Landerneau Bretainiako herriak munduko errekorra lortu du 3.076 pottokiz mozorrotutako pertsona elkartzean. Pentsatu dezakegu erronka erraz bat dela mozorrotutako 3.000 pertsona elkartzea, baina Landerneauk 16.000 biztanle inguru izanda ere, topaketa antolatzen duten hirugarren aldia da. Azken bi saiakeretan ez zuten erronka lortu.
«Hau egiten dut honetan dabilen lagun batek animatu ninduelako, eta nire buruari esan nion, ‘zergatik ez?’ baina esan diot lagunari, ‘hau da egiten dudan azken aldia’», aipatu zuen 82 urteko Simone Pronostek. Errekorra lortu dutenez, ez du berriro egin beharko, bere hitzari eutsiz.
«Behintzat eguraldi ona egiten du hemen. Paseo bat ematera goaz. Ziur margen handiarekin irabazten dugula, edo bestela horrela geldituko naiz. Galtzen badugu, horrela jantzita geldituko naiz urte osoa», kontatu zuen 64 urteko Pascal Herryk, Aita Pottokiz mozorrotuta, bizar zuri eta guzti.
Christelle Merour, 52 urteko ileapaintzailea, lanean zegoen pottokiz mozorrotuta:«Dena prest dago, dena da urdina: gu, zerua, tabernetan banatzen dituzten edariak. Pottokiz mozorrotuta bazoaz, edari txiki urdin bat ematen dizute. Ez dakit zer den, baina edaten duzu, denak sartu dira jokoan».
Adin guztietako izaki urdinak
Ondo pasatzeko gogoz gerturatu ziren gazte asko ere bazeuten Landerneaun, baita urrunetik etorritakoak ere. Hori da Albane De la Riviere-ren kasua, Rennesko 22 urteko ikaslea. «Uste dut Alemaniak zuela errekorra... harritzekoa da hau Bretainiako herri txiki bat izatea! beni, edo ez hain txikia... Bretainiako herri handi honek lortuko du errekorra. Aupa Landerneau!», bota zuen lagun batekin zegoela.
Orain arte Lauchringen herri alemanak zuen errekorra, 2019an lortua, 2.762 pottokirekin. Ea zein den Landerneauri errekorra kentzera ausartzen den hurrengo herria. Ziur Euskal Herrian lortuko genukeela!