AFP

Indusketa batean aurkitutako 5.000 urteko ogi errea erreplikatu dute Turkian

Aztarnategi batean aurkitutako ogiarekin egindako lehengaiak berreskuratu nahian, okinek hura erreplikatu dute. Kavilca irinarekin egindako ogiak dilistak eta bulgurra ere baditu, eta horrek ogi arrunta baino nutritiboagoa izatea eragiten du.

Turkiako Eskisehir hirian 5.000 urte dituen ogi baten errezeta berritu dute, eta sekulako arrakasta izan du. 2024ko irailean aurkitu zuten Turkian, ikaztuta eta etxe zahar baten azpian lurperatuta. Arkeologoen arabera, K.A. 3.200. urte ingurukoa da.

«Bere kontserbazio egokirako faktore garrantzitsuenetako bat ogia putzu batean lurperatuta zegoela da. Horrez gain, ezagutzen ez dugun arrazoi batengatik, ogia erreta zegoen, eta horrek ere bere formari eusten lagundu dio», azaldu du Deniz Sarik, Bilecikeko Unibertsitateko arkeologia irakasleak.

Ogia Küllüobako indusketan aurkitu zuten, Eskisehir hiritik gertu. Idatzizko aztarnarik ezean, misterioz beteta daude zibilizazio anatoliar hori eta haren ohiturak, hala nola etxeak lurperatzen zituzten beste leku batera joan aurretik, eta etxebizitza berriak antzinako egituren gainean eraikitzen zituzten, muinoak osatuz.

Ogiari zati bat kendu zioten erre eta lurperatu aurretik, etxebizitza eraiki zutenean, eta horrek oparotasun-erritu bat ekartzen du gogora. Aurkikuntzak, arkeologoetan ez ezik, hiriko agintarietan ere zirrara eragin zuen.

«Uste dut hau erantzukizun historiko bat badela. Opari honen, ondare honen, historia kontatzeko ardura dugu, besarkatu eta etorkizunera eraman behar dugu. Horregatik sortu zen ogi hau ekoizteko ideia. ‘Lurraren eta ogiaren ahots hori entzun dezagun’, esan genuen», aipatu du Ayse Ünlüce alkateak.

Eskisehirreko udal okindegiek lanari ekin zioten orduan. Hainbat analisik frogatu zuten ogia dilista haziekin eta farro irinarekin egiten zela. Legami gisa, oraindik zehazteke dagoen landare baten hostoak erabiltzen zituzten. Farro garia Turkian jada existitzen ez denez, hurbileko barietate bat erabiltzea erabaki zen.

Serap Gulerrek, udal okindegien zuzendariak, azaldu bezala, Küllüobako ogia egiteko lau irin mota nahasten dira, antzinako haziekin eginak. «Kavilca deitzen diogun irin mota batekin dago egina batez ere, gariaren familia berekoa dena. Kalitate nutritibo altua du, dilistak eta bulgurra ere badituelako. Gluten kantitatea oso baxua da», aipatu du.

Küllüobako lehen ogiak, ordu gutxitan agortu ziren. Orain, agintarien helburuetako bat da eskualdean Kavilca gariaren laborantza bultzatzea, gaixotasunekiko eta lehortearekiko erresistentea dena. Alkateak uste du arbasoek lezio bat ematen dietela.