Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Genevieve Jeanningros moja birala egin da lagun zuen Aita Santuaren agurrean

Genevieve Jeanningros mojaren izeba, Leonie Duquet, moja hau ere, Argentinan desagerrarazi zuten. Elizaren isiltasunarekin minduta, gutun bat idatzi zion Jorge Bergogliori. Urtetara, adiskidetasun sendo bat sortu zen haien artean, jada Aita Santua zenean.

Aita Santuak 2024ko uztailean Luna Park jolas parkea bisitatu zuen. Bertan lan egiten du Genevieve Jeanningrosek, bere kongregazioarekin, Hermanitas de Jesus.
Aita Santuak 2024ko uztailean Luna Park jolas parkea bisitatu zuen. Bertan lan egiten du Genevieve Jeanningrosek, bere kongregazioarekin, Hermanitas de Jesus. (Francesco SFORZA / GETTY IMAGES)

Motxila berde bat sorbaldan, Genevieve Jeanningros moja Frantzisko Aita Santuaren gorpura gerturatu zen minutu batzuez, isilpean otoitz egitera, Vatikanoak ezarritako protokolo zorrotzari muzin eginez. Arau horien arabera, kardinalak, apezpikuak eta Vatikanoko langileak lehenengoak izan behar ziren Aita Santuaren hilkutxara gerturatzen, eta bere alboan otoitz egiteko gelditzea debekatuta zegoen. Baina Jeanningrosek egin egin zuen. Zerraldoaren alboan zutik gelditu zen, bakarrik, isilpean otoitz egiten. Irudi hori laster birala egin zen, baita bere izena eta istorioa ere. Frantziskok «enfant terrible» izengoitia jarri zion. Beraien arteko adiskidetasuna aspaldikoa zen, nahiz eta hasiera apur bat tirabiratsua izan. Esan daiteke nolabait Argentinako diktadurak elkar gurutzatu zituela.

Jeanningrosen izeba, Leonie Duquet, moja hau ere, 1977ko abenduaren 10ean bahitu zuten militarrek. Egun berean, Maiatzako Plazako Amak elkartearen fundatzaile izan zen Azucena Villaflor eraman zuten. Operazioa, dena den, bi egun lehenago hasi zen, abenduaren 8an, hain zuzen ere, Buenos Airesko Santa Cruz elizan. Bertan, hainbat senide eta giza eskubideen defendatzaile elkartu ohi ziren. Abenduaren 10ean “La nación” egunkarian «Gabon baketsu baten alde, egia nahi dugu» izenburuarekin argitaratzeko asmoa zuten idatzia ordaintzeko dirua biltzen ari ziren.

Abenduaren 8tik 10era bitartean, hiru ama - Maria Ponce, Esther Ballestrino eta Villaflor bera-, bi moja frantses -Alice Domon eta Duquet- eta Angela Aguad, Remo Berardo, Julio Fondevila, Patricia Oviedo senideak eta Horacio Elbert, Raquel Bulit eta Daniel Horane ekintzaileak bahitu zituzten. Operazio horren burua Alfredo Astiz, ESMAko 3.3.2 taldekoa, izan zen. Begi urdineko ile-horiak desagertu baten anaia zela esanez lortu zuen taldean infiltratzea eta amen eta mojen konfiantza bereganatzea. Bilkura horietako batean, ESMAn bahituta zegoen neska gazte bat eraman zuen berarekin, behartuta, bere arreba zelakoan. Inork ez zuen susmatu momentu horretan desagertuta zegoen militante bat zenik. Gerora jakin izan zen Silvia Labayru zela. Leila Guerriero kazetari argentinarrak ederki jaso ditu “La llamada” liburuan Labayruren bizipenak eta infiltrazio operazio horretan torturapean eta mehatxupean parte hartu behar izateak zer-nolako ondorioak ekarri zizkion.

2009ko abenduan GARArekin eginiko elkarrizketan, hitz hauekin gogoratzen zituen Nora Cortiñasek Santa Cruz elizaren militar operazioa eta Astiz bera. Euskal Herriarekin lotura berezia izan zuen Cortiñasek. 2024ko maiatzaren 30ean hil zen, desagerrarazi zuten semea aurkitu gabe. «Oso inozoak izan ginen, desagertu baten anaia zela sinistu genion. Plazara etortzen zen, eta horrela joan zen amak ezagutuz eta pertsona batzuen helbideak eskatuz. Noizbait Azucenaren (Villaflor) etxera ere joan zen, eta lo egiten uzteko eskatu zion. Remo Berardo margolari gaztearekin ere hitz egin zuen; La Bocan zuen estudioa, eta haren anaia desagertuta zegoen.

«Azucenarengan lider natural bat ikusi zuen. Oso emakume ausarta zen, bere izaera erabakigarriarekin motibatu gintuen. Plazan eta ikusten gintuzten leku guztietan egon behar genuela esaten zigun. Esther Ballestrino de Careaga militante politikoa zen bere jaioterrian, eta desagertutako suhi bat eta alaba bat zituen. Maria Poncek lanerako indar berezia zuen. Bahiketa lazgarri eta zorigaiztokoa planifikatzeko, bakoitzaren profila aukeratu eta taxutu zuen», gaineratzen zuen Cortiñasek, eta deitoratzen zuen ez zuela sumatu «gazte atletiko eta hezi hori halako traidorea zenik».

Guztiak ESMAra eraman zituzten. Duquet eta Domon frantsesak zirenez, zalaparta handia sortu zuen haien desagerpenek Frantzian. Ardurak gainetik kendu nahian, marinoek bi mojei argazki bana atera zieten, Montoneros talde gerrillariaren banderarekin. Gobernuaren kontrako talde batek zituela esanez eskutitz bat idaztera behar zituzten. Torturatu ostean, abenduaren 14an, «heriotzaren hegaldi» batean desagerrarazi zituzten. Egunetara, Santa Teresitako hondartzan identifikatu gabeko gorpu batzuk azaldu ziren eta hobi komun batean lurperatu zituzten.

Luna Park-era egindako bisitan, artistekin, ferietako langileekin eta gehiagorekin bildu zen Frantzisko. (Francesco SFORZA / GETTY IMAGES)

2005eko uztailean, Argentinako Auzitegiko Antropologia Taldeari (EAAF) esker 1977an Santa Teresitan azaldutako gorpuak identifikatzea lortu zuten. Azucena Villaflor, Esther Ballestrino, Maria Ponce, Leonie Duquet eta Angela Agudenak ziren. Santa Cruz elizaren lorategian lurperatu zituzten. Jeanningros han izan zen. Meza beteta zegoen arren, Eliza Katolikoaren bururik ez ikusteak erabat mindu zuen. Nola ote zen posible gotzaindegiko ordezkaririk ez izatea bertan? Samin hori barruan zuela, 2005eko urrian, Jorge Bergoglio kardinalari, momentu horretan Buenos Airesko artzapezpikua, gutun bat idatzi zion, Erromara apezpikuen sinodoan parte hartzera zihoala baliatuta. Gutuna Bergoglio zegoen hotelean utzi zuen, bere telefonoarekin. Egun batean, haren deia jaso zuen Jeanningrosek. Eskutitza eta esandako hitzak eskertu zizkion eta desagerpen horien berri bazuela esan zion. Ballestrino lagun zuela - Bergoglioren irakaslea izen zen-, eta bi mojak eta amak Santa Cruz elizan lurperatzeko baimena berak eman zuela aitortu zion.

Zortzi urte beranduago, 2013ko martxoaren 13an, San Pedroko plazan zegoen, Bergoglio Aita Santua izendatu zutenean. Horrela gogoratu du pentsatu zuena: «Eskuak burura eraman nituen. Ene Jainkoa. Zer gertatuko da orain? Hori da pentsatu nuena. Aitortu beharra dut hasieran beldur pixka bat sentitu nuela». Astebete beranduago, apirilaren 20an, Santa Martako erresidentzian, meza batera gonbidatu zuen Aita Santuak.

ELIZAREN ARTXIBOEN IREKIERA

«Samurtasun osoz hartu gintuen. Musu bat eman zidanean, nire bihotza askatu egiten zela sentitu nuen». Handik lau egunetara, Maiatzeko Plazako Amonen presidentea den Estela de Carlottorekin, Buscarita Roa amonarekin eta Juan Cabandie aurkitutako bilobarekin batera, Aita Santuarekin bildu zen. Lapurtutako bilobak aurkitzeko Eliza Katolikoaren artxiboak eskatzeko eskatu zion audientzia horretan Carlottok. Hori egiteko agindua eman zuen Aita Santuak.

Vatikanoaren eta Argentinako Apezpiku-Konferentziaren esku zeuden artxiboen irekierari esker eta urteetako ikerketa mardul baten ostean, “La verdad nos hará libres” liburua aurkeztu zuen Eliza argentinarrak. Unibertsitate Katolikoaren Teologia Fakultateak zuzendu zuen hiru liburukiz osatuta dagoen lana. 1966 eta 1983 artean, Argentinan bizi izan zen biolentziaren eta Estatu indarkeriaren aurrean Eliza argentinarrak eta Vatikanoak berak izan zuten jarrera aztertzen du. Hirugarren liburukian Jeanningrosen lekukotasuna jasotzen da.

«Izeba desagertu zenean, nire anaia Michel eta bere iloba batzuk zer gertatu zen jakiten saiatu ziren, non zeuden eta ea bizirik ote zeuden. Gobernu frantsesak ere saiakerak egin zituen, baina urteetan isiltasun handia egon zen. Sorpresa hartu genuen 2005eko abuztuan Leoniren gorpuzkiak Michelek emandako DNAri esker identifikatu zituztela esan zigutenean. Familia gisa hainbeste maite zuen Argentinan lurperatzea erabaki genuen. Buenos Airesera joan ginen. Antropologoen etxera heldu ginen eta Leoniren eskeletoa ikusi genuen, hezurrak hautsita zituen. Carlo Somigliana auzi-medikuak azaldu zigunez, haustura horiek bat zetozen altura batetik gorpu bat itsasoaren kontra botatzen duzunean sortzen direnekin».

Aita Santua eta Jeanningros, ekitaldi batean. (Francesco SFORZA / GETTY IMAGES)

Argentinara egindako bidaia batean, ESMA bisitatu zuen, eta Alfredo Astizen kontrako epaiketan ere izan zen. «Bere deklarazioa entzun nuen. Lau aldiz begiratu ninduen begietara». 2011n bizi osorako kartzela ezarri zioten ESMAn egin zituzten gizateriaren aurkako delituengatik.

Diktaduraren itzaletik eta elizaren isiltasunetik Jorge Bergoglio eta ondoren Frantzisko Aita Santuarekin sortu zen harremana sendotuz joan zen. Asteazkenero, Jeanningros Aita Santuaren audientzietara joaten zen Vatikanoan, askotan sexu langileak eta transexualak lagunduta.

Jeanningros Erromatik 30 kilometrotara bizi da, Ostiako Luna Park jolas parkean, karabana batean. Zirku eta ferietako munduko pertsonekin lan egiten du, haiei laguntza eskainiz. 2024ko uztailaren 31n, Frantziskok parkea bisitatu zuen bere oporretan.