
Telesail askok, batez ere polizia-generoetan eta thrillerretan, krimenari aurre egiteko «beharrezkoa dena» egiteko prest dauden heroi gisa erakusten dituzte poliziak, baita horrek arauak haustea badakar ere. Beste serie batzuek, ordea, jarrera kritikoagoa dute eta, zenbait polizia kasuren basakeria erakusteaz gain, Estatuaren errepresio-aparatuak ere salatzen dituzte. Orain dela gutxi arte pentsaezina zirudiena gertatzen ari da: telesailak Estatuaren eta poliziaren gehiegikerien aurkako tresna zorrotz eta eraginkor bilakatzen ari dira.
USTEZKO HEROIAK
Batez ere estatubatuarrak diren pelikulak ikusten hazi gara, non “onek” -jardunean edo erretiratuta dauden poliziak, CIAko agenteak edo agente ohiak, militar ohiak, eta antzekoak-, istorioaren une jakin batetik aurrera, “ezinbestean”, legea urratu behar izaten duten “gaiztoak” harrapatzeko.
Ehunka aldiz ikusi ditugu fikziozko eszenak, non poliziak edo ikertzaileak epailearen agindurik gabe etxe partikularretan sartzen diren, telefonoak legez kanpo zelatatzen dituzten edo atxilotuei tratu txarrak -eta batzuetan tortura- ematen dizkieten.
Fikziozko ustezko “heroi” horiek beti jokatu izan dute arauen kontra, eta urte luzez modu sotil, baina etengabean jaso dugun mezu horrek, agian, batzuen kontzientzian eragin du: indarkeria eta poliziaren bortizkeria normalizatzea ekarri du.
GIZARTEAREN ISPILU
Historikoki, zinema gizartearen ispilu izan da, eta garai bakoitzeko gatazkak, nahiak, beldurrak zein eraldaketak islatu ditu. Azken urteotan, polizia-basakeria jorratzen duten hainbat telesail sortu dira; fenomeno hori ez da hutsetik agertu, gai hori eztabaida publikoaren erdigunean kokatu duten faktore sozial, politiko eta kulturalen konbinazio baten ondorio da.
Gaia, zoritxarrez, Euskal Herrian ongi ezagutzen dugun arren, nazioarteko gorakada horren arrazoi nagusietako bat da gizartean, oro har -bereziki AEBetan-, poliziaren gehiegikerien inguruko kontzientzia handiagoa dagoela. George Floyd afro-amerikarraren hilketak eta Black Lives Matter bezalako mugimenduek, esaterako, nazioartean oihartzun handia izan dute.
Beste faktore garrantzitsu bat ikusleen kontsumo-ohituren aldaketa da. Streaming plataformen gorakadarekin, dirudienez, istorioak kontatzeko sormen-askatasun handiagoa dago, eta telebista kate tradizionalek saihesten zituzten gai konplexu eta polemikoak arakatzen hasi dira. Justizia soziala askorentzat lehentasun bihurtu den testuinguru honetan, indarkeria instituzionala ikusarazten duen edukia sortzea ez da soilik ekintza politikoa: merkatu-estrategia ere bada plataformentzat, harpidetza eta ikustaldi gehiago lortzeko bide.
Poliziaren basakeriari buruzko telesailen gorakada ez da moda iragankor bat, baizik eta gero eta kritikoagoa, informatuagoa, eta justiziarekin nahiz haren gatazken irudikapen zintzoarekin konprometituago dagoen gizarte baten isla. Jarraian, adibide interesgarri batzuk:
WHEN THEY SEE US
NETFLIX
Altsasuko gazteek bizi zuten bidegabekeria gogorarazten duen telesail aparta da. Benetako kasu batean oinarritutako ekoizpen honek AEBetan Central Park Five izenez ezagutzen diren gazteek pairatutakoaren erretratu latza eskaintzen digu: bost gazte errugabe espetxeratu zituzten. Kasu horretan, gainera, poliziaren basakeria, transfobia, AEBetako botere judizialaren akatsak, arrazakeria eta justizia sozialaren inguruko gaiak jartzen dira mahai gainean. Kontakizun gordina eta paregabea da. Lau zatitan egituratuta dago: galdeketen gaua, epaiketa, erreformatorioko egunak eta azken gaztearen kasua -larriena eta bidegabeena- aztertzen dira.
OUSSEKINE
DISNEY+
Kasu honetan, Iñigo Cabacasen izena datorkit burura. 2012ko apirilaren 9an hil zuten Iñigo Cabacas gaztea, Ertzaintzaren gomazko pilota batek buruan jo eta lau egunez koman egon ondoren. 1986ko abenduaren 5etik 6rako gauean, Parisen, ikasleen protesta-mugimendu baten erdian, poliziak emandako jipoiaren ondorioz hil zen 22 urteko Malik Oussekine.
Honako hau bere familiaren borrokari buruzko lau ataleko miniseriea da. Malik Oussekineren izena estatu frantsesean oraindik ezaguna da, indarkeria polizialaren aurkako borrokaren ikur bihurtu delako. Historian zehar hainbeste biktima utzi dituen polizia basakeriaren eta xenofobiaren arteko harreman lazgarri eta zoritxarrez hedatua erakusten duen telesaila da.
Bereziki Oussekine familian zentratzen bada ere, kontakizunak politikaren eta poliziaren ikuspegitik ere erakusten du kasua, eta bereziki azpimarratzen ditu erantzukizunak saihesteko eta hilketa justifikatzeko edozein aitzakia bilatzeko egin zituzten ahalegin gutxiesgarriak. Agerian geratzen dira Estatu frantsesak egia ezkutatzeko erabili zituen trikimailuak. Hunkigarria eta gogorra da, baina klixe eta diskurtso moralizatzaileetatik aldentzen da.
SEVEN SECONDS
NETFLIX
Veena Sud gidoilariak, “The Killing” telesailaren arduradunak, antzeko estiloa mantentzen duen beste telesail bat egin zuen 2018an, tamalez oharkabean pasa zena: “Seven Seconds” telesailean genero kriminalaz baliatu zen AEBetan une hartan hain ohikoa ez zen arrazakeria eta poliziaren basakeriaz hitz egiteko. Nerabe afro-amerikar bat kotxez harrapatzen duten unean abiatzen da istorioa; gidatzen duen poliziak eta bere kideek hiltzen uztea eta gertatu dena estaltzea erabakitzen dute.
ALTSASU
FILMIN-PRIMERAN
Egiari zor, telesaila ez da benetan gertatu zena bezain gordina, eta une batzuetan erdibidean geratzen da, baina polizia zein guardia zibil (eta estatu) indarkeriak aipatzen hasi eta gazte hauen kasua ez nabarmentzea bidegabea izango zatekeen. Aurten “Faisaien Irla” filma estreinatu duen Asier Urbieta da telesailaren zuzendaria, eta gidoilariak, Harkaitz Cano, Mikel Alvarez eta Andoni De Carlos.
Dokumentazio ofizialean deskribatzen diren gertakariak eta une bakoitzeko kronikak dira kontakizunaren bizkarrezurra. Egoera eta giro arrotz batek ezustean harrapatutako pertsonaien bizi-birak kontatu eta fikziora moldatu zituzten. Telesaila sortzeko dokumentazio lan handia gauzatu zuten; kasuan inplikatutako hainbat pertsona elkarrizketatu zituzten eta epaiketaren transkripzioa erabili zuten. Auzipetutako gazteekin zein haien senideekin ere hitz egin zuten. Guardia zibilekin ere hitz egin nahi izan zuten, baina ezezkoa eman zieten.
THE WIRE
MAX
David Simon Baltimoreko poliziaren errealitatea ondoen islatu duen sortzailea dela esan daiteke; iragazkirik gabe, indarkeria egunerokotasunean erabiltzen duten tresnetako bat dela erakusten du. Baltimore hiriaren erretratu sakona eskaintzeaz gain, bost denboraldietako bakoitzak hiriko alderdi sozial eta instituzional desberdin bati erreparatzen dio: droga trafikoa eta polizia lana, langile klasearen errealitate gordina eta ustelkeria sistemikoa (polizia, politika, hezkuntza, komunikabideak…) dira nagusiki jorratzen diren gaiak.
Fikziozko lan honek polizia-indarkeria eta instituzioen porrota modu errealista eta kritikoan erakusten ditu. Ez zen bereziki arrakastatsua izan bere garaian, baina urteekin kultuzko telesaila bihurtu da eta telebistaren historian inoiz egin den onenetarikoa.
SUSPECT: THE SHOOTING OF JEAN CHARLES DE MENEZES
DISNEY+
Estreinaldi handien zerrendetatik bazterrean, isilpean iritsi da “Suspect: The Shooting of Jean Charles de Menezes” telesail laburra, zaratarik atera gabe, ia oharkabean. Jorratzen duen gaiak, akaso, baten baino gehiagoren haserrea eragin du. 2005eko Londresko erasoen testuinguruan, Jean Charles de Menezes brasildarraren istorio tragikoa ardatz duen telesaila da. Terrorista islamista bat zelakoan, poliziak tiroka hil zuen Londresko metroan; errugabea zen.
Aurki 20 urte beteko dira (uztailaren 7an) Londresko garraiobide sistemaren aurka burututako eraso terroristak izan zirenetik. Urte hartan, egun batzuk geroago, uztailaren 21ean, beste eraso bat gauzatzen saiatu ziren; detonagailuak lehertu ziren, baina bonbak ez. Ez zen hildakorik egon eta zapuztutako atentatuko ekintzaileak atxilotuak izan ziren. Atxiloketa operazio horretan, baina, akats tragiko batek beste izen bat gehitu zuen memoriaren zerrenda ilunera: Jean Charles de Menezes brasildarra. Erasotzaileetako batekin nahastu zuten, eta bere etxetik Stockwelleko metro-geltokiraino jarraitu ostean, poliziak, zenbait akats larri egin ondoren, metroko bagoian bertan hil zuen, tiroka, bortizki.
Telesaileko lau atalek gertakariaren une garrantzitsuenak azaleratzen dituzte: atentatuen prestaketa, susmagarrien bilaketa -poliziaren “akats” larriak tarteko-, familia brasildarraren eta giza eskubideen aldeko ekintzaile taldeen haserrea eta aldarriak, filtrazioak, batzorde independentearen lana eta, azkenik, epaimahai bidez egin zen epaiketa. Argi eta garbi, izen-abizenak erabiliz, errudunak seinalatzen ditu, eta poliziaren arduragabetasunak eta gezurrak irmoki salatzen.
ANTIDISTURBIOS
DISNEY+
«Estatu espainoleko Poliziaren Sindikatu Bateratuaren haserrea eragin zuen telesaila»; lerroburu hori izan liteke telesail honen aurkezpen gutunik onena. Estatu espainoleko polizia berezien unitate batean (antidisturbios edo istiluen aurkako polizia deritzona) eta haien inguruan sortzen den ikerketa batean oinarritzen da. Ez da istiluen kontrako polizien irudia zuritzeko sortu den telesail bat; guztiz kontrakoa.
Akzioa eta thriller poliziakoa modu eraginkorrean uztartzen dituen proposamena da, eta pertsonaien garapena erdigunean jartzen duen lehen mailako ikuskizuna. Tratamendu bisuala indartsua eta erakargarria da, eta sei ataletan zehar istorioa estilo sendoz eta koherentziaz garatzen da. Rodrigo Sorogoyen zinemagileak “El Reino” film arrakastatsuan landutako estetika eta narratiba indartsuak berriz ere txertatu ditu lan honetan.
Tramaren erdigunean Madrilgo sei polizia daude; etxegabetze operazio batean parte hartzen ari direla, etorkin bat hiltzen da, eta horrek eragiten du Barne Segurtasuneko ikertzaile Laia Urquijo (Vicky Luengo) kasua aztertzen hastea. Gertakari isolatu eta bakarra zirudiena, apurka, konplexutasun handiagoko sare bihurtzen da, eta poliziaren barruko ustelkeria, presio politikoak eta sistema judizialaren mugak agerian geratzen dira.
WE OWN THIS CITY
MAX
David Simon-en beste telesail batekin amaituko dugu gaurko ibilbidea. Hau ere Baltimoren girotuta dago, eta bertako poliziaren armak arakatzeko indar bereziaren gainbeheraren erretratua eskaintzen du. Justin Fenton kazetariaren liburuan oinarrituta, telesailak konfiskatutako drogen birsalmenta, estortsioa, bortizkeria eta beste hainbat delitu jasotzen ditu.
Istorio hau, bereziki, Wayne Jenkinsen pertsonaiaren bidez kontatzen da -Jon Bernthalek maisuki antzeztua-; unitatearen buru zenaren bizitza iragan eta orainaren artean jauzika azaltzen da (hasieran apur bat nahasgarria izan arren). Begirada ilun eta zorrotza darabil, ustelkeriaz josita dagoen sistema baten salaketa eginez, non zintzotasuna salbuespena baino ez den.