GAUR8

85 urte bete ditu gaur Herbie Hancock jazz musikariak

Herbie Hancock jazz musikari estatubatuarrak 85 urte bete ditu gaur. Sei hamarkada daramatza teklatuak jotzen, bakarka zein taldeka, jazz hutsa joz edo egitasmo nahasiagoetan. 50 diskotik gora, hamabi Grammy sari eta Oscar bat lortuak ditu.

Herbie Hancock Donostiako Jazzaldian, 2022an.
Herbie Hancock Donostiako Jazzaldian, 2022an. (Idoia ZABALETA)

Jazzak bizirik duen izar nagusienetarikoa dugu Herbert Jeffrey "Herbie" Hancock piano-jotzailea. 85 urte bete ditu larunbat honetan. Chicagon, AEBn, 1940ko apirilaren 12an jaioa, piano-ikasketak egin zituen, eta Miles Davisen taldean hasi zen jotzen 1963an.

1970eko hamarkadan, bere taldea eratu eta jazz-fusion estiloa sortu zuen. 1980koan, berriz, scratch musika plazaratu zuen. Aipagarriak ditu orobat ondoko lan hauek: ‘Takin´off’ (1963), ‘Maiden voyage’ (1965), ‘Empyrean isles’ (1965), ‘Blow up’ (1968), ‘Headhunter’ (1973), ‘Rock it’ (1983), ‘Future shocks’ (1983). Oscar saria eman zioten 1987an Bertrand Tavernierren ‘Round Midnight’ filmaren musikagatik. Orotara, 50 diskotik gora eta hamabi Grammy sari lortuak ditu.

Hancockek berak aitortu bezala, Miles Davisek berarengan eragin handia izan zuen. Izan ere, 23 urte zituenetik 28 bete arte jo zuen Milesekin. Davisez gain, Oscar Peterson, Bill Evans, Ray Charles, Lee Morgan edo West Mongomery, izar asko izan ditu bidaide. «Bakarka zein taldean jo izan dut, baina nahiago dut taldekako lana, musikarien artean sortzen den harremanagatik; konplizitatea da garrantzitsuena», esan zuen Hancockek.

2010ean, ‘The imagine project’ kaleratu zuen, Larry Kleinek ekoitzia eta Juanes abeslari kolonbiarraren, Los Lobos taldearen, Wayne Shorter saxofonistaren, Pink abeslari estatubatuarraren, Seal britainiarraren, Anoushka Shankar sitaristaren eta beste artista batzuen kolaborazioak biltzen dituena. Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztu zuen egitasmoa.

Hainbatetan izan da Donostiako Jazzaldian.