Iker BARANDIARAN

Aldaketaren margoak

Etxetik gertu Israel genozida salatu eta Palestina askatzeko murala margotu zuten BDZko kideek duela hilabete gutxi. Bada, asteburuan, gainera pintura horia botata erdi ezabatu dute. Hemendik hurbil, bidegorri batean ere aurkitu izan ditut Israel salatzen duten antzeko marrazkiak hondatuta.

Bestalde, pozten naiz, oro har gizartean sarraskia ekiditeko ezer gutxi, gutxiegi, egiten badugu ere, gizartea gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari delako larritasunaz eta bidegabekeriaz. Hori ez badago, ez dagoelako… ezer, eta bada lehen pauso garrantzitsu bat.

Izan ere, Israelgo Estatu sionista bere sorreratik tantaz tanta egiten aritu denaren jakitun gara, baina beste alde batera begiratu eta hala egiten utzi diogu luzaroan guk guztiok. Egiten uztea, horren kontra ezer ez egitea, gertaera bat, praktika bat, normalizatzea da. Eta egiten duenari egiten utzita inpunitatea oparitzen diogu, nahi duena egiteko potestate osoa. Gainera, sionistek ekonomikoki beti izan dituzte alde aliatu eta lobby neoliberal garrantzitsuak; eta orain, are eta gehiago, ultraeskuin eta eskuinaren babes osoa ere bai. Lehen kolpean paradoxikoa badirudi ere, esanguratsua da inposatzaileen ideologiak zer-nolako kamaleonikoak diren.

Palestinaren sufrikarioa ez da berria. Aspalditik dator, eta hamarkadatan tantaz tantaz dihardute sionistek palestinarrak erailtzen, haien bizitza proiektuak akabatzen eta lurrak lapurtzen gupidagabe, nazioarteko legedia guztiari bizkarra ematen. Eta ezagun da gure presiorik ezean hala jarraitzen dutela, are eta basatiago.

Tanta horien adibide oso grafikoa da ikusteko aukera izan dudan “No other land”’ dokumental palestinarra. Oscar-a irabazi arren, sionisten presiopean, zentsuratuta dago, bazter guztietan gizarteak horren berri izan ez dezan. Nik bi arrazoi nagusigatik ikusi nuen: Palestinarekin eta herri horren egoera ikusarazteko egiten den ahaleginarekin elkartasunean; eta kontatutako istorioaren jakin-minez. Bada, hain zentsuratua den ikus-entzunezkoan ez da apenas erailketarik erakusten eta, gezurra badirudi ere, odol gutxi isurtzen da, baina funtsean kontakizunaren oinarria sionistek hamarkadatan egiten dihardutena da: indarkeria, inpunitatea, bidegabekeria eta, herri baten duintasuna akabatuta, beraien lurraren lapurreta.

Haien oinarria hori da, herri bat suntsitu eta lurra lapurtzea. Helburua ez da aldatu. Aldiz, aldatu dena da bortizkeria eta erritmo abiada. Lehen zirimiria zena, orain uholdea da. Lehen hondeagailuek banan-banan eraitsitako etxeak, orain ehunka dira bonbardaketa baten bitartez. Lehen tirokatutako gaztea, orain etxerik gabe kanpin denda batean bizi den familia osoaren erailketa da. Erritmoak azkartuz doaz, basakeria biderkatzen. Eta hau ere -orain artekoa bezala- guztion begi bistan gertatzen badabil ere, ez dute gelditu nahi, kolore gorri bizikoa da.

Gauza txikiek mugitu eta aldatzen dituzte arazo erraldoiak. Atzo bertan, fruta dendan datilak erostea otu zitzaidan. Dendariari azaldu nion ez nituela israeldarrak erosiko, eta -amaziga bera- harrotasunez erakutsi zidan marroi koloreko fruituak Palestinatik ekarritakoak zirela.

Eta inoiz ezertan “lohitzen” ez den lagun batek esan dit Palestinaren gaiarekin ez dagoela kolore grisik, beltza baizik. Argi dauka berak ere ezin dela Estatu sionistak egiten duena inola ere justifikatu eta gelditu beharra dagoela. •