanoaren haizeak sortutako dunetako ekosistema suntsitzen ari dira.
Eramet enpresa frantsesaren proiektu honek 2014an milaka nekazari mugiaraztera behartu zituen, eta kostaldeko kilometro ugari irentsi zituen bere bidean. Meatze-taldeak mineralak lortzen ditu bere jardueratik, hala nola, zirkoia, ilmenita edo errutiloa, eta horiek esportatu egiten dira eraikuntzan, metalurgian eta zeramikagintzan erabiliak izan daitezen.
Lompoul basamortua leku lasaia den arren, Erametek draga eta lantegiaz aparte, mineralak bereizten dituen beste lantegi bat, Dakarreko porturaino doan trenbide pribatua, etxebizitzak, bulegoak eta errepideak eraiki ditu.
Bitartean, euren etxeak atzean utzi behar izan zituztenek borrokan jarraitzen dute, ez baitute uste justizia egin denik. Izan ere, urteak daramatzate konpentsazio egoki bat eskatzen.
Bertako bizitzetan eragin zuzena
Eramet Lompouleko dunetara iritsi denez protestak areagotu egin dira orain, eta nekazariei sektore turistikoko ordezkariak batu zaizkie industria mota honek dituen eragin kaltegarriak salatzeko.
Enpresari dunak eta lurra kaltetzea, eta ur-errekurtsoak, elikadura segurtasuna eta jarduera ekonomikoak arriskuan jartzea egozten diote. Bertakoek euren bizitza baldintzak okerrera egin dutela diote.
Omar Keïtak bere etxea eta lana utzi behar izan zituen, eta orain bere anaiak utzitako gela batean bizi da bere emazte eta hiru seme-alabekin. Lurrean dagoen koltxoneta batean egiten du lo.
«Erameten proiektu honek nire bizitza suntsitu du eta orain berreraiki egin behar dut. Oso lur emankorrak genituen eta horrek gure bizimodua duintasunez irabazteko aukera ematen zigun. Nire etxea suntsitu zuten eta hona ekarri ninduten. Ez didate eman etxebizitzarik ezta lanean aritzeko lurra ere, besteen soroetan lan egitera ere behartuta nago», dio Keïtak
Orain ustiatzen ari ziren zonaldean zazpi ostatu daude. Horietako seik Erametek eskainitakoa onartu dute, baina Cheikh Yves Jacquemainek bere ostatu ekologikoko 40 langileei konpentsazio egokiak eman ahal izateko negoziatzen ari da.
«Ikaragarria da. Izan ere, horren guztiaren lekuko ez izatea gustatuko litzaiguke. Leku magiko bat da. Jende asko zoriontsu egin dugu. Ametsak saldu genizkien, Senegal estimatu, deskubritu eta maitatzea lortu genuen –aipatu du Jacquemainek– Gaur egun, ingurumenaren suntsipena, habitataren suntsipena, lanaren suntsipena ematen ari dira. Leku apokaliptiko bat da orain».
Enpresak, kontraz, uste du bere konpentsazioak egokiak direla, eta onurak ekartzen dizkiola herrialdeari.
Fréderic Zanclanek, Erameteko zuzendari nagusiak, adierazitakoaren arabera, «gaur egun, meategian eta lantegietan zuzenean aritzen diren ia 2.000 pertsonei lana ematen die proiektu honek. 2.000 pertsona horien artean, %97a senegaldarrak dira. Beraz, tokiko enpleguan onurak ditu».
Diokoul Diawrigne nekazaritza komunitateak, 2022an enpresak aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketa ukatu egin zuen, ministerioak ontzat eman bazuen ere.
Gora Gaye, komunitateko alkatea, ez dago batere ados enpresa inguruan egiten ari denarekin, eta uste du ez dela legezkoa. «Ez dakit nola lortu zuten agintarien baimena, ingurumen-azterketa erreserbekin balioztatu zedin. Ez, inoiz ez zen balioztatu. Entzunaldi publikoan komunitatearen onespena derrigorrezko urratsa da, derrigorrezkoa diot, ingurumen-inpaktua baloratzeko. Beraz, proiektu hau iruzurtzat jotzen dut»